Filosofia Politikoa: Gizartea, Estatua eta Boterea

Psikologia eta soziologia4,54 KB

Gizartea eta Gizakiaren Gizartekoitasuna

Gizakiok, gure izaeragatik, beste gizaki batzuekin taldean bizitzeko joera dugu. Joera horri gizartekoitasuna deitzen diogu, eta biziraupenerako egin beharrekoak eta ardurak partekatzean datza.

Zergatik gara Gizartekoiak?

Bi ikuspuntu nagusi daude:

  • Interesagatik: Thomas Hobbes eta Freuden ustez, biziraupenak bultzatzen du gizakia gizartean bizitzera, ez gizaki gisa errealizatzeko joerak. Besteak nahiak betetzeko etsaiak edo bitartekariak dira.
  • Berezko Joera: Aristoteles eta Frommentzat, gizakia izatez osatugabea da eta besteen beharra du. Taldean bizitzea funtsezko beharra da, garatzeko modu bat.

Estatuaren Kontzeptua

Terminoaren Sorrera eta Bilakaera

Estatua kontzeptua lehen giza antolamenduetan sortu zen, kide bat edo batzuk taldearen bizitza zuzentzeaz arduratu zirenean. Hasieran, estatua politikoki antolatutako gizartea izendatzeko erabiltzen zen.

Estatuaren Esanahia Gaur Egun

Gaur egun, zentzu hertsiagoan ulertzen dugu estatua. Makiavelok definitu zuen bezala, estatua lurralde jakin batean botere iraunkor eta ukaezina duen egitura politikoa da. Botere hori bakarra eta esklusiboa da. Beraz, estatua lurralde baten gaineko botere subiranoa da, zenbait administrazioren bidez gauzatzen dena, eta indarkeria legitimoki erabiltzeko ahalmena duena.

Estatuaren Ezaugarriak

  • Mugen barruan dagoen lurralde osoan du boterea. Bertan dagoen pertsona edo erakunde oro haren araupean dago.
  • Subirano gorena da.
  • Bere eginkizun nagusia ordena zaintzea da, lurraldeko kideak kanpoko nahiz bertako mehatxuetatik babestuz.

Estatuaren Beharra eta Jatorria

Estatuaren Beharraren Inguruko Eztabaida

Bi ikuspuntu nagusi:

  • Anarkismoa: Estatuaren aurkako jarrera da. Anarkismoaren arabera, estatua ez da beharrezkoa, aberatsek eta boteretsuek herria zapaltzeko erabiltzen baitute, gutxi batzuk guztien aberastasunaren jabe egiteko. Gizakia, berez, ona da, eta elkartasuna da beharrezkoa, ez estatua.
  • Estatuaren Aldekoak: Estatua beharrezkoa da, hainbat arrazoirengatik:
    • Indarkeriaren monopolioa bereganatuz, indarkeria egoerak mugatu eta kontrolatzen ditu.
    • Taldean bizitzeak berezkoak ditu lehia eta norgehiagoka. Estatuak bakarrik eragotz dezake horiek gizartearen egonkortasuna haustea.
    • Gizabanakoak helburu pertsonalak lortzeaz arduratuta gaudenez, beharrezkoa da guztion ongiaren alde egingo duen instituzio bat. Botere politikoa zentralizatu behar da.

Teoria Kontraktualistak

Teoria hauen arabera, estatua kontratu baten ondorioa da. Pentsalari hauek gizarte antolaturik gabeko egoera bat irudikatzen dute, naturazko egoera deiturikoa, eta egoera horretatik abiatuta, estatuaren sorrera justifikatzen dute.

  1. Thomas Hobbes: Estatu autoritarioaren alde egiten du.
  2. John Locke: Ordezkaritzazko demokraziaren aldekoa da.
  3. Rousseau: Zuzeneko demokrazia proposatzen du.

John Stuart Mill: Estatuaren beharra onartzen du, nahiz eta gaitz bat dela uste duen. "Beharrezko gaitz" gisa definitzen du.

Estatu Motak

Estatu Autoritarioa

  • Boterea duenak mugarik gabe erabiltzen du bere aginpidea.
  • Gobernariak ez dira herriak aukeratzen.
  • Ez dago desadostasunak adierazteko aukerarik.

Estatu Autoritario Motak

  1. Estatu Absolutista: Eskubideak subirano batek ematen ditu, eta hark mugarik gabe erabiltzen ditu (Thomas Hobbesen eredua).
  2. Estatu Totalitarioa: Estatu absolutistaren antzekoa da, baina gizabanakoaren eremu pribatua ere kontrolatzen du (faxismoa, nazismoa).

Zuzenbidezko Estatua

  • Legeen bidez araututa dago.
  • Botere politikoa ezin da arbitrarioki erabili.
  • Helburua: gizabanakoaren eskubideak estatuak egin ditzakeen gehiegikerietatik babestea.

Zuzenbidezko Estatuaren Ezaugarri Nagusiak

  1. Konstituzioa: Estatuaren oinarrizko printzipioak biltzen dituen testua da. Lege gorena da, eta hark arautzen eta egituratzen du zuzenbidezko estatuaren funtzionamendua.
  2. Botere Banaketa (Montesquieu): Botere legegilea, betearazlea eta judiziala bereizita daude. Botere bakoitzak besteei kontrapisua egiten die, botere autoritarioa eragotziz.

Deskargatu

PDF Word HTML