Euskal Ikasketak: Morfosintaxia eta Idazleak

Hizkuntza eta literatura2,64 KB

Morfosintaxia: Perpaus Elkartuak

Juntadurazkoak: Maila bereko bi perpaus elkartzen dira. Perpaus hauetako bakoitzak bere zentzua izango du bakarrik dagoelarik ere. Perpaus bakoitza autonomoa da. Bi motatakoak dira:

Juntagailuz Egindako Juntadura

Hiru motatakoak izan daitezke:

  • a) Emendiozkoak: Lotura bat adierazten dute, juntagailuak (eta) maila bereko osagaiak lotzen ditu.
  • b) Hautakariak: Elkartzen diren bi perpausen arteko aukera edo hautaketa adierazten dute, juntagailuak (edo, edota, ala, nahiz, zein) erabiliz.
  • c) Aurkariak: Bi osagairen arteko aurkaritza edo kontrakotasuna adierazteko erabiltzen da, elkarren aurkakoak diren perpausak lotzen dira, juntagailuak (baina, baizik, baino, ezpada) erabiliz.

Alborakuntzaz Egindako Juntadura

Perpausak elkarren ondoan jartzen dira, ez dira juntagailuak erabiltzen. Batzuetan alborakuntza hutsa izaten da; besteetan, errepikapenen bidez lortzen da.

Xabier Lizardi (1896-1933)

XX. mendetik aurrera euskaltzaletasunak eta euskal kulturak indarra hartu zuten, ideia abertzaleen eraginez. Euskal kulturaren berpizte horrek fruitu harrigarriak eman zituen poesian 1930etik 1936ra bitartean. Urte haietan argitaratu zituzten beren lan garrantzitsuenak Lizardik eta Lauaxetak, euskal poesia modernoaren sortzaileek.

Lizardi naturaren poeta da: euskal paisaia eta euskal lurra dira bere poemen kanta-gaiak. Izadiko koloreak, hotsak eta irudiak agertzen ditu poemetan. Baina natura erreal hori erabiltzen du gizonaz, herriaz, bizitzaz eta heriotzaz gogoeta egiteko. Poesia subjektiboa da, poetaren barneko sentimendu, kezka eta gogoetak agertzen dituena. Lizardiren hizkuntza poetikoa sinboloz, irudiz eta esamolde berriz beteta dago.

Gabriel Aresti (1933-1975)

1936ko gerraren osteko lehen poesia gerra aurrekoaren zordun da. Baina, apurka-apurka, modu eta tonu berriak agertu ziren euskal olerkaritzan. Aresti da hirurogeiko hamarkadan iraganarekin hautsi eta poesia eraberritu zuen belaunaldiaren aitzindaria eta maisua.

Sinbolismoan egin zituen lehen urratsak, baina 1964tik aurrera "poesia sozialaren" bidetik abiatu zen. Arestiren aburuz, poetak herriaren ahotsa izan behar du, eta poesiak gizartea eraldatzeko mailu bat. Poetak bere lanetan gizakiaren kontrako injustiziak salatu eta zapalduen eskubideen alde egin behar du. Arestik hizkuntza argia, herritarra eta egunerokoa, eta bertso librea erabili zituen poesia sozialaren aro horretan. Eragin handia izan zuen bere garaiko euskal kultura mugimenduetan, baita euskara batuaren sorreran ere.

Deskargatu

PDF Word HTML