Espainiako Migrazioak: Kanpoko Migrazioen eta Atzerriko Immigrazioaren Eragina
Kanpoko Migrazioen Ondorioak
A) Ondorio Demografikoak
Espainiako biztanleak gutxitzea eta biztanleriaren banaketa desorekatua izan ziren ondorio nagusiak. Izan ere, eskualdeek hainbat eratako parte-hartzeak izan dituzte migrazio-joeretan, eta horren eraginez, gaur egun, biztanleriaren banaketa espazialean desorekak daude.
B) Ondorio Ekonomikoak
Batetik, positiboak izan ziren, berezko hazkunde indartsua eta langabezia leundu zituztelako. Horrez gain, emigranteek bidalitako dibisei esker Espainiako garapen ekonomikoa finantzatu eta merkataritza-defizita murriztu zen.
Baina, bestetik, ondorio negatiboak ere egon ziren, aurrezki askok ez zietelako mesede egin emigranteen sorlekuei, bankuek inguru garatuenetan inbertitu zituzten eta. Itzuli ziren asko beste inguru batzuetan ezarri ziren, lana errazago aurkituko zutelakoan edo negozio txiki batean inbertitzeko.
C) Gizarte-Ondorioak
Hauek izan ziren gizarte-ondorioak jomugako herrialdeetan: deserrotzea, iritsi ziren gizarteen hizkuntza eta ohiturak ezezagunak zirelako; bizi-baldintza makurrak, familiatik urrunduta eta kalitate makurreko etxebizitzetan; eta lan-egoera bidegabea, gehienetan bertako langileek baino soldata txikiagoak jasotzen zituztelako. 1975eko krisiaren ostean, emigranteak kaleratu zituzten lehenengo, eta, oro har, prestakuntza profesionala hobetu gabe edo prestakuntza hori egiaztatzen zuen titulurik gabe itzuli ziren, eta arazo berriei aurre egin behar izan zieten, hala nola lana aurkitzea, etxebizitza lortzea eta herrialdeko bizi-baldintzetara berriro egokitzea.
Kanpoko Emigrazioa Gaur Egun
Gaur egun, Espainia ez da emigrazio-herrialdea. Hauek dira arrazoiak: eskulanaren prestakuntza handiagoa da, eta enplegu hobeak eskuratzen ditu; bizi-mailak gora egiten du, eta familia gazteentzat langabezia-asegurua da, eta jomuga lekuetan, gaizki ordaindutako lanetan gutxi garatutako herrialdeetatik datozen immigranteen eta ondo ordaindutakoetan nazioko langileen arteko lehia dago.
3 Atzerriko Immigrazioa
Ezaugarriak
1980ko hamarkadaren erdialdetik eta, batez ere, 1995etik aurrera, Espainia immigrante ugari jasotzen ari da. 2008an, atzerriko biztanleria 5,2 milioi pertsonatik gorakoa zen. Horren barruan, herrialdean zenbait urte egon ondoren nazionalizatzen diren atzerritarrak, zuzenbide osoko espainol bihurtzen direnak; legezko immigranteak, egoitza-baimena lortu eta jatorriko naziotasunari eusten diotenak (4,1 milioi 2008an); eta legez kanpokoak, zenbatzen zailagoak, daude.
Immigrazio-Erakarpen Horren Arrazoiak
- Espainiaren aldetik, zenbait arrazoik egiten dute bat. 1995etik aurrera izandako garapen ekonomikoaren eraginez eskulana behar da, batez ere prestakuntza txikiko lanetan, barruko eskulana ez da-eta nahikoa eta zenbait neurrik immigrazio berriak erakarri dituztelako, hala nola legez kanpokoen erregularizazioak (2000 eta 2005) eta familia-biltzea (2001).
- Horrez gain, Espainia Afrikatik hurbil dago, eta afrikar immigranteak Europan sartzeko ate nagusia da; Latinoamerikarekin dauden lotura historiko eta kulturalen eraginez, inguru horretatik pertsona asko iristen dira, eta Mediterraneo inguruko klima-baldintza onen eraginez, pertsona ugari iristen dira Erdialdeko eta Iparraldeko Europatik.
