Erromatar Antzerkia: Historia, Generoak eta Plauto
Erromatar antzerkiaren jatorria eta bilakaera
Antzerkia: Kristo aurreko III. mendean antzeztu ziren lehenengoz Greziatik ekarritako tragediak eta komediak. Latinera itzulita egon arren, antzeztutakoaren giroa greziarra zen. Itzulitako greziar tragediei fabula cothurnata deitzen zitzaien, eta komediei, berriz, fabula palliata.
Erromatarrak euren tragediak eta komediak idazten hasi zirenean, giroa erromatarra bihurtu zen. Horrela, tragediei fabula praetexta deitu zieten eta komediei fabula togata. Garaiko idazle berriek fabula togata alde batera utzi zuten, eta Greziako komediek indarra galdu zuten.
Tragediaren eta komediaren arteko aldeak
Tragediek ez zuten arrakasta handirik izan, bi arrazoi nagusiengatik: alde batetik, atsekabeak plazaratzen zituztelako eta, bestetik, hizkera ulertezina zutelako. Herritarrek nahiago zuten komediak ikustera joan, amodio kontuak eta istorio dibertigarriak atseginagoak baitziren, hizkera ulergarriagoa izateaz gain.
Antzezlanen pertsonaia ohikoenak
- Soldadu harroputza
- Neskato maitemindua
- Esklabo gezurtia eta iruzurtia
Plauto (K.a. 254-184)
Ezer gutxi dakigu Plautoren bizitzari buruz. Ikertzaile batzuek diote esklaboa izan zela, ondo adierazten baitu antzezlanetan esklaboen egoera; beste batzuek, ostera, dirudun familiakoa zela eta ikasketak jaso zituela, ondo erabiltzen baititu latin hizkuntzaren ñabardurak. Muturreko teoria bi horiek alde batera utzita, badirudi Plauto goiz hasi zela antzerki munduan, aktore gisa ziurrenik, baina komediak idazten hasi zenean lortu zuen ospea.
Plautoren lan nagusiak
Plautoren komedia guztiak palliata motakoak dira (istorioa, lekua eta janzkera greziarrak). Horien artean ezagunak dira honako hauek:
- Miles gloriosus (Soldadu harroputza)
- Asinaria (Astoarena)
- Mostellaria (Mamuarena)
- Pseudolus (Iruzurtia)
- Captivi (Gatibuak)
Pertsonaiak eta esklaboaren garrantzia
Pertsonaiek (nagusiak zein bigarren mailakoak) esklaboaren inguruan jarduten dute komedia guztietan, horren gezurrek, iruzurrek eta azpijokoek erabakitzen baitute zein izango den gainerako pertsonaien geroa. Horrez gain, ikusleek askotan txalotzen zituzten esklaboaren ateraldiak, keinu lizunak eta hitz itsusiak.
Hizkera eta estiloa
Hizkera aberatsa erabiltzen du Plautok: zehatza eta adierazkorra, herri-hizkeratik hartua, eta pertsonaiei eta giroari egokitua. Goi-mailako pertsonaiek hizkera fina eta jasoa dute; behe-mailakoek, berriz, barre-algara bilatzen duen hizkera lotsabakoa eta lizuna.