Euskal Oligarkiaren Boterea eta Merkatuaren Babesa
Espainiar Berrezarkuntza eta Liberalen Politika
Politikoki, Espainiar Errestaurazioaren lehen fasearen bukaera aldera kokatu behar gara, Maria Cristinaren Erregealdian, hain zuzen. 1876ko Konstituzio kontserbadorea zegoen indarrean, eta txandakatze sistemaren arabera Práxedes Mateo Sagasta zen gobernuburua bigarren aldiz.
Liberalak librekanbismoaren alde zeuden, eta alemaniarrekin sinatu nahi zituzten akordioek aurreko legealdian kontserbadoreen gobernuak martxan jarritako politika protekzionista eten nahi zuten. 1841ean Esparterok aduanak Ebrotik kostaldera aldatu zituen, eta ordutik aurrera Espainiar Estatuko merkatua zabaldu zen euskal lurraldeetan ekoitzitako produktuentzat.
Euskal Eskulanen Txertaketa eta Lehiakortasuna
Hurrengo 50 urteetan zehar euskal lurraldeetan ekoitzitako eskulanak Espainiar merkatuan txertatzen joan ziren, eta prozesu honen bukaeran, hitzaldiaren garaian, Espainiar merkatua ezinbestekoa zen euskal oligarkia industrialarentzat, bere lehiakortasun faltak mugaz kanpoko salmentak zeharo oztopatzen zituelako.
Echevarriak zioen bezala, XIX. mendearen bukaeran, oligarkia honentzat politika protekzionista mantentzea hil ala biziko kontua zen.
Bizkaiko Siderurgiaren Garaia eta Oligarkia
Testuinguru sozioekonomikoari dagokionez, Bizkaiko siderurgiaren garairik emankorrenetako batean kokatzen da. Bessemer bihurgailuaren asmakuntzak burdina ez-fosforikoaren eskaera areagotu zuen, Ibaizabal ibaiaren itsasadarraren ezkerraldean ugari zegoena, eta aire zabalean gainera.
Biurteko Aurrerakoian onartutako legediaren babespean, atzerriko inbertsioak ugaritu egin ziren, eta ehunka meategi sortu ziren ezkerraldean. III. Karlistaldiak prozesu hau eten bazuen ere, bukatu zenean indar berriak hartu zituen, eta mea esportatuz aberastutako zenbait familia boteretsuk ere burdin fabrikak ireki zituzten, hasieran atzerritarrekin elkartuta eta geroago euren kabuz:
- Ybarra
- Rivas
- Txabarri
- Echevarria bera
Oligarkia industrial honek, meatzaritza eta siderurgia jarduerez gain, banka eta ontzigintza sektoreak kontrolatzen zituen, eta benetako lobbya osatzen zuten, hau da, interes zehatz batzuk defendatzen dituen presio taldea. Hitzaldiaren tonua bera nahiko deigarria da, gobernuari hitz egiteko moduak familia hauek benetako boterea zutela adierazten baitu.