- Atzerriko immigranteen aldetik, arrazoi ekonomikoek (lan egiteko aukerak) eta arrazoi politikoek (jazarpenak) eragina dute.
Immigranteen jatorri nagusia Europa izan zen 1996ra arte; batez ere, Europar Batasuneko herrialdeetatik eta kontinentearen ekialdetik iritsi ziren. Ordutik aurrera, Europako Erkidegoaz kanpoko immigranteak dira nagusi, Afrikakoak (Maroko), Iberoamerikakoak (Ekuador, Kolonbia) eta Asiakoak (Txina, Pakistan).
Jomuga nagusiak hirigune eta zerbitzugune handiak dituzten autonomia-erkidegoak dira: Katalunia, Madril, Andaluzia, Valentziako Erkidegoa, Balearrak eta Kanariak.
Orain dela gutxi, eskualde horietako lan-merkatua oso pilatuta dagoenez, migrazio batzuk gertatu dira barrualdeko eta Bizkaiko golkoaren inguruko autonomia-erkidegoetarantz.
Immigranteen Profila
Immigranteen profila ez da berdina izan jatorriaren arabera:
- Europako Erkidegoko immigranteak bizi-maila ertaina eta handia duten erretirodunak dira, eta Mediterraneo inguruko eta Balearretako eta Kanarietako klima-baldintza onak balioesten dituzte; horrez gain, lan egiteko eta negoziorako aukerek erakarritako helduak ere iristen dira.
- Europako Erkidegotik kanpoko immigranteak gazteak dira, eta Espainiara arrazoi demografikoengatik edo politikoengatik iristen dira. Prestakuntza txikiko lanak egiten dituzte zerbitzuetan, eraikuntzaren, nekazaritzaren, meatzaritzaren eta arrantzaren sektoreetan.
Immigrazioaren Ondorioak
A) Ondorio Demografikoak
Immigranteek Espainiako hazkunde demografikoan modu erabakigarrian lagundu dute azken urteetan, zuzenean zein jaiotza-tasa handiagoaren eraginez. Horri esker, beherakada demografikoa saihestu da, batez ere, berezko hazkunde negatiboa duten autonomia-erkidegoetan.
B) Ondorio Ekonomikoak
- Immigrazioak biztanleria aktiboa ematen du, lanik gogorrenak eta gaizki ordaindutakoak egiten baititu, BPGd handiagotzen laguntzen du; hezkuntzak eta osasunak kontsumitzen duten dirua baino gehiago ematen dute, eta pentsioetan dagoen gastu handiaren zama arintzen dute. Horrez gain, immigranteek etxeko zerbitzuak egiten dituzte, eta, horri esker, Espainiako familien jarduera-tasa handiagotu daiteke, batez ere emakumeen kasuan.
- Immigrazioa arazo batzuekin dago lotuta, hala nola lehiakortasuna galtzea, soldaten gain beherantz egiten den presioa, Espainiako langileen mugikortasun geografiko urria, eta kanpoko defizita handiagotzea, jatorriko herrialdeetara bidalitako diruaren eta inportatutako ondasunak (hala nola automobilak) kontsumitzearen eraginez.
C) Gizarte Ondorioak
- Sektore batzuetan jokabide xenofobo edo arrazistak sortu dira. Horien ustez, immigrazioa inbasioa da, eta lana lortzeko lehia da, gizarte-baliabideak kontsumitzen ditu Espainiako biztanleriaren ongizatearen kaltetan, eta nazio-identitatea mehatxatzen da eta horien eskubideak murrizten dira, immigrazioa areagotu dezakeen <<dei-efektua>> saihesteko.
- Immigrante askok lan-baldintza gogorrak dituzte (soldata txikiak, lanaldi luzeak, asegururik eza) eta bizi-baldintza makurrak auzo marjinaletan eta kalitate txarreko etxebizitzetan. Hori dela eta, modu bidegabean eta gehiegikeriaz, hainbat delitu (droga-trafikoa adibidez) eta bide txarreko bizimoduak (prostituzioa adibidez) leporatzen zaizkie.
- Integratzeko zailtasunek, kultura, hizkuntza eta erlijioaren arloko aldeak direla bide, bertako biztanleekin tentsioak piztu ditzakete.