Filosofiaren adarrak eta historia: Antzinatik gaur arte
Filosofiaren adarrak
Filosofiak hainbat adar ditu, bakoitzak gai desberdin bat aztertzen duena. Logikak arrazoibideak eta pentsatzeko moduak aztertzen ditu; metafisikak, berriz, errealitatea eta existentzia. Epistemologiak ezagutza zer den eta nola lortzen dugun ikertzen du, eta antropologia filosofikoak gizakia aztertzen du. Etikak ondo eta gaizki dagoena lantzen du; filosofia politikoak, gizartea eta boterea; eta estetikak, edertasuna eta artea.
Mendebaldeko filosofiaren historia
Filosofia Antzinaroan (K.a. VI. mendea – K.o. I. mendea)
Antzinaroan, filosofiak gizartearen beharrei erantzunez egin zuen aurrera. Lehenik, presokratikoek natura eta haren jatorria aztertu zituzten. Ondoren, sofistek eta Sokratesek gizartea, etika eta politika landu zituzten. Platon eta Aristotelesek, berriz, krisiari erantzuteko sistema filosofiko orokorrak sortu zituzten. Azkenik, helenismoan, eskola moralek norberaren bizitzari zentzua ematea eta zoriontasuna lortzea izan zuten helburu.
1. Presokratikoak (K.a. VII-VI. mendeak)
Presokratikoak mitoetatik arrazoimenera igaro ziren, hau da, naturaren fenomenoak mitoen bidez azaldu beharrean, arrazoia erabiliz azaltzen saiatu ziren. Horretarako, bi kontzeptu nagusi landu zituzten: physis, natura osoa dena, eta arkhé, gauza guztien jatorria edo printzipioa dena. Filosofo bakoitzak arkhé desberdin bat proposatu zuen. Talesen ustez, gauza guztien jatorria ura zen, gauza bizidun guztiek hezetasuna behar dutelako. Hala ere, haren ekarpen garrantzitsuena azalpenak berak bilatzen saiatu izana izan zen. Anaximandrok apeirona proposatu zuen, hau da, mugagabea eta zehaztu gabea. Anaximenesen arabera, arkhé-a airea zen. Heraklitok sua hartu zuen printzipio nagusitzat, eta errealitatearen etengabeko aldaketa defendatu zuen. Horregatik, haren esaldi ezaguna «Panta rhei» da, hau da, dena aldatzen da; ezin gara inoiz ibai berean bi aldiz bainatu. Parmenidesek, aldiz, kontrakoa defendatu zuen: benetako errealitatea izatea da, bakarra eta betierekoa, eta aldaketa zentzumenen bidez jasotzen dugun ilusioa da. Pitagorasek zenbakiak hartu zituen gauza guztien oinarritzat, eta matematika eta musika arimaren purifikazioarekin lotu zituen. Enpedoklesek lau elementu proposatu zituen: sua, lurra, airea eta ura. Elementu horiek bi indar kosmikoren bidez elkartzen eta bereizten dira: maitasuna eta gorrotoa. Azkenik, Demokritok teoria atomista garatu zuen, eta natura atomo izeneko partikula txikiz eta hutsez osatuta dagoela defendatu zuen.
2. Sofistak eta Sokrates (K.a. V-IV. mendeak)
K.a. V. mendean, Atenasko demokrazia garatu zen, eta horren ondorioz, bizitza publikoa, politika eta etika garrantzi handiko gai bihurtu ziren. Sofistak beste leku batzuetatik Atenasera joandako irakasleak ziren, eta gazteei oratoria eta erretorika irakasten zizkieten diruaren truke. Haien helburua eztabaidetan eta bizitza politikoan ondo hitz egiten eta besteak konbentzitzen irakastea zen. Sofista askok erlatibismoa defendatzen zuten, hau da, ez dagoela egia absoluturik eta legeak eta ohiturak gizartearen arabera aldatzen direla. Protagorasen esaldi ezaguna «Gizakia da gauza guztien neurria» da. Sokrates, Platonen maisua, sofisten erlatibismoaren aurka agertu zen, egia unibertsalak bilatu behar zirela uste baitzuen. Ez zuen ezer idatzi, eta haren pentsamendua batez ere Platonen elkarrizketen bidez ezagutzen dugu. Sokratesi egozten zaion esaldi ezaguna «Dakidan bakarra da ez dakidala ezer» da. Horren bidez, ezjakintasuna onartzea ikasteko lehen urratsa dela adierazi nahi zuen. Sokratesen metodoak bi atal nagusi zituen. Lehenengoa ironia sokratikoa zen: galderen bidez, solaskideari bere kontraesanak eta ezjakintasuna ikusaraztea. Bigarrena maieutika zen: galdera egokien bidez, pertsonari bere kabuz egia aurkitzen laguntzea, emaginak erditzen laguntzen duen bezala. Gainera, Sokratesek intelektualismo morala defendatu zuen. Horren arabera, ongia benetan ezagutzen duenak ondo jokatuko du, eta gaizki jokatzen duenak ezjakintasunagatik egiten du.
