Euskal literatura eta soziolinguistika XVIII. mendetik gaur egunera: Ilustrazioa, Larramendi eta hizkuntza legeak

Hizkuntza eta literatura-n eguneratua5,72 KB

Laburpena

Dokumentu honek XVIII. mendeko Euskal Herriko Ilustrazioaren eragina azaltzen du, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Bergarako Errege Mintegia barne. Bizenta Mogelen alegiak eta Larramendiren euskararen aldeko lana ere aztertzen ditu. Azkenik, hizkuntza egoerak, hizkuntza eskubideak eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza legeen egoera laburbiltzen ditu.

Funtsezko puntuak

  • 1765ean Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zen Ilustrazioaren ideiak zabaltzeko.
  • Elhuyar anaiek Bergarako Errege Mintegian 1783an wolframa isolatzea lortu zuten.
  • Bizenta Mogelek 1804an Ipui Onak bilduma argitaratu zuen, 58 alegiarekin.
  • Larramendik gipuzkera gailendu zuen euskalki literario gisa eta gaztelaniaz idatzi zuen euskararen aldeko defentsan.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan 1982an Euskararen Legea onartu zen eta euskara gaztelaniarekin batera ofizial izendatu zen.
  • Nafarroan 1986an Euskararen Legea onartu zen eta hiru eremu administratibo bereizi zituen.
  • Ipar Euskal Herrian ez dago euskara babesten duen legerik; frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra.

Frogatu zeure burua

Literatura

1. Ilustrazioa

XVIII. mendean zehar, Ilustrazioaren oihartzunak heldu ziren Euskal Herrira. Ezaguna denez, Ilustrazioak arrazoiaren nagusitasuna goratu zuen, eta horren ondorioz, gizaki pentsalaria ekarri zuen erdigunera.

Mendearen azken herenean krisian sartuta zegoen Euskal Herriko egitura ekonomikoa. Krisialdi horri erantzuteko eta Frantziatik zetozen ideia ilustratuak zabaltzeko, 1765. urtean Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten “Azkoitiako Zalduntxoek”. Arlo askotako jakintzak hedatzea izan zuten helburu, arrazoia helduleku zutela.

Bestalde, hainbat mintegi sortu ziren:

  • Bergarako Errege Mintegia: Askotariko jakintza arloak lantzen zituen, baina zientzietako gaiak ziren nagusi. Elhuyar anaiek mintegian jardun zuten eta 1783. urtean wolframa isolatzea lortu zuten.

Mintegi hauetan emakumeek ez zuten parte hartzerik, nahiz eta 1784. urtean emakumeentzako mintegi baten proiektua diseinatu.

2. Bizenta Mogel

Bizenta Mogel Azkoitian jaio zen, 1782. urtean, giro ilustratuan. Urtebete zuela aita hil zitzaion eta Markinara lekualdatu zen familia. Juan Antonio Mogelekin, bere osaba, liburuz inguraturik hazi zen eta bera izan zen bere maisua. Etxean alfabetatu zen, hiru hizkuntzatan: latina, gaztelania eta euskara.

22 urterekin Ipui Onak (1804) bilduma argitaratu zuen. Bilduman 58 alegia daude: 50 hitz lauz edo prosaz eta beste 8 bertso eran, osabak atondurikoak. Bilduma honetako hitzaurrearen helburua emakumeak idaztearen, alegien eta euskararen aldeko defentsa egitea zen.

2.1 Bizenta Mogelek berridatzitako alegien ezaugarriak

  1. Ilustrazioak hezkuntza laikoari garrantzi berezia eman zion eta hezkuntza bilakatu zen jokamoldeak, arrazoibideak eta ohiturak irakasteko bide. Alegiak irakaspenak hedatzen dituen genero literarioa da; beraz, ezin hobeto egokitzen zaizkion ikuspegi didaktiko horri.
  2. Ilustrazioak iturri klasiko idatzietatik edaten du, ez ahozko tradiziotik. Esoporen 50 bat alegia berridatzi zituen Mogelek.
  3. Alegiak euskaraz berridaztean, heziketa klase apaletara hedatzea zuen helburu eta transmisioa errazteko idazkera sinplea eta sinonimo bikoteak edo kateak erabiltzen zituen.
  4. Manuel Larramendiren eraginez, nahiz eta Bizkaian bizi, gipuzkeraz idatzi zituen alegiak.
  5. Atsotitz edo esaera zaharrak erabiltzen zituen zubiak eraikitzeko ahozko kulturarekin eta horrela loturak egiten zituen iturri klasikoekin.
  6. Ahozko kulturara hurbiltzeko, irakaspenak bertso egituratik hurbil osatu zituen, oroitzeko eta buruz ikasteko errazagoak izan zitezen.

Soziolinguistika

1. Larramendi

Manuel Garagorri Larramendi jesuita Filosofia eta Teologiako irakasle aritu zen Salamancako Unibertsitatean, eta Karlos II.aren alarguna zen Mariana Neoburgekoaren aitorle izatera ere heldu zen.

