Espainiako Ekonomiaren Garapena XIX. Mendean
Industrializazioaren Atzerapena eta Barne Merkatua
Industrializatze prozesuaren moteltasunak eta atzerapenak harreman estua dute barne merkatua egituratzeko zailtasunekin. Espainiako ekonomiaren antolaketa urriaren erantzule nagusiak erosle gutxi izatea eta garraiobide kaskarrak izan ziren. 1855etik aurrera, hasi zen Espainian trenbide sarea eraikitzen, Trenbide Lege Nagusia (TLN) onetsi zenean. Ordura arte trenbide linea gutxi batzuk zeuden.
Trenbide Sarea Eraikitzeko Legea (1855)
1855eko legeak garrantzi handia izan zuen sarea eraikitzeko, eta ondorengo urteetako ekonomia baldintzatu zuen. Madril erdigunea izanik, trenbide sarearen egitura erradiala finkatu zen, industriatik eta bizitasunik urrun. Errailen zabalera Europakoarena baino handiagoa izanik (Espainiako erliebea dela eta), Europarekiko hartu-harremanak oztopatu ziren. Legeak ez zien behartzen eraikuntza-enpresei muga-zergak ordaintzea. Horrek eragina izan zuen ekonomian.
Barne Merkataritzako Zailtasunak
Barne merkataritzako zailtasunei dagokienez, salgaien zirkulazioari oztopoak kentzeko behar ziren legeak XIX. mendeko lehenengo erdian. Helburua antzinako erregimenetik zetorren tokiko eta eskualdeko merkataritzaren muga estuak gainditzea zen, nazio mailako estatu bat eraikitzeko. Horretarako neurri batzuk hartu ziren: gremioen desagerpena, barneko pasabide zergak ezabatzea, merkataritzari tasak kentzea.
Garraio Sistema eta Eskualdeetako Garapen Eskasa
Nahitaezko beste osagaia, garraio sistema egoki bat sortzea, trenbideen eraikuntzaren zain egon zen. Baina Espainiako eskualde askotako industriaren garapen eskasa izan zen barne merkatua antolatzeko oztopo nagusia. Espainiar nekazarien zati handi baten erosmen ahalmen txikiak ekoizpena haztea oztopatu zuen, eskaririk ez zegoelako.
Kanpo Merkataritza
Kanpo merkataritzari dagokionez, esportazioek igoera nabarmena izan zuten (Europara), inportazioak mantsoago hazi baziren ere. Gehien esportatzen zirenak nekazaritza produktuak (oliba olioa...), mineralak eta kotoizko ehunak ziren. Hazkunde honen beste arrazoi bat kolonien galera izan zen, ordutik Europako ekonomia garatuekin sendotu baitzituzten harremanak, hala nola, Britainia Handia edo Frantzia.
Protekzionismoa vs. Librekanbismoa
XIX. mendean zehar ere protekzionisten eta librekanbisten eztabaida eman zen: batzuk Espainiako produktuak babestearen alde zeuden, eta beste batzuk nazioarteko merkataritza harremanak babestearen alde. 1876tik aurrera, protekzionistek irabazi zuten, bere aldeko lobby indartsu bat sortu zutelako (Bizkaiko siderurgiak, Kataluniako ehungileek eta Gaztelako lurjabeek osatuta).