Espainiako Demografiaren Bilakaera: Erregimen Zaharretik Gaur Egunera
Sarrera
Grafiko linealak Espainiako jaiotza-tasa, heriotza-tasa eta hazkunde naturalaren bilakaera adierazten du (1858-2007). Bertan, 1900. urtera arteko erregimen demografiko zaharra, 1900-1975 bitarteko trantsizio demografikoa eta 1975etik aurrerako erregimen demografiko modernoa islatzen dira. Oro har, XIX. mendean jaiotza-tasa eta heriotza-tasa altuak ziren, eta XXI. mendera arte jaisten joan dira biak, hazkunde naturala oso txikia izan arte.
Garapena
Erregimen Demografiko Zaharra
Erregimen Demografiko Zaharra XX. mendearen hasiera arte iraun zuen. Jaiotza-tasak balio handiak zituen arrazoi hauengatik: landa-ekonomia eta gizarte-egitura, eta jaiotzak kontrolatzeko sistema eraginkorrik ez zegoelako. Heriotza-tasa handia zen, izan ere, bizi-maila urria zen eta ez zegoen ia gaixotasunak sendatzeko medikamenturik. Elikadura-dieta eskasa zen, gaixotasun infekziosoak oso ugariak ziren; horrez gain, medikuntza oso atzeratuta zegoen eta higienerik ez zegoen. Heriotza-tasa katastrofikoak ere gertatzen ziren, esaterako: epidemiek, gerrek eta zerealen uzta txarrek eraginda. Horien eraginez, prezioak garestitu eta azkenean gosez hiltzen ziren. Haurren heriotza-tasa ere handia zen jaioberritan, erditze-arazoengatik, desnutrizioagatik eta infekzioengatik. Bizi-itxaropena oso txikia zen. Jaiotza-tasa eta heriotza-tasa handien ondorioz, hazkunde naturala txikia zen.
Trantsizio Demografikoa (1900-1975)
Erregimen demografiko zaharraren eta modernoaren arteko trantsizioa 1900 eta 1975. urteen bitartean gertatu zen. Jaiotza-tasak modu leun eta ez-jarraituan egin zuen behera. 1920ko hamarkadan, jaiotza-tasa beherakadatik berreskuratu zen. 1930 eta 1956 bitartean, beherakada berriz abiatu zen. Hainbat gertaerak eragin zuten beherakada hori: 1929ko krisi ekonomikoa, Bigarren Errepublika (1931-1936), Gerra Zibila (1936-1939) eta gerraosteko egoera (1940-1955). Gerraostean, milaka pertsonak erbestera jo zuten eta zailtasun ekonomiko handiak zeuden. Francok jaiotzen aldeko politika garatu zuen, jaiotza-sariak ezarri eta antisorgailuak debekatu zituen. 1956-1965 bitartean, jaiotza-tasa berreskuratu egin zen. Egile batzuek gerraosteko baby boom atzeratua izan zela esaten dute. 1965 eta 1975 urteen bitartean, familiaren tamaina txikiagotu egin zen berriro, batez beste bi edo hiru seme-alaba izatera pasatuz.
Heriotza-tasa orokorrak modu nabarmen eta jarraituan egin zuen behera. Heriotza-tasa katastrofikoak bi unetan gertatu ziren: 1918ko gripea eta Gerra Zibila. Arrazoiak bizi-mailaren gorakada eta medikuntza- eta osasun-aurrerapenak izan ziren, heriotza-arriskuak murriztu baitzituzten. Bizi-mailak gora egitean, dieta hobetu zen. Hezkuntza- eta kultura-mailak gora egin zuten, eta tradiziozko ohiturak bertan utzi ziren, umeek lan egiteari utzi zioten. Medikuntza-aurrerapen aipagarrienak txertoak eta antibiotikoak merkaturatzea izan ziren. Kliniketan erditzea orokortu zen, eta osasun publikoa hedatu zen. Osasunaren arloko aurrerapena higiene pribatua eta publikoa hobetzea izan zen. Haurren heriotza-tasak ere behera egin zuen, infekzioek eta desnutrizioak eragin ohi zituztenak. Pediatriaren eta haurren elikaduraren aurrerapenek lagundu zuten horretan. Bizi-itxaropenak gora egin zuen, lehenik, haurren eta amen heriotza-tasak behera egin zuelako, eta bigarrenik, helduen heriotza-tasak ere behera egin zuelako. Horren ondorioz, trantsizioko hazkunde naturala handia izan zen, batez ere 1920-1965 bitartean. Heriotza-tasak indarrez egin zuen behera, eta jaiotza-tasak ere bai. 1965etik aurrera, hazkunde naturala murriztu egin zen, heriotza-tasaren zifrak txikiak zirelako eta jaiotza-tasaren beherakada berriz ezarri zelako.
