Euskal Antzerkiaren Hastapenak eta XVIII. Mendeko Idazleak

Hizkuntza eta literatura2,69 KB

Hegoaldeko teatroaren hastapenak

Antzerkia Iparraldean baino beranduago eta motelago agertu zitzaigun Hegoaldean. Hemen ez genuen ezagutu hango herri teatroak mende askotan zehar izandako tradizio aberatsa. Hala ere, zerbaiten aztarnak geratu zaizkigu: XVIII. mendeko aletxo batzuk ezagutzen ditugu.

Garrantzitsuenak eta lan aipagarriak

Garrantzitsuenak honako hauek dira: Frantzisko Xabier Muniberen El borracho burlado opera irrigarri elebiduna, eta Barrutiaren Acto para la Nochebuena (edo Gabonetako ikuskizuna).

Frantzisko Xabier Munibe

Munibe, Peñafloridako kontea, Azkoitiko Zalduntxo ilustratuen burua zen. Hizkuntza asko zekizkien eta noizean behin euskaraz ere idazten zuen. Obra honetan euskara eta gaztelania nahasian darabiltza; kantatutako pasarteak dira, batez ere, euskaraz datozenak.

Pedro Ignazio Barrutia (1682-1759)

Barrutiaren lana euskara hutsean dago. Nahiz eta Arabako Aramaion jaio, inguruan den Arrasaten bizi izan zen ia bere bizitza osoan, eta eskribaua izan zen lanbidez. Teatro bitxi honen eskuizkribua utzi zigun. Gaia gabonetako misterioa izan arren, Arrasate ere sarritan azaltzen zaigu, leku-denbora aldetiko nahasketa arraro samarra baina polita gauzatzen delarik. Hori graziozo edo barregarriaren papera jokatzen duen pertsonaiaren bitartez lortzen du.

XVIII. mendea: Iparraldeko idazleak

Sarrera eta testuinguru historikoa

Iparraldeko euskal literaturak ez du mende honetan aurrekoan adinako garrantzirik erdietsiko. Ez dago Sarakoaren moduko talde esanguratsurik, are gutxiago Axularren mailako buruzagirik. Mendea gorabehera handikoa suertatzen da. Borboien agindupean jarraituko du Ipar Euskal Herriak Frantziako Erresumaren barruan.

Frantziako Iraultzaren ondorioak

Izugarrizko ekaitza jasango du Frantziako Iraultza bortitzaren ondorioz:

  • Iparraldeko gizarteak astindu galanta izango du: gerrak eta liskarrak alde batetik.
  • Foruen deuseztapena bestetik.
  • Azkenerako, estatu frantses berriaren antolamendu bateratua ezarriko zaie hiru probintziei.

Argien mendea eta Ilustrazioa

Argien mendea deitu ohi zaio XVIII.ari, Ilustrazioaren garaia baita. Jakin-min orokorraren eta entziklopediaren sasoia dugu. Arrazoiaren nagusitasuna aldarrikatzen da, gizabanakoaren balioa azpimarratzen da, eta zientzia zein teknikaren ahalmenean sinesten da.

Hala ere, ideia berriok gutxitan izango dute oihartzuna Iparraldeko euskal idazleen artean. Argitaratzen diren obrarik gehienak elizgizonek moldatuak ditugu eta ortodoxia erlijiosoaren betiko ildotik ari dira.

Deskargatu

PDF Word HTML