3. Filosofia klasikoa: Platon eta Aristoteles (K.a. IV. mendea)
Platon eta Aristoteles Antzinako Greziako bi filosofo garrantzitsuenak izan ziren. Platonen filosofiaren arabera, bi mundu bereizi behar dira. Alde batetik, ideien mundua dago, benetakoa, perfektua eta aldaezina dena. Bestetik, mundu sentigarria dago, zentzumenen bidez hautematen duguna eta aldakorra eta inperfektua dena. Platonen ustez, benetako ezagutza ideien mundua ezagutzean datza, eta horretarako dialektika erabiltzen da, elkarrizketaren eta arrazoibidearen bidez egiara iristeko metodoa. Politikari dagokionez, Platonek hiri bidezkoa eta ordenatua nahi zuen. Horretarako, filosofoek edo jakintsuek gobernatu behar zutela defendatu zuen. Gobernu mota horri aristokrazia deitzen zaio, hau da, onenen gobernua. Aristotelesek, Platonen ikasle izan arren, ez zuen haren bi munduen teoria onartu. Haren ustez, gauzak ez daude bi mundutan banatuta, eta errealitatea materiaz eta formaz osatuta dago. Teoria horri hilemorfismoa deitzen zaio. Materiak gauza zer den osatzen du, eta formak gauza horri bere izaera ematen dio. Aristotelesek logika eta zientziaren garapenean ere ekarpen handiak egin zituen, arrazoibideak eta gauzak sailkatzeko kategoriak landuz. Etikari dagokionez, etika eudaimonista defendatu zuen. Horren arabera, gizakiaren helburu nagusia zoriontasuna edo eudaimonia lortzea da, eta horretarako bertutea landu eta arrazoiz jokatu behar da.
4. Grezia klasikoaren gainbehera eta eskola moralak: helenismoa
Grezia klasikoko polisek, hau da, hiri-estatuek, garrantzia galdu zutenean, filosofiaren helburua aldatu egin zen. Filosofoek ez zuten soilik gizartea eta politika aztertu nahi; norberaren zoriontasuna eta barneko lasaitasuna lortzeko moduak ere bilatu zituzten. Lasaitasun mental horri ataraxia deitzen zaio. Helenismoan hainbat eskola moral sortu ziren. Hedonismoak, Aristipok defendatua, zoriontasuna plazerraren bilaketan oinarritzen dela zioen. Estoizismoak, Zenon, Epikteto eta Senekak defendatua, desioak eta pasioak kontrolatzea eta arrazoiaren arabera bizitzea proposatzen zuen. Zinismoak, Diogenesen eskutik, bizimodu sinplea eta naturala defendatzen zuen, gizartearen ohiturak eta arauak kritikatuz. Epikureismoak, Epikurok sortua, mina saihestea eta plazer neurtua bilatzea proposatzen zuen. Epikuroren ustez, laguntasuna, lasaitasuna eta beharrizan gutxiko bizitza funtsezkoak dira zoriontasunerako. Azkenik, eszeptizismoak, Pirronen eskutik, gauza askori buruzko ziurtasun absolutua lortzea ezinezkoa dela defendatzen zuen. Horregatik, epaia emateari uko egiteak edo epaia eteteak barneko lasaitasuna ekar dezake.
