Erromanikoa Europan: Donejakue Bidearen Eragina eta Ezaugarriak
Kontuan hartu behar da garai honetan Donejakue Bideari esker arte erromanikoa Europan zehar hedatzen lagundu zuela. Konpostelako Santiagora iristeko lau bide desberdin zeuden, eta herrialde desberdinetatik erromesak joaten ziren.
Arkitektura Erromanikoaren Ezaugarriak
- Aurreko estiloetako elementuak aurkitzen dira. Eraikuntza erromanikoak aurreko esperientziak jaso zituen, hala nola, Erromako, Bizantzioko eta islameko eragina.
- Material aldetik, harria izaten da nagusi. Harlanduzko murruak dira ohikoenak.
- Euskarrien artean, zutabeak eta pilareak erabiltzen dira. Gainera, erromanikoa aurrera doan heinean, pilare kruziformeak eta pilare konposatuak erabiliko dituzte.
- Erdi puntuko arkuak askotan erabiltzen dira, eta askotan txaranbelduak izaten dira arkiboltekin. Arku fajoiak gangaren barrualdean agertzen dira.
- Metrika eta neurri zehatzei garrantzi handia ematen diete.
Oinplanoa:
- Gurutze-latindarrekoa. Hiru nabeekin, erdikoa goratuagoa.
- Transeptua ageri du. Erdiko nabea eta transeptua elkartzen diren gunea: gurutzadura.
- Burualdean abside erdizirkularra agertzen da. Honen bueltan girola edo deanbulatorioa.
- Basilikala ere ematen da.
Altueran hiru maila:
- 1. maila: arkuteria
- 2. maila: tribuna edo galeria (triforioa, batzuetan itxurazkoa)
- 3. maila: klaristorioa edo baoen gunea
- Kanpotik monumentala izaten da.
- Normalean, nabe nagusia kanoi-gangaz estaltzen da, eta albokoak ertz-gangaz.
- Bao estuak edo txikiak ageri dira (turuta itxurakoak), eta bertatik ez da argi asko sartzen. Iluntasuna eta argi gutxi.
- Barrualdean, espazio fokalizatua nabarmentzen da, aldare nagusirantz zuzentzen duena.
- Kanpoaldean, bolumetria oso markatuta dago, horizontala nagusiki, dorreengatik bakarrik apurtua.
- Portada monumental eta dekoratuak dira, erromanikoa aurrera doan heinean.
- Arkitektura erromanikoan egindako eraikuntzak tenplu eta monasterioak dira. Monasterioen ezaugarri nagusia, berriz, klaustroa izaten da.
Arkitektura Erromanikoa Europan
Eskola desberdinak sortu ziren. Eskualde bakoitzeko tradizio arkitektonikoek eta eraikuntza ordaintzen zuten komunitateen baliabide ekonomikoek izan zuten eragina eskola hauetan.
Frantzia
- Eraikuntza erromaniko ugari dago, eta eskualdeka desberdintasun handiak.
- Borgoinan, Clunyko abadia edo monasterio benediktinarra da aipagarrienetakoa. Hemendik aurrera, monasterio klunitar guztiak horrela antolatuko dira.
- Beste eraikuntza aipagarri batzuk: Vezelayko Sainte Madeleine eliza, Autungo Saint Lazare, Poitiersko Notre Dame, Angulemako katedrala, Perigueuxko Saint Front, Tolosako Saint Sernin, Conqueseko Sainte Foy, Caengo Saint Etienne, Mont Saint Michelekoko abadia-eliza.
Italia
- Italiako iparraldean (Lonbardia), erdialdean (Toskana eta Umbria) eta hegoaldean (Sizilia); baita Venezian ere.
- Toskana inguruko ezaugarri aipagarria da kanpoaldeari ematen dioten garrantzia: horretarako, erromatarrek erabilitako teknikak berreskuratuko dituzte, adibidez, fatxadaren marmolezko estaldura eta sabaia ateburuduna. Pisako multzoa, Florentziako San Miniato al Monteko eliza eta Florentziako bataiategia eta katedrala aipa daitezke.
- Lonbardian, kanpoko murruetan zerrenda bertikalak eta arku itsuen eta arku-galerien erabilera hedatu zen. Hargin lonbardiarren eraikuntza teknika hauek eragina izan zuten Kataluniako arkitektura erromanikoan ere.
- Venezian, eragina bizantziarra da nagusi, espazio kontzepzio berezian eta urre koloreko mosaiko aberatsetan (San Markos basilika).
Ingalaterra
- Normandiarren ereduak katedraletara zabaldu ziren. Durhameko katedrala.
Alemania
- Elementu konkretu batzuek bereizten dute erromanikoa: transeptu bikoitza eta haien besoen ertzetan goratzen den dorre bana, gurutzaduraren gaineko bi domo desberdinak, baita murru eta dorreak errematatzeko arku sailak eta arku itsuak ere. Adibideen artean Wormseko katedrala aurkitzen da.
Espainia
- XI. eta XII. mendeetan zehar hedatu zen Arte Erromanikoa Penintsulako iparralde kristauan. Hegoaldean, berriz, musulmanen kultura zen nagusi.
- Donejakue Bideak hartu zuen garrantziari esker sartu eta eratu ahal izan zen erