Euskal Herriko Nekazaritza eta Abeltzaintza: Banaketa eta Ezaugarriak
Zirkuluen banaketa territorialak triangelu alderantzizkoaren irudia islatzen du, bere erpinek hiru hiriburuekin bat egiten dutelarik. Triangeluak dentsitate handiko oinarri sendoa erakusten du, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkien lurraldeetan, eta beheko erpina Vitoria-Gasteiz aldean. Arabako gainontzeko lurralde gehienak triangelutik kanpo gelditzen dira, zirkulurik gabe, probintzia honetako eskualde gehienetan jarduera industriala txikia baita. Industriaren garapenak biztanleriaren banaketa baldintzatuko du.
NPB (Nekazaritza Politika Bateratua): Europako Batasunak estatukide guztietarako ezartzen duen nekazaritza politika bateratua da. Bertan, herrialde desberdinetako nekazaritza jardueren garapen orekatu eta koordinatu baterako oinarriak jartzen dira: ekoizpen kupoak, prezio gorenak eta txikienak, ekoizkin ez lehiakorren murrizketa edo, alderantziz, gehiago behar direnen bultzada, ekoizkin berrien sustapena, ingurumena eta landarekin loturiko jarduera tertziarioak... NPB onartutakoa estatukide guztiek onartu behar dute eta beraien nekazaritza politiketan txertatu.
Nekazaritza Ustiapena: Baserri jardueran diharduen enpresa edo unitate tekniko-ekonomikoa da. Ustiatzailea pertsona fisikoa edo juridikoa izan daiteke. Tamainaren arabera, lurdun ustiapenak eta lurrik gabekoak bereizten dira. Era berean, lurdun ustiapenak hiru mailatan sailkatzen dira: txikiak, ertainak eta handiak.
Nekazaritza Intentsiboa: Lur azalera txikiak erabiltzen dituen nekazaritza mota da, etenik gabe lantzen da eta errendimendu handiak izaten ditu ustiapenaren hedaduraren ikusita. XX. mendeko nekazaritza iraultzarekin, ipar-mendebalde hezean, lugorriko atsedenaldia forrajeak ereinez ordezkatu zen, hirurteko txandaketa intentsiboa ahalbidetuz. Gaur egun, nekazaritza intentsiboaren adibiderik garrantzitsuenak Mediterraneoko nekazaritza ureztatuan aurki daitezke edo, orokorrean, negutegietako nekazaritza, lantze sistema eta teknika aurreratuenekin.
Nekazaritza Estentsiboa: Lur azalera handiak erabiltzen dituen nekazaritza mota da, lugorriaren teknikarekin landuta. Hau da, nekazaritza lurren zati bat lantzen da eta besteari epe bateko atsedenaldia ematen zaio lurraren emankortasuna berreskuratzeko, bi urtetik behingo edo hiru urtetik behingo ereite txandaketa antolatuz. Horregatik, errendimenduak txikiak izaten dira ustiapenaren tamainarako.
Abeltzaintza Estentsiboa: Azalera handiko zelaietan zein larre belardietan, kanpo librean, egiten den abeltzaintza da. Errendimendu txikiak sortzen ditu ustiapenaren hedaduraren ikusita, zeren hektareako abelburu kopurua txikia baita. Horregatik, jarduera estentsibo tradizionalak galduz joan dira. Hala ere, gaur egun, abeltzaintza estentsiboa berpiztu egin da kalitateko ekoizpenera zuzenduta, label edo jatorri izendapenarekin: pata negra, euskal okela, luma gorri...
Abeltzaintza Intentsiboa: Ukuilu edo kortetan bideratzen diren ustiapenak dira, abelburu asko bilduz azalera txikian. Ondorioz, produktibitate handia lortzen da. Ustiapen intentsiboek inguru fisikoaren eragina badute ere, hau ez da erabakitzailea izaten, zeren abereen elikadura, osoa edo zati bat behintzat, pentsu eta janari industrialen bidez hornitu baitaiteke. Abeltzaintza intentsiboaren garapena zuzenean lotuta dago inguruko hiri merkatuaren hornikuntzarekin.