Filosofia Erdi Aroan (V-XV. mendeak)
Erdi Aroan, Eliza Katolikoak mendebaldeko pentsamenduan eragin handia izan zuen, feudalismoaren garaian. Garai hartako filosofiaren helburu nagusia fedea eta arrazoia uztartzea izan zen, Jainkoaren existentzia eta erlijioaren egiazkotasuna ulertzen saiatuz. Lehenengo etapa patristika izan zen, eta haren ordezkari nagusietako bat San Agustin izan zen. San Agustinek Platonen ideiak erabili zituen kristau-doktrina defendatzeko. Haren pentsamenduan, fedeak lehentasuna zuen, eta arrazoia fedearen edukiak ulertzeko erabiltzen zen. Horren adierazgarri da «Sinesten dut, ulertzeko» esaldia. Bigarren etapa eskolastika izan zen. Garai horretan unibertsitateak sortu ziren eta Aristotelesen filosofia berreskuratu zen. San Tomas Akinokoa izan zen ordezkari nagusietako bat. Haren ustez, Jainkoa bi bideren bidez ezagutu daiteke: errebelazioaren bidez, Bibliaren eta fedearen bitartez, eta arrazoimenaren bidez, behaketa eta logika erabiliz. Azkenik, XIV. mendean, eskolastikaren gainbehera gertatu zen. Garai horretan, fedea eta arrazoia bereizteko joera indartu zen. William Ockhamen pentsamenduak eragina izan zuen aldaketa horretan, eta filosofia eta teologia modu bereiziagoan aztertzen hasi ziren.
Filosofia Aro Modernoan (XV-XVIII. mendeak)
Aro Modernoan, Errenazimendua sortu zen, Antzinate klasikoko pentsamendua eta kultura berreskuratzeko helburuarekin. Erdi Aroko teozentrismotik, hau da, Jainkoa erdigunean jartzen zuen ikuspegitik, antropozentrismora igaro ziren pixkanaka, gizakia eta haren gaitasunak aztertzeko. Hala ere, Elizaren eta pentsalari berrien artean gatazkak egon ziren. Garai honetako oinarri nagusietako bat Ilustrazioa izan zen, arrazoia, hezkuntza eta gizartearen aurrerapena defendatzen zituena. Gainera, zientzia modernoa garatu zen, Galileo eta Newton bezalako zientzialarien ekarpenekin. Haien arabera, natura lege matematikoen bidez azter eta uler daiteke. Aldaketa sozial eta ekonomiko handiak ere gertatu ziren: merkataritza handitu zen, burgesia garatu zen eta estatu modernoak indartu ziren. Aldi berean, monarkia absolutua hedatu zen, baina Elizaren boterea eta erlijioaren egiarekiko monopolioa zalantzan jarri ziren, besteak beste, Luteranismoaren ondorioz.
Ezagutzaren teoriari dagokionez, hiru korronte nagusi sortu ziren. Arrazionalismoak, Descartesek defendatua, arrazoia ezagutzaren iturri nagusia dela zioen, zentzumenek batzuetan engainatzen gaituztelako. Descartesen esaldi ospetsua «Cogito, ergo sum» da, hau da, «Pentsatzen dut, beraz banaiz». Dena zalantzan jar dezakegu, baina pentsatzen ari garela ezin dugu ukatu. Enpirismoak, Locke eta Hume filosofoek defendatua, ezagutza esperientziatik datorrela zioen. Ikuspegi horren arabera, zentzumenek eta bizipenak funtsezkoak dira ezagutza eskuratzeko. Kritizismoak, Kantek garatua, bi ikuspegiak uztartu zituen: ezagutza esperientziarekin hasten da, baina arrazoimenak ere parte hartzen du ezagutza antolatzeko. Kantek etikaren arloan inperatibo kategorikoa proposatu zuen. Horren arabera, gure ekintzak unibertsal bihur daitezkeen arauen arabera egin behar ditugu, hau da, beste guztiek ere arau bera jarraitzea nahi genukeen aztertu behar dugu.