XVIII. mendean literaturaren loraldia eman zen batez ere Gipuzkoan; Larramendi izan zen hizkuntzaren sustatzaile nagusia, eta gipuzkera gailendu zen euskalki literario gisa. Bestalde, Felipe V.aren agintaldiak zentralismoaranzko joera izan zuen, eta euskal foruak errespetatu bazituen ere, beste hainbat lurraldetako foruak deuseztatu zituen. Horrek susmoa sortu zuen euskaldun batzuengan, eta baita Larramendirengan ere.

Felipe V.ak Espainiako Errege Akademia sortu zuen eta gaztelania ezarri nahi zuen erreinuko hizkuntza bakartzat. Euskal foruen eta euskararen kontrako giroa sumatu zuen Larramendik eta horri aurre egiteko, hainbat liburu idatzi zituen gaztelaniaz, euskararen aldeko defentsan. Bere lanekin, ahalduntze linguistikoa eta literarioa sustatu nahi zuen.

Trentoko Kontzilioak Biblia Vulgata ezarri zuen katolizismoaren liburu kanonikotzat eta ordutik aurrera latina hedatu zen kultu katolikoaren hizkuntza nagusi gisa. Beraz, hirugarren hizkuntza horrekin ere zubiak eraiki nahi zituen Larramendik.

1.1 Larramendiren liburuak

  • De la antigüedad y universalidad del vascuence en España.
  • El imposible vencido. (Gramatika).
  • Hiztegi hirueledun (euskara-gaztelania-latina).

2. Hizkuntza eskubideak

1996. urtean, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatu zuten hainbat instituzioak eta gobernuz kanpoko erakundek. Hizkuntza eskubideak gauzatzeko, eremu ezberdinak bereizi ziren: administrazio publikoa eta organo ofizialak, hezkuntza, onomastika, komunikabideak eta teknologia berriak, kultura eta arlo sozioekonomikoa.

3. Hizkuntza egoerak

  • 3.1 Elebitasun orekatua: Bi hizkuntzen artean berdintasun harremana dago, eta bietan hizkuntza jarrera eta erabilera berberak dira.
  • 3.2 Egoera diglosikoa: Bi hizkuntzen arteko harremana ez da berdintasunezkoa, batek prestigio edo boterearen babes handiagoa baitu, eta ondorioz, prestigiozko eremu batzuetan edo boterearen eremu batzuetan, nagusitasuna hartzen du.

4. Hizkuntza legeak eta euskararen ofizialtasuna

Euskal Autonomia Erkidegoan, 1982. urtean jarri zen abian Euskararen Legea eta euskara hizkuntza ofizial izendatu zen, gaztelaniarekin batera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroan, 1986. urtean jarri zen abian Euskararen Legea, eta hiru eremu administratibo bereizi zituen lege horrek:

  • Eremu euskalduna: Nafarroako ipar-mendebaldean, euskara koofiziala da.
  • Eremu mistoa: Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuenetan ofizialtasun maila txikiagoa du.
  • Eremu ez-euskalduna: Nafarroako hegoaldean, ez du inolako ofizialtasunik.

Ipar Euskal Herrian, ez dago legerik onartuta eta euskarak ez du inolako onarpenik lortu; frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra.

Deskargatu

PDF Word HTML

Ohiko galderak

Zer izan zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea?

1765ean sortu zen elkartea da, Azkoitiako zalduntxoek sortua, krisiari aurre egiteko eta Frantziatik zetozen ideia ilustratuak zabaltzeko. Arlo askotako jakintza hedatzea zuen helburu, arrazoia oinarri hartuta.

Zein da Bizenta Mogelen lanaren ezaugarri nagusia?

Alegiak euskaraz berridatzi zituen, idazkera sinplea erabiliz eta irakaspen moralak hedatzeko helburuarekin. Esoporen 50 bat alegia berridatzi zituen eta atsotitzak erabili zituen ahozko kulturara hurbiltzeko.

Nola arautu zen euskararen egoera Nafarroan 1986an?

Euskararen Legeak hiru eremu administratibo bereizi zituen: euskalduna (euskara koofiziala), mistoa (ofizialtasun maila txikiagoa) eta ez-euskalduna (ofizialtasunik gabea).

Frogatu zeure burua

Berrikuspen-txartelak

Sakatu txartel bat erantzuna ikusteko.

Testa

1. Noiz sortu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea?
2. Zein mintegitan lortu zuten Elhuyar anaiek wolframa isolatzea?
3. Zenbat alegia bildu zituen Bizenta Mogelen Ipui Onak bilduman?
4. Zein gipuzkoar idazle sustatu zuen gipuzkera euskalki literario gisa?
5. Zein urtetan onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legea?
6. Zer da egoera diglosikoa testuaren arabera?
7. Zein hizkuntza da ofizial bakarra Ipar Euskal Herrian?

AA bidez dokumentutik sortutako galderak: egiaztatu erantzunak testuarekin.