Euskal Sozialismoaren Bilakaera eta Sindikalismo Nazionalista
Euskal sozialismoaren bilakaera politikoa
XX. mendearen bigarren hamarkadaz gero, euskal sozialismoaren joera politikoa eta estrategia aldatu ziren. Perezaguaren erradikalismoaren ondoan, moderantismo eta pragmatismo politikora jo zuen alderdiak, Indalecio Prietoren eskutik. Horrela, hasierako ezaugarriak (gizartea iraultzaz aldatzea, mobilizazioa, presioa) leundu zituen.
Estrategia berria eta hauteskunde-arrakasta
Sozialismora heltzeko estrategia berriaren oinarriak demokrazia eta parlamentuaren bideak izan ziren eta, testuinguru honetan, errepublikarrekiko lankidetza garatu zuten. Perezagua alderditik bidali zuten. Estrategia horrek hauteskundeetan oso ondorio onuragarriak ekarri zituen:
- Prieto gorteetako diputatu hautatu zuten hogei urtez, etenik gabe, 1918tik aurrera.
- Rufino Laiseca izan zen aurrenekoz Bilboko alkate.
Zatiketa eta diktadura garaia
1921ean jo zuen gorena sozialista bizkaitarren afiliazioak, baina urte berean PSOE zatitu eta Espainiako Alderdi Komunista (PCE) sortu zen. Banaketa honetan protagonismo berezia izan zuten euskal sozialista erradikalek. Alderdi komunistak, ordea, ez zuen lortu erreformismo sozialistaren alternatiba koherente izatea.
Primo de Riveraren diktaduran bi joera agertu zituen sozialismoak: hasieran, diktadura salatu arren, jarrera kolaborazionista eta, 1927tik aurrera, oposizioa.
Sindikalismo nazionalista: SOV sindikatua
Aranismoarentzat sozialismoa ateo eta “maketoek” bultzaturiko ideologia arrotza zen, euskal langileek errefusatu behar zutena. Euskal langileak sozialismotik urrundu nahirik, 1911n SOV sindikatua sortu zen.
Ideologia eta helburuak
Hasieratik sindikatu nazionalista eta katolikoa izan zen, ideologia-inspirazio bikoitza zuelarik:
- Aranismoa
- Elizaren gizarte doktrina: Katolizismo soziala eta erlijioa langileen artean zabaldu nahi zuen.
Izan ere, garaiko Europan ideia anarkistak eta sozialistak langileen artean zabaltzen ari zirela, haien ekinari kontra egingo zioten sindikatuen sorrera bultzatu zuen Eliza Katolikoak, euskal langileak sindikatu anarkista eta komunistek zabaltzen zuten ideologia ateo eta iraultzaileaz kutsatu ez zitezen, Euskal Herrian bake soziala lortzeko asmoz.