Erromoko Jaiak: Tradizioa vs. Turismoa
Erromoko Jaiak: Herritarrentzat ala Turistentzat?
Badakit denborak aldaketak ekartzen dizkigula bizitzan zehar. Umeak jaio, hazi, bizi eta hil egiten dira. Gure auzoek, umeak bezala, aldaketak dauzkate, eta hori primeran dago, bizirik eta etorkizunari begira dagoela erakusten duelako. Baina aurten gure herriko jaiak guztiz desberdinak izan dira, turismo gehiago erakartzeko. Ezin dugu gure tradizioa galdu, jaiak herrikoentzat dira, ezta? Erromoko auzokide bat baino ez naiz, hori badakit, baina iritzia daukat eta udalak entzutea nahi dut.
Orain arteko Jaien Antolakuntza
Kontua da orain arte Erromoko jaiak Erromoko jai batzordeak antolatzen zituela. Herriko jendearekin ados egoteak jaien programa ona denontzat lortzen laguntzen zuen. Ohiko ekintzak egiten genituen, hala nola:
- Mus txapelketa
- Dantzak
- Koadrilen poteoa
Nahiz eta jaiak ez ziren oso ospetsuak, herriko jendea pozik zegoen egun horietan, ume bat zapata berriak jantzita bezala. Giro ona zegoen tabernetan, eta ez zegoen borrokarik, ezta oihurik ere herri osoan.
Aurtengo Aldaketak eta Ondorioak
Aurten dena aldatu egin da. Egia da lehen ez zegoela diru asko antolatzeko; orain, aldiz, udalak erabili duen diruari esker, “La Pantoja” deritzon abeslaria etorri da herrira. Azken urteotan herriko jendea baino ez zegoen jaietan; aurten, ordea, kanpotik etorri diren gaztez beteta egon da. Erromoko jaiak Sanferminak baino ospetsuagoak dira orain.
Aldaketen Eragin Negatiboa
Amaitzeko, esango dut aldaketa txarrak igaro ditugula aurtengo jaietan. Orain, “La Pantoja”k herriko plaza nagusian abesten duen bitartean, koadrilen playbacka plaza txiki-txiki batean egiten dugu. Ez daukagu lekurik marmitako txapelketa prestatzeko, jende gehiegi dagoelako kaleetan. Gainera, giroa ez da berdina, ez da herriko giroa, eta hori nabaritzen da. Udalak erabakitzen du programazioa, herrikoek ezin dute ezta gauza bat ere esan.
Deia Tradizioa Berreskuratzeko
Nire ustez, ez dago eskubiderik. Ez nituzke aldaketak onartuko eta berriro jai batzordea jarriko nuke. Herri gisa, behar duguna egin behar dugu gure jai tradizioa berreskuratzeko. Jaiak aldarrika ditzagun!
Azala Salgai: Publizitatearen Muga Berriak
Atzo esnatu nintzen, ireki nituen pertsianak, eta eguraldi ederra zegoenez, erabaki nuen taberna batera joatea gosaltzera. Kafea eta egunkaria eskuan hartuta, terrazara irten nintzen. Zigarroa erretzen nuen bitartean, nire arreta deitu zidan albiste bat ikusi nuen. Dirudienez, AEBetan publizitatea gorputzean tatuatzen hasi dira, eta salmentek nabarmen egin dute gora denbora gutxian.
Publizitatearen Bilakaera
Harrituta geratu nintzen hura irakurri ondoren, eta hasi nintzen pentsatzen nola aldatu diren garaiak. Lehen, orain baino publizitate gutxiago zegoen. Noski, argi dago ez zegoela hainbeste komunikabide eta ez zeudela hain garatuta. Hau da, orain dela berrogeita hamar urte, kanal bakarra zegoen telebistan.
Publizitatearen Nonahikotasuna
Orain, berriz, publizitatea daukagu edozein lekutan, hala nola: telebistan, ordenagailuan, mugikorrean… Telebistan kanal asko ikus ditzakegu, eta horren ondorioz, publizitate gehiago ikusten dugu. Honekin batera, gaur egun, produktu mota asko daude merkatuan, eta enpresek josten gaituzte publizitatearekin beraien produktuak eros ditzagun.
