Espainiako Trantsizioa eta 1978ko Konstituzioa
1975eko azaroaren 20an, Francisco Franco hil zenean, Espainian 40 urtez ezarritako diktadurari amaiera eman zitzaion eta Espainiako trantsizioa hasi zen, demokraziarako bidea alegia. 1976ko uztailean Arias Navarrok bere dimisioa aurkeztu zuen. Juan Karlos erregeak Adolfo Suárez izendatu zuen gobernuburu eta une horretatik aurrera estatuko botere guztiak trantsizioaren alde lerrokatu ziren. 1976an Erreforma Politikoaren Legea onartu zenean. Izan ere, lege horren helburu nagusia estatuaren sistema politikoa aldatzea zen, hauteskunde demokratikoetarako deialdia arautzeaz gain. 1977ko hauteskundeak UCD alderdi politikoak irabazi zuen, Adolfo Suárez buru zela. Felipe Gonzálezen PSOE bigarren. Hala ere, UCDk ez zuen gehiengo absolutua lortu eta horregatik beste alderdi batzuekin negoziatu behar izan zuen.
Adolfo Suárezek sortu zuen gobernuaren zereginetako bat Konstituzio berria idaztea izan zen. Espainiako historian lehenengo aldiz, Konstituzio testua alderdi garrantzitsuenen akordioaren emaitza izan zen nahiz eta EAJ kanpoan gelditu. Konstituzioa 1978ko abenduaren 6an onartu zen, erroldaren %67k parte hartu zueneko erreferendumean eta hautesleen %88ren aldeko botoak bilduta. EAJk, berriz, konstituziotik kanpo gelditu zenez abstentzioaren alde egin zuen. Erregeak izenpetu ondoren konstituzioa abenduaren 29an sartu zen indarrean, lege honek demokraziarako bidea ahalbideratu zuelarik.
1978ko Konstituzioaren Garrantzia
Testu honek berebiziko garrantzia du, Francok ezarritako diktadurarekin amaitu eta demokrazia bermatzen duen legea delako. 1978ko konstituzioak Espainiako estatuaren antolaketa arautzen du, gobernu parlamentarioa ezarriz eta Espainia estatu sozial eta demokratiko bezala definituz. Gainera, gaur egun indarrean dagoen legea dela kontuan izanda are garrantzi handiagoa hartzen du.
Bestalde, alderdi politiko arteko akordioa izan zen Espainiako historian indarrean urte gehien egotea ahalbidetu duena. Zenbait alderdi politikok bere ideologiako oinarri batzuei uko egin behar izan zieten akordioa lortzeko.
Autonomia Erkidegoen Sorrera
Aipatzekoa da ere, Konstituzioak autonomiaren alde egiten duen aldarrikapena. Izan ere, irakurri dugun bezala Konstituzioak erregio guztiei euren Gobernua izateko aukera eman zien eta horri esker iritsi gara gaur egun ezagutzen dugun sistema autonomikora.
Ondorioak
Aipatutako guztiaren ondorioz, 1978ko konstituzioak aldaketa nabarmena eragin zuen Espainiako estatuaren eta gizartearen antolaketan. Espainiako gizartearen aldi berri baten hasieratzat har daiteke demokrazia ahalbideratu zuen legea izanik.