Espainiako Estatu Liberalaren Eraikuntza eta Karlistaldia
Fernando VII.aren heriotza eta ondorengotza krisia
Fernando VII.a 1833an hil zen. Hura hil ostean, trantsiziozko etapa bat hasi zen, eta testuinguru horretan gerra zibil bat sortu zen: Lehen Karlistaldia. Aldi berean, Maria Kristina erregeorde bihurtu zen.
Fernando VII.ak alaba bakarra zuen, Isabel. Espainian indarrean zegoen Lege Salikoaren arabera, emakumeek ezin zuten erregina izan; lege horren arabera, erregeak tronua bere anaiari pasatu beharko ziokeen. Egoera horri aurre egiteko, 1789an onartutako Berrespen Pragmatikoa indarrean jarri zuen. Lege honen bidez, emakumeek tronua eskuratzeko eskubidea berreskuratu zuten. 1833an Fernando hil zenean, Isabel II.ak eskuratu zuen tronua, baina Karlos bere osabak ere koroa eskatu zuen. Ondorioz, Karlosen aldekoak, karlistak, matxinatu egin ziren.
Liberalismoaren banaketa eta korronteak
Bitartean, Espainiako estatu liberala eraikitzen hasi zen. Liberalismoa bi korronte nagusitan banatuta geratu zen:
- Liberal moderatuak: Absolutismoaren eta herri-subiranotasunaren arteko oreka lortu nahi zuten; oso kontserbadoreak ziren.
- Liberal aurrerakoiak: Gizarte eta politika-erreforma sakonak egin behar zirela defendatzen zuten.
Maria Kristina eta lehen erreforma liberalak
Erregea hil ondoren, Maria Kristina erregeorde bihurtu zen, bere alaba adingabea zelako. Maria Kristinak Cea Bermudezen gobernua izendatu zuen, eta gobernu horretan Javier de Burgosek erreforma sakonak bultzatu zituen, Espainia probintziatan banatuz.
Gerra hastearekin batera, Maria Kristinak Martinez de la Rosari deitu zion 1834ko Errege Estatutua idazteko. Estatutu horren arabera, Gorteek bi ganbara zituzten, baina sufragioa oso mugatua zen, jende gutxik baitzuen botoa emateko eskubidea.
Mendizabalen gobernua eta desamortizazioa
1835ean, Torenoko Kondeak hartu zuen gobernua. Gobernu aurrerakoia izan zen eta erreforma handiak abiatu zituen. Hiri-miliziak antolatu ziren zenbait hiritan, eta horrek matxinadak ekarri zituen. Egoera hartan, Maria Kristinak Mendizabali gobernua osatzeko agindu zion.
Mendizabalek sistema politiko liberala finkatu zuen. Haren egitasmo nagusia kleroaren desamortizazioari ekitea izan zen. Funtsean, "esku hilak" izeneko lurrak eta ondasunak merkatuan jartzea zen helburua. Liberalen asmoa ondasun horiek saltzea zen, aberastasun nazionala areagotzeko eta, nagusiki, klase ertain berri bat sortzeko.