Euskal Herriko Industrializazioa: Garapena eta Ezaugarriak

Historia3,1 KB

Industrializazio prozesua ez zen berdina izan euskal lurraldeetan. Bizkaian, XIX. mendearen azken laurdenean, Bilbo eta Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean, siderurgian oinarritutako industria-hazkunde izugarria gertatu zen. Gipuzkoan, berriz, industriaren garapen motelagoa eta dibertsifikatuagoa izan zen, eta ez zen XX. mendearen lehenengo hamarkadetara arte finkatu. Bestalde, Arabak eta Nafarroak nekazal lurraldeak izaten jarraitu zuten XX. mendearen bigarren erdialdera arte.

Euskal Herriko Industrializazioaren Ezaugarriak

Euskal Herriko industrializazioaren ezaugarriak ondokoak izan ziren:

  • Berandu egin zen, Ipar Europakoarekin konparatuz.
  • Siderurgiaren nagusigoa.
  • Bizkaiaren protagonismoa.
  • Espainiar merkatuarekiko mendekotasuna.
  • Kanpoko lan-eskuaren erabilera.

Bizkaiko Industrializazio Eredua

Industrializazioaren Oinarriak

Bizkaiko industrializazioan hainbat faktore oinarrizkoak izan ziren:

  • Industria tradizionalaren presentzia.
  • Kokapen geografiko estrategikoa.
  • Lehengai garrantzitsua izatea (burdin mea).
  • 1841etik aurrera, aduanak kostaldera eramatean, Euskal Herria Espainiar merkatuan integratuta geratzea.

Industrializazioaren Hastapenak (1841-1876)

Aduanak kostaldera aldatu izana eta kanpo-merkataritzaren zailtasunak zirela eta, Bilboko merkatari talde bat industria siderurgikoan inbertitzen hasi zen. Horrela, lehenengo labe garaiak sortu ziren: Santa Ana de Bolueta, Nuestra Señora de la Mercedes eta Nuestra Señora del Carmen. Oraindik landare-ikatza erabiltzen zuten, eta beren produkzioa barne-eskariari erantzutera zuzenduta zegoen.

Era berean, Bilboko burgesiak, trenbidea eta finantza-sistema bultzatzeko, 1857an bi elkarte berri sortu zituen: Banco de Bilbao eta Cía. FF.CC. Tudela-Bilbao.

Hala ere, Bilboko burgesiak ez zuen kapital nahikorik industrializazioa aurrera eramateko. Kanpoko faktore bati esker lortu ziren horretarako behar ziren kapitalak: altzairua egiteko Bessemer bihurgailuaren asmakuntza. Berrikuntzak burdin mea ez-fosforikoa erabiltzea eskatzen zuen. Mineral hori Suedian eta Bizkaiko meatze-arroan baino ez zegoen. Bizkaiko meatze-arroak zenbait abantaila zituen britainiarrentzat:

  • Aire zabaleko meategiak.
  • Kostaldetik hurbil.
  • Kalitate handiko minerala.

Hori dela eta, kapital britainiarrak heltzen hasi ziren Bizkaira bere burdina erauzteko. Geroago, Frantzia, Belgika eta Alemaniatik ere etorriko ziren.

1865etik aurrera, atzerriko kapitalez eratutako zenbait konpainia sortu ziren Bizkaiko meatze-arroko burdina erauzi eta esportatzeko. Beste enpresari euskaldun batzuk ere hasi ziren burdina esportatzen. Burges talde txiki horrek kapital handiak pilatu zituen burdinaren esportazioari esker, geroago industria siderurgikoan inbertitu zituenak.

Garai hartan, zenbait trenbide eraiki zituzten meatze-konpainiek minerala meategitik kostaldean zituzten kargatzeko tokietara garraiatzeko.

Bigarren Gerra Karlistarekin jarduera bertan behera geratu zen.

Deskargatu

PDF Word HTML