Erregimen Demografiko Modernoa (1975etik aurrera)
Gaur egungo erregimen demografikoa 1975etik gaur egunera luzatzen da. Jaiotza-tasak behera egin zuen 1975etik aurrera, eta zifra txikiak lortu zituen. Bi une bereizten dira:
1975-1998: Jaiotza-tasaren beherakada nabarmena
1975 eta 1998 bitartean, jaiotza-tasak indarrez egin zuen behera. Emakume bakoitzeko 2,1 seme-alaba izatetik, 1998an gutxieneko balioa lortu zuen arte jaisten jarraitu zen. Aldaketa ekonomiko eta soziokulturalak izan dira horren arrazoi nagusiak. Egoera ekonomikoaren eraginez, ezkontzeko adina atzeratu egin da. Espainiako gizarteak pentsamolde- eta balio-aldaketak izan ditu. Jaiotza-tasa jaisten lagundu dute, eta kasu batzuetan, abortua legeztatu da. Emakumeak etxetik kanpo lan egiten hasi dira.
1998tik aurrera: Jaiotza-tasaren berreskurapena
1998tik aurrera, jaiotza-tasa apur bat berreskuratu da, immigrazioaren eraginez. Immigrazioak jaiotza-tasa handiagotzen laguntzen du, adin ugalkorrean dauden emakumeen kopuruak gora egin duelako.
Heriotza-tasa orokorraren zifrak txikiak dira, baina tasa 1982tik gora egiten ari da. Hau ez da benetako heriotza-tasaren igoera, baizik eta biztanleriaren zahartzearen ondorioa, benetako heriotza-tasak behera egiten jarraitzen baitu. Gaixotasun infekziosoen garrantzia gutxitu egin da, eta hiru faktorek gora egin dute heriotza-kausa nagusi gisa: gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia eta errepideko istripuak. Haurren heriotza-tasa oso txikia da gaur egun, medikuntza-aurrerapenei esker. Bizi-itxaropenak ere gora egin du medikuntzaren aurrerapenei esker.
Sexuen, adin-taldeen eta gizarte-statusaren arabera, bizi-itxaropenean aldeak daude:
- Sexuaren arabera: Bizi-itxaropena handiagoa da emakumeen kasuan. Emakumeek sendotasun biologiko handiagoa dute arrazoi hormonal eta immunologikoengatik. Gizonezkoek, berriz, gerretan zuzenean parte hartu dute, lan gogorragoak egiten dituzte (higadura fisiko handiagoz eta istripuak izateko arrisku handiagoz), ohitura kaltegarri gehiago izan dituzte (elikadura- eta bizimodu-ohitura desordenatuagoak, tabakoa eta alkohola), eta errepideko istripu gehiago izan dituzte.
- Adinaren arabera: Bizi-itxaropena 1975etik adineko pertsonen taldean egin du gora gehien (70-80 urte), gazteen taldean (18-35 urte) baino gehiago. Azken horien kasuan, zifrak geldituta daude, errepideko istripuak, HIESaren agerpena eta hedapena, eta drogazaletasuna zabaldu zirelako.
- Gizarte-statusaren arabera: Bizi-itxaropena handiagoa da lanbide kualifikatuenetan, laneko hilkortasuna txikiagoa delako, eta gizarte-klase dirudunen artean, osasun-zerbitzu gehiago eta hobeak dituztelako.
Gaur egungo erregimen demografikoan, hazkunde naturalak behera egin zuen 1998ra arte, jaiotza- eta heriotza-tasak txikiak zirelako.
Ondorioak
Gaur egun gero eta zahar gehiago daude. Zaharrek, denbora asko bakarrik egoten direnez, estresagatik eta bakardadeagatik, arazoak gero eta errazago dituzte. Arazo nabarmenak minbizia, tumoreak eta Alzheimerra dira. Arazo horiek konpontzeko medikamentuak behar dira, eta lehenagotik arazoak saihestu behar dira, zaharrak lagunduz eta haiek jolasteko jarduerak prestatuz.
Jaiotza-tasa txikitzen ari da, gero eta guraso gehiagok erabakitzen baitute umeak ez izatea, krisia dela eta gastu handiak direlako eta mantendu behar zaielako. Beste jende askok ez du lanik, ezta itxaropenik ere; horregatik, ume bat izan baino lehen, bi aldiz pentsatzen dute. Hori aldatzeko, jaiotza-tasak igotzeko neurri zehatzak proposatzen ditugu, besteak beste:
- Umeak jaiotzerakoan diru-laguntzak ematea.
- Lan-ordutegien malgutasuna edukitzea, umeak zaindu ahal izateko.
- Umeak adoptatzeko erraztasunak jartzea, izan ere, guraso gabeko ume asko daude adopziorako zain, eta adopzioak errazagoak izango balira, adopzioan ume gutxiago egongo lirateke.
Gainera, gobernuak laguntzak jarri beharko lituzke, hala nola haurtzaindegiak, gurasoek lanera joateko eta umeak han uzteko aukera izan dezaten.