Publizitatearen Etorkizun Kezkagarria
Bestalde, publizitatea gero eta hedatuago egongo da. Baina ezin dut imajinatu nolakoa izango den etorkizunean: eraikinetako fatxada nagusietan, New Yorken bezala? Edo ikastoletan? Ikasleen pupitreetan, adibidez, Coca-Cola iragarki bat itsatsita, edo McDonald's iragarki bat duela. Arraroa, ezta? Bueno, behintzat niri arraroa egingo litzaidake. Espero dut haraino ez heltzea.
Publizitatearen Beharra eta Mugak
Bistan dago publizitatea beharrezkoa dela, baina zentzuz eta neurriz. Ondo dago azala saltzea produktu batzuk iragartzeko? Dudarik gabe, bakoitzak egin dezake nahi duena gorputzarekin, baina uste dut mugak jarri behar ditugula eta ezin ditugula zeharkatu. Bestela, noraino heltzeko gai izango gara?
Gero eta Istilu Gehiago Eskola-Kirolean: Erruduna Nor?
Joan den asteburuan, egunkarian irakurri nuen ikastetxe batean berriro sortu dela istilu bat, eta berriro eskola-kirolean izan dela. Nire 12 urteko semeak ikastetxeko futbol taldean jokatzen du, eta egoera horrek kezkatzen nau. Horregatik, idaztea erabaki dut nire iritzia emateko.
Istiluen Gorakada Ikastetxeetan
Dirudienez, gero eta istilu gehiago gertatzen dira ikastetxeetan, eta gure ikastetxea ez da salbuespen bat. Adibidez, ostiralean, gure futbol zelaian, bi guraso ia borrokan hasi ziren. Nire semea zelaian jokatzen ari zen bitartean, nire ondoan kristoren istilua gertatu zen. Gizon batek, oihuka eta zigarro bat ahoan, txalo egiten hasi zen. Horrek hankak apurtzeko agindu zion bere semeari ozenki, eta bere semeak, hori entzunda, ostikada bat eman zion aurkakoari, baloia hartu, korrika egin, eta harro-harro bere aitari keinu bat egin zion. Bat-batean, beste umearen aita agertu zen, eta ia elkarren kontra borrokan hasi ziren. Bitartean, futbol zelaian, 12 urteko mutil bat zegoen odola zeriola.
Lehiakortasunaren eta Indarkeriaren Eragina
Ez dago eskubiderik! Zergatik gertatzen da hori? Nire ustez, lehiakortasun gehiegi dago bai gure gizartean bai kirolean. Umeen artean lehiakortasuna bultzatzen da, eta gurasoek, ezbairik gabe, ardura daukate. Badirudi gizarte bortitz honetan irabaztea garrantzitsuena dela, eta berdin dela nola lortu. Zergatik daude hainbeste istilu futbol zelaian? Ez dakit, ama kezkatu bat baino ez naiz, baina egia da telebistan gero eta borroka gehiago ematen dutela, hala nola marrazki bizidunetan, filmetan eta teleberrietan. Agian horrek eragina dauka gure umeen jokaeran. Gainera, nire ustez, gurasoak eredua gara gure seme-alabentzat, eta guk egiten dugun moduan, haiek oihu egingo dute ala ez, borroka egingo dute ala ez.
Proposamenak Egoera Hobetzeko
Amaitzeko, egoera hauek ekiditeko neurri batzuk proposatu nahi nituzke. Lehenik eta behin, batzar bat antolatuko nuke guraso guztiekin arazo honi buruz hitz egiteko. Egoera larria da, eta denon artean zerbait erabaki eta egin beharko genuke gure ikastetxean. Gainera, futbol zelaian neurri berezi batzuk jarraitzea komenigarria izango litzateke, adibidez, oihuka debekatzea gurasoen artean. Zer deritzozue? Espero dut ados egotea!