Euskal Estatua eta Bigarren Errepublika: Historia

Historia5,29 KB

Euskal Estatuaren historia eta Bigarren Errepublika

Euskal Herriko indar politikoak

Errepublikak iritzi eta sistema politikoa demokratizatu ondoren, elkarte politikoak nabarmendu ziren: errepublikazaleen zentroak, elkarte sozialistak eta elkarte nazionalistak. Baina gizarte-erakundeak ere agertu ziren: emakume-erakundeak, gazte-erakundeak, ikasle-erakundeak, langile-erakundeak, kirol, aisia eta kultura erakundeak, eta abar. Beraz, planteamendu politikoak elkarte-sare gihartsu batez bideratu ziren. Hiru erpin politikoen eragina oso argi bereizi zen hauteskundeetan: ezkerrekoak, EAJ-PNV eta karlismoa (eskuinekoak).

Eusko Ikaskuntzaren lehen autonomia-proiektua

Lehen proiektu honen bultzatzailea EAJ izan zen, Jose Antonio Agirre hain zuzen ere. Autonomiaren aldeko udal-mugimendua bultzatu zuen eta, bertan, alkate eta zinegotzi nazionalistek aurreproiektu bat eskatu zioten Eusko Ikaskuntzari, gainerako proiektuen oinarri izango zena. Testu horren arabera:

  • Euskal Estatua Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroak osatuko zuten, Espainiako Errepublika Federalaren barruan.
  • Barne-egitura konfederala izango zen.
  • Herrialde bakoitzak ordezkari kopuru bera izango zuen parlamentuan eta gobernuan.
  • Autonomiaren eskumenak oso zabalak ziren: estatuak berarentzat hartzen ez zuen guztia, alegia.
  • Elebitasuna ezartzen zen eta Kontzertu Ekonomikoa zen finantzabide nagusia.
  • Botoa emateko urtebeteko egoitza eskatzen zitzaien euskaldunen seme-alabei eta bi urtekoa kanpotarrei.

Lizarrako proiektua

1931ko ekainaren 14an karlistak (batez ere Nafarroakoak) eta alkate nazionalistak (hiru probintzietakoak) elkartu ziren Eusko Ikaskuntzaren proiektua aztertzeko. Ez zuten aliaturik izan, ezkerrekoak zirelako eta gobernua eskuinekoa. Aurreko proiektuarekiko zenbait berrikuntza egin zituzten:

  1. Foruak berriz ezartzeko eskaria egin zuten.
  2. Immigranteen eskubide politikoak mugatu ziren, 10 urteko egoitza eskatuz.
  3. Euskal erkidegoa konfederala zen Espainiarekiko, hau da, subiranoa zen.
  4. Vatikanoarekin konkordatuak egiteko gaitasuna zuten.
  5. Aldundiak indartu zituzten euskal botere zentralaren kaltetan.

Proiektu hau eskuinekoena izan zen, ez zen demokratikoa eta, gainera, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa zen. Hori dela eta, Gorteek ez zuten proiektua onartu.

Batzar kudeatzaileen proiektua

Indalecio Prietok bultzatu zuen 1931ko abenduaren 8an. Gestoreen estatutuak Eusko Ikaskuntzak egindakoa hartu zuen oinarritzat eta Konstituzioari egokitzen saiatu zen. Erantzun desberdinak egon ziren: EAJk onartu egin zuen, baina karlistek ez. Egoera honen aurrean, batzorde gestoreek bi testu egin behar izan zituzten:

Lehenengo testuak lau probintziak hartzen zituen, baina Nafarroako Udalen Bilkurak uko egin zion proiektuari. Ondorioz, bigarren testu bat egin zuten Nafarroa baztertuz. Bigarren testua hiru probintzietako alkateek onartu zuten eta herriak ere bai erreferendum bitartez. Hona hemen Estatutuaren ezaugarriak:

  • Euskal autonomiaren ahalmenak murrizten zituen.
  • Euskal Herria izena eman zioten euskal estatuari eta eskualde autonomo gisa definitu zuten.
  • Aurrekoak baino demokratikoagoa zen eta egitura konfederala desagertu zen.
  • Goi Mailako Auzitegi bat sortu zen eta Konstituzioan ezarritakoa betetzen zen.

EAJk estatutua onartu egin behar izan zuen, baina karlistek ez zuten onartu, foruen aurkakoa zelako. 1933an CEDAk boterea eskuratu zuen eta Estatutua onartzeko tramiteak alde batera geratu ziren 1936an ezkerrak boterea lortu zuen arte.

Autonomia estatutua eta 1934ko urriko iraultza

Euskal Herrian, 1933ko hauteskundeetan arrakasta handia izan zuen euskal nazionalismoak eta indar parlamentario bihurtu zen. Espainiako Finantza Ministerioak neurri batzuk hartu zituen Kontzertu Ekonomikoaren aurka eta gatazka piztu zen. EAJk ez zuen parte hartu alderdi gisa. Grebak astebete iraun zuen eta industriako langile-gune guztietara zabaldu zen. Gobernuaren indarrek matxinadari erantzun zioten. Ondorioz, 41 hildako, zauritu ugari eta 1.600 pertsona kartzelatu zituzten.

1936ko estatutua

Estatutuaren proiektua prestatzeko, Fronte Popularra eta EAJ-PNV adostasuna lortzen saiatu ziren 1933ko testua oinarritzat hartuta: Indalecio Prieto zen burua eta Jose Antonio Agirre haren idazkaria. Gerra Zibila zela eta, estatutuaren onarpena atzeratu egin zen eta 1936ko urriaren 1ean onartu zuten. Hona hemen aurreko proiektuekiko ezberdintasun batzuk:

  • Aurreko estatutu-proiektuek baino eskumen gutxiago eskaintzen zituen eta testu laburra zen.
  • Garrantzi handiko alor batzuk zehaztu gabe utzi zituen: ez zituen aipatzen eskubide historikoak, foruak, Nafarroa euskal lurraldeetan sartzeko aukera, soldadutza, lana, ezta jabetasuna ere.

Gerraren ondorioz, euskal gobernuak eskumenak zabaldu zituen eta 1936ko urrian, Gernikan bilduta, Jose Antonio Agirre lehendakari aukeratu zuten, historiako lehen euskal gobernua osatuz. Gerrak euskal lurraldeetan urtebete soilik iraun zuenez, Santoñako Hitzarmena sinatu ondoren, Agirre eta bere gobernua Kataluniara joan ziren eta, jarraian, erbestera.

Deskargatu

PDF Word HTML