Fernando VII.a eta 1812ko Konstituzioaren Deuseztapena

Historia3,95 KB

Testuaren Azterketa eta Testuinguru Historikoa

Testu hau, lehen mailakoa dela esan dezakegu, idazleak historian parte hartu duelako. Testu juridikoa da, Cadizeko Konstituzioa alde batera utzi behar dela esaten dutelako. Horretaz aparte, erregearen garrantzia aipatzen da testuan. 1814ko apirilaren 12an idatzitakoa da, eta autorea Fernando VII.a dugu. Testu honen ideia nagusia Cadizeko Konstituzioa deuseztatzeko eskaera da.

Izan ere, monarkia absolutuaren aldeko jarrera argi eta garbi ikusten da, foruak eta antzinako legeak defendatzen baitira.

1812an Espainiako lehen konstituzioa egin zen, La Pepa ezizenez ezagutzen duguna. Bertan, ideia liberalak kontuan hartuta zenbait lege berri egin ziren, baina Independentzia Gerraren eraginez ezin izan zuten martxan jarri. 1814. urtean gerra amaitu zen eta konstituzioan egindako legeak martxan jartzeko itxaropena zuten. Hasierako hilabeteetan egon ziren indarrean lege horiek.

Ondoren berriz, Fernando VII.a itzuli zen eta berarekin batera absolutismoa itzuli zen. Beraz, Espainiara iritsi eta bi hilabete igaro ondoren, 1812an egindako konstituzioa legez kanpokotzat jo eta indargabetu egin zuen. Hori egin ondoren, Fernando VII.ak prentsa-askatasuna ezabatu eta Inkisizioa berpiztu zuen. Gainera, Eliza liberalak salatzen hasi zen, erregearen babesarekin.

Egoera larria ikusita, liberalismoaren aldeko hainbat jeneral estatu-kolpeak ematen hasi ziren absolutismoaren aurka. Baina, inork ez zuen lortu kolpe horiekin 1812ko Konstituzioa indarrean jartzea, saiakera guztiek porrot egin baitzuten.

Hirurteko Konstituzionala (1820-1823)

1820an berriz, Riego jeneralak emandako estatu-kolpea garaipena izan zen. Azkenean, liberalen helburua betetzea lortu zuen, hurrengo hiru urteetan konstituzioa indarrean jarri baitzen. Hau da, Hirurteko Konstituzionala deituriko garaia iritsi zen.

Testu hau garrantzi handikoa da Espainiako historian, bertan absolutismoaren itzulera islatzen baita. Fernando VII.ak idazki hau idatzi ondoren, konstituzioa legez kanpo utzi eta absolutismoa ezarri zuen. Lehen esan bezala, liberalak salatu zituzten.

Fernando VII.ak zenbait gatazka izan zituen: batetik, Elizak bere lurrak itzultzeko eskatu zion, eta honek eskaerari uko egin zion, aurreko erreinaldian saldu baitziren; eta bestetik, hainbat militar bere aurka, hau da, absolutismoaren aurka zeuden; horrela iritsi ziren pronuntziamendu militarrak.

Azkenean 1820an, absolutismoaren amaiera etorri zen eta Hirurteko Konstituzionala iritsi zen, 1823an amaitu zena. Aldi horretan, eraldaketa liberalak egin ziren, esaterako:

  • Inkisizioa desegin zen.
  • Jesuitak kanporatu zituzten.
  • 1812ko Konstituzioan onetsitako sistema fiskala ezarri zen.
  • Herritarrei askatasuna eta zenbait eskubide eman zitzaizkien.
  • Elizaren lurrak desamortizatzeko agindua eman zen.

Kontzeptu Garrantzitsuak

  • Fisiokrazia: ekonomialari frantsesek sortutako teoria ekonomiko horren arabera, aberastasun-iturri nagusia nekazaritza zen; baina, bere garapena bultzatzeko, produkzio-askatasuna eta merkatu librea sustatu beharra zegoen, nekazaritza-ustiapena errentagarria izan zedin.
  • Liberalismo ekonomikoa: Adam Smith-ek sortutako teoria ekonomiko horren arabera, eskaintzak eta eskaerak erregulatzen zituzten produkzioaren kopurua eta prezioa; beraz, estatuaren interbentzionismoa eragotzi behar zen, askatasun osoa uzteko.
  • Nazioaren subiranotasuna: hau da, erabakitzeko ahalmena herriarengan dago.
  • Botereen banaketa: legegilea (parlamentua), betearazlea (erregea) eta judiziala (auzitegiak).
  • Estatu laikoa: estatua ez dago erlijioaren eraginpean, eliza eta estatua bananduta daude eta, beraz, ez dago erlijio ofizialik.
  • Gizakiaren eta herritarraren eskubideak: askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna (liberté, égalité et fraternité).

Deskargatu

PDF Word HTML