Erromatar Antzerkigintzaren Historia: Jatorria eta Generoak

Latina3,02 KB

Erromatar antzerkigintzaren lehenbiziko idazkiak

K.a. 240. urtean sortu zen erromatar antzerkigintza. Hasierako adierazpen nagusiak honako hauek izan ziren:

Hasierako herri-antzezpenak

  • Carmina Fescennina: Etrurian dagoen Fescennium izeneko hiriko antzezpenak, nekazari-munduko jaiak ospatzen zituztenak. Nekazariek bertsotan egindako elkarrizketak ziren, eduki satiriko eta lizunarekin.
  • Farsa Atellana: Atella hirian jatorria duten bertsoak. Antzezpenak ziren hauek ere, baina nolabaiteko argumentu bati jarraitzen zioten. Aktoreek maskarak daramatzate arketipo batzuei erantzunez:
    • Pappus (maitemindutako agurea)
    • Maccus (tripazaina)
    • Buccus (ahoberoa)
    • Dosennus (kokor maltzurra)
    • Manducus (jatuna)
  • Satura: Fescennina-etatik datozela dirudi, elkarrizketa, musika eta dantza gehituz. Antzezpen dramatikoen aurreko elementua dugu, argumentum-a bakarrik falta baitzaigu.

Antzerkigintza garai arkaikoan

K.a. 240. urtean, Erroman, Livio Andronicok grekeratik itzulitako antzezlan bat antzeztu zen lehen aldiz. Antzezlanak bi multzo handitan banatzen ziren:

Tragedia eta komediaren ezaugarriak

  1. Tragedia: Pertsonaia nagusiak jainko-jainkosak dira eta hizkuntza aldetik goi-mailakoa edo kultoa da.
  2. Komedia: Protagonistak kaleko gizakumeak dira eta hizkera kalean erabilitakoa da.

Erromako bi genero hauek greziarren itzulpen hutsak edo moldaketak izan ziren hasieran; gaiak, lekuak eta pertsonaiak greziarrak ziren.

Greziar eraginpeko generoak

  • Fabula Graecanica edo Cothurnata: Itzulitako greziar tragediak dira. Izena greziar aktoreek erabiltzen zituzten zapatetatik (cothurnata) dator.
  • Fabula Palliata: Grekeratik itzulitako komediak. Palioa greziar jantzi bat zen.

Erromatar gaietako generoak

Geroago, erromatar gaiak, lekuak eta pertsonaiak dituzten obrak sortu ziren:

  • Fabula Praetexta: Erromatar tragedia. Izena erromatar umeek eta magistratuek janzten zuten soinekotik dator.
  • Fabula Togata: Erromatar komedia. Toga erromatarren berezko janzkera zen.

Egile nagusiak eta generoen bilakaera

Tragedia: Pacuvio eta Accio

Erromatar tragediagile nagusiak izan ziren, nahiz eta haien obretatik zati txiki batzuk bakarrik iritsi zaizkigun. Aipagarriena haiek asmatutako zenbait terminoren erabilera da.

Fabula Togata eta haren gainbehera

Palliata generoa agortzen ari zela sortu omen zen. Batzuen ustez, greziarren aurkako erromatar abertzaletasuna azpimarratzeko asmoz jaio zen. Titinio eta Afranio dira idazle aipagarrienak, baina generoak ez zuen espero zuten bezainbesteko arrakastarik izan.

Deskargatu

PDF Word HTML