Filosofia politikoan, hainbat pentsalarik gizartearen antolaketa eta boterearen jatorria aztertu zituzten. Makiavelok politika eta morala bereizi zituen, agintariek boterea eta estatua mantentzeko estrategiak erabiltzen dituztela azalduz. Hobbesen arabera, gizakia berekoia da naturaz, eta ordena eta segurtasuna bermatzeko estatu boteretsua behar da. Lockek, aldiz, gizakiek berezko eskubideak dituztela defendatu zuen, eta estatuaren helburua eskubide horiek babestea dela. Montesquieuk botereen banaketa defendatu zuen, boterearen gehiegikeriak saihesteko. Rousseauren ustez, gizakia ona da naturaz, baina gizarteak hondatu dezake. Horregatik, berdintasuna eta herriaren subiranotasuna bermatzeko gizarte-hitzarmen berri bat proposatu zuen.
Filosofia XIX. mendetik aurrera
XIX. mendea: susmoaren filosofoak
XIX. mendean, hiru pentsalari garrantzitsuk mendebaldeko gizartearen eta pentsamenduaren oinarriak kritikatu zituzten: Karl Marxek, Friedrich Nietzschek eta Sigmund Freudek. Horregatik, susmoaren filosofoak deitzen zaie. Karl Marxek kapitalismoa kritikatu zuen, langileak ustiatzen dituela eta burgesiaren interesak babesten dituela argudiatuz. Haren ustez, filosofiak ez du mundua azaltzeko bakarrik balio behar, mundua eraldatzeko ere balio behar du. Friedrich Nietzschek mendebaldeko kultura eta kristau-morala kritikatu zituen. «Jainkoa hil da» esaldiaren bidez, mendebaldeko gizartean erlijioak zuen agintea eta balio tradizionalen indarra galtzen ari zirela adierazi zuen. Horren aurrean, gizakiak bere balioak sortu behar dituela defendatu zuen, gain-gizakiaren ideiarekin lotuta. Sigmund Freudek, psikoanalisiaren sortzaileak, gizakia ez dela guztiz arrazionala azaldu zuen. Haren arabera, inkontzienteak, ezkutuko desioek eta barne-gatazkek gure jokabidean eragin handia dute. Gainera, gizarteak gure desio batzuk erreprimitzen dituenez, barne-gatazkak eta zorigaiztoa sor daitezke.
XX. mendea: korronte nagusiak
XX. mendean, aurreko mendeko ideiak garatu eta berritu egin ziren. Marxismoak Marxen ideiei jarraitu zien, Leninen moduko pentsalarien bidez, eta beste korronte batzuek kultura eta gizartea aztertu zituzten ikuspegi marxistatik. Filosofia analitikoak hizkuntza, logika eta argudioen egitura aztertzen ditu, arazo filosofikoak zehaztasunez argitzeko. Postmodernismoak, berriz, egia absolutuen eta azalpen unibertsal bakarren aurrean zalantza agertzen du, eta errealitatea interpretatzeko modu desberdinak daudela azpimarratzen du. Azkenik, feminismoak eta gizarte-kritikak genero-desberdintasunak, botere-harremanak eta gizartean dauden zapalkuntza-moduak aztertu dituzte. Judith Butler bezalako pentsalariek generoaren eta identitatearen inguruko ikuspegi berriak garatu dituzte.
Hiztegia
Filosofiaren historian hainbat kontzeptu garrantzitsu erabiltzen dira. Arkhé gauza guztien jatorria edo printzipioa da; adibidez, Talesentzat ura zen. Physis natura da, eta naturako fenomenoak arrazoimenaren bidez azaltzea esan nahi du. Eidos formari edo egiturari dagokio: Platonentzat esentzia edo ideia da, eta Aristotelesentzat gauza bakoitzari bere izaera ematen diona. Hilemorfismoa Aristotelesen teoria da, eta gauza guztiak materiaz eta formaz osatuta daudela dio. Maieutika Sokratesen metodoa da, galderen bidez pertsona bati bere barruan dagoen egia aurkitzen laguntzean datzana. Aristokrazia onenen gobernua da, eta hitza aristos (onena) eta kratos (boterea) hitzetatik dator. Kratos boterea edo gobernua da, demokrazia eta aristokrazia bezalako hitzetan agertzen dena. Cogito, ergo sum Descartesen esaldi ospetsua da, «Pentsatzen dut, beraz banaiz» esan nahi duena. Azkenik, polis Antzinako Greziako hiri-estatua zen, eta garai hartako antolaketa politiko eta sozialaren oinarria izan zen.