Euskal Idazle Klasikoak: Axular, Oihenart eta Etxeberri

Beste atzerriko hizkuntzak3,42 KB

PEDRO AXULAR (1556-1644)

Jaiotzaz nafarra da Axular (Urdaizubi, Lapurdirekin mugan). Herri honek, beste batzuekin (Zugarramurdi, Sara…) Xareta eskualdea osatzen du. Ikasketak Salamankako unibertsitatean egin eta apaiztu ondoren, Donibane Lohizunera jo zuen. 1600an Sarako parrokiako erretoretza eskuratu zioten eta bertan bizi izan zen hil arte. Hiztun oparoa eta idazle aberatsa zen, horregatik izan zuen halako eragina hainbat garaietako euskal idazleen artean. Bere eskuek ordura arte ezohikoa zen dotorezia eman zioten euskarari. Beti mezu ulergarri emango digu bai esaldi motz edo karapiltsuetan. Hil baino urtebete lehenago Gero (1643) publikatu zuen. Bertan ederki erakusten dio kristauari zein arriskutsua izan daitekeen arimari dagozkion zereginei berehala ez atxikitzea, erlijioarekiko betebeharrak biharko uztea.

ARNAUT OIHENART (1592-1667)

Zuberoan (Maulen) jaio zen legegizon eta kargudunen familia batean. Berak ere abokatu ikasi eta kargu garrantzitsuak izan zituen, Zuberoan hasieran eta Nafarroan gero (ezkondu ondoren). Ez zuen bere lurra ahaztu. Ikastuna zen Oihenart eta historiari eskaini zizkion bere ahaleginik onenak: estimatua den Notitia Utriusque Vasconiae (1638) ospetsua, Euskal Herri historikoen berri eman diguna. Literatura kontuetan ere jantzia genuen: Art Poétique Basque adibidez. Bilketa eta sorkuntzak ere landu zituen. Batutako esaera zaharrak eta bera sortutako poesiak Les Proverbes Basques (1657)en argitaratu zituen. Errefrau eta poema bilduma interesgarria. Oihenartek errenazimentuaren eragina ekartzen digu poesiaz. Maitasuna da nagusi. Ez du ordura arteko euskal bertsogileekin antzik eta jarraitzailerik ere ez du izango. Hizkera trinkoa erabili, inoiz ulerkaitz samar moldatua.

XVIII. MENDEA

JOANES ETXEBERRI SARAKOA (1668-1749)

Pauen jesuitekin ikasi ondoren, medikuntza ikasketak egin zituen Frantziako unibertsitateren batean. Saran ekin zion sendagile lanari, baina gero Hego Euskal Herrira etorri zen. Gizon kultua zen Etxeberri eta oso euskaltzalea. Irakurri zituen aurreko euskal idazleen lanak, Axular eta Oihenartenak. Sarako erretorea buruzagi eta aitzindaritzat zeukan eta haren lanari jarraipena eman nahi zion. Etxeberrik euskararen inguruan gauzatu zituen bere idazlan guztiak; Latina ikasteko euskarazko metodoa, euskararen apologia eta hiztegia. Bere obrak:

  1. Lau urdiri gomendiozko karta edo gutuna (1718). Ordurako gauzatuak zituen liburuak argitaratu ahal izateko, laguntasuna eskatu zion Etxeberrik Lapurdiko Biltzarrari. Inprimaturiko liburuxka honetan bere egitasmoa azaldu zuen. Baina biltzarkideek ez zioten jaramon handirik egin eta horregatik ezin izan zituen plazaratu.
  2. Eskuararen hatsapenak edo beste batzuek dioten bezala, Euskararen etorkia. Jatorria esan nahi du etorki hitzak. Baina ez datoz jatorri kontuak soilik. Gure hizkuntzaren gorazarre sutsua dugu, Hegoaldeko apologistek ez bezala, euskaraz moldatua.
  3. Euskarazko hastapenak latin ikasteko. Garai hartako kultur hizkuntza latina zen oraindik. Euskaldunak baina, gaztelaniazko edo frantsezko katiximetara jo behar izaten zuen latinaz jabetzeko. Zergatik ez ikasi latina euskararen bidez, ez zen makala Etxeberriren ametsa.

Julio Urkixok Zarauzko komentu batean aurkitu eta 1907an argitaratu zituen Parisen lehenengoarekin batera. 4. obra bat ere: Hiztegia, euskaraz, latinez eta frantsesez eta gaztelaniaz. Larramendik ezagutu eta erabili zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML