Euskal Literatura: Leizarraga eta Axularren Ekarpenak
Joanes Leizarraga
Obra
- Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria
- Kalendrera (Elizako jaien egutegi edo egutegia)
- ABC edo Kristinoen Instrukzionea (Kristau-ikasbide edo doktrina)
Hiru obrak batera argitaratu ziren 1571n, Arroxelan. Erlijio berriaren hedapena lortzeko, Testamentu Berriarekin batera, kristau xumeei eguneroko bizimoduan erabili, irakurri edota buruz ikas zitzakeen irakurgaiak ere eman behar zitzaizkion.
Kritika
- Itzultzailearen meritua da, gehienbat, kritikoek Leizarragaren lanean azpimarratzen dutena. Prosan ia eredurik gabe jardun beharrak egiten du handi haren itzulpen-langintza erraldoia.
- Mendeko perpausak erabili beharrak hizkuntza erromanikoen erako prosara eraman zuen. Ondorioz, latinaren eragina duten egitura sintaktikoak ageri dira sarri. Dena den, esaldietan, perpaus luze eta laburren arteko jokoan oreka zaintzen duela aitortu beharra dago.
- Iparraldeko euskaldunentzat idatzi zuela igartzen zaio, bestalde. Nafarroa Behereko eta Lapurdiko euskalkiez osatutako euskara darabil, Erreformak iparraldeko euskaldun horiek bereganatu nahi baitzituen. Testamentu Berriaren amaieran zuberotarrentzat lagungarri izan zitekeen hiztegia jartzeak argiago uzten du zein eremutan jokatu nahi zuten, bai erreginak, bai Leizarragak berak.
- Hizkuntza jasoaren alde, eta Bibliaren itzulpenari zor zaion seriotasunagatik, latinetik hartutako hitz asko erabiltzen ditu, euskarazko hitzak baztertuz: sabatoa (larunbat hitzaren ordez), zena (afariren ordez), arrogantzia (harrotasun hitzaren ordez), konpasionea (errukiren ordez). Bide kultista da, beraz, aukeratu zuena.
- Zahar kutsua dario Leizarragaren euskarari. Hitzetan berritzaile, baina soinuetan eta morfologian arkaiko. Antzinako euskararen arrastoak ohikoak dira XVI. mendeko eta aurreko idazleengan, Lazarragaren testuan ere ikusi dugunez.
Bizitza
Lapurdiko Beskoitzen sortu eta Nafarroa Behereko Bastidan hil zen. Apaiz katolikoa izana zen, gero protestantismora bihurtua, Iparraldeko beste zenbait apaiz eta gortearen inguruko noble asko bezala. Garai honetan, Erreformaren espiritua eta politikaren eragina nahasian zebiltzan. Erreginaren eta Paueko Sinodoaren esanetara jarri zen Leizarraga, herritarrak Erreformaren arabera hezteko asmotan.
Euskal Literatura Idatzia XVII. Mendean
Ingurune Historikoa
Aurreko mendean izandako gertaera politiko, ekonomiko eta erlijiosoen jarraipena bizi dugu XVII. mendean, eta testuinguru horretan ulertzen dira euskal literaturan egindako urratsak.
Kontrarreforma
Hitzak berak esaten digu mugimendu honen izaera eta helburua. Martin Luther eta Joana Kalbinen tesietan oinarrituz, Europa eta europarrak astindu zituen Erreformaren aurka, bide politiko-militarrak zein kulturalak erabiliz saiatu zen Eliza Katolikoa hainbat helburu lortzen: batetik, kristauak protestantismora ihes egin ez zezaten; bestetik, alde egin zuten kristauak berriz hurbilarazteko. Horretarako, zenbait bitarteko erabili zituen:
Trentoko Kontzilioa (1545-1563). 18 urte luzez Elizak egin beharreko egokitzapenak eta doktrinaren zehaztapenak erabaki zituzten. Doktrinaren ortodoxia edo zuzentasuna ondo zaintzeko, herri bakoitzari bere hizkuntzan irakasteko agindua eman zuten eta neurriak ere hartu zituzten Eliza Katolikoaren agintariek.
Jesusen Lagundia Aita Santuaren esanetan jarri zen, Kontrarreformaren aitzindaritza hartuz. Eliza Katolikoaren aldeko lanean hezkuntzak zuen garrantziaz ohartuta, ikastetxe ospetsuenen ardura hartu zuten.
Inprenta-zentsura (1542) eta liburu galarazien zerrenda urtetik urtera handitzen joan zen. Eliza Katolikoaren doktrinarekin bat ez zetozen liburuak galarazteko bidea XX. mendera arte erabili izan da.
1542tik aurrera Inkisizioko epaitegiak indar berriak hartu zituen. Erlijioaren kontrako aurkikuntza zientifikoen aurka aritu ziren: Galileo Galilei eta beste ospetsu asko salatuak, epaituak eta iritzietan atzera egin ez zutenak sutan erretzeraino iritsi baitziren.
Pedro Agerre Axular (1556-1644)
Bizitza
Pedro Agerre Azpilkueta Nafarroa Garaiko Urdazubi herrian jaio zen, Axular izeneko baserrian. Ikasketak Iruñean, Lleidan eta Salamancan osatu ondoren, apaiz egin zen. Lau urtez Donibane Lohizunen predikari-lanetan eman ondoren, Baionako apezpiku zen Bertrand Etxautzek Sarako erretore izendatu zuen. Hango erretoretza izan zuen bizibide, baina haren lanbidea eta eragina Lapurdi osora eta Euskal Herriko beste gune askotaraino iritsi zen.
Obra
Gero, bi partetan partitua eta berezia (1643). Obraren izenari erreparatuz gero, badirudi bi parte zirela, baina guk bakarra ezagutzen dugu, guztia batean emana datorrelako edo besterik idatzi ez zuelako. Obra handia eta ederra da, zinez.
"Gero dioenak, bego dio" atsotitzak laburbiltzen du edukia. Zereginak geroko uztea alferraren betiko leloa eta tranpa dela frogatzen du. Horretarako, autore klasikoen eta beste idazle askoren argudioak eta adibideak bildu eta era ederrean lotzen ditu.
Kritika
Ezin dugu ahaztu Axular sermolaria izan zela idazlea baino lehen. Genero pertsuasiboa darabil, giza jokaera aldaraztea baitu xede. Irakurlearen gogoa bereganatzeko ahalegin horretan, baliabide erretoriko jakinak erabiltzen ditu, bereziki hiru alderdi arretaz zainduz obraren 60 kapituluetan:
Irakastea: gaiaren azalpen luze eta zabala, estilo lasai eta arrazoituan.
Atsegin izatea: adibidez, aipu ugariz hornitua.
Mugiaraztea: zirikatzaile izan nahi duenean erritmo arina lortzen du, hizkuntza zuzenagoa (bigarren pertsona), perpaus laburragoak, galdera- eta harridura-adierazpenak erabiliz. Elizako sermoietan erabiltzen zen erretorika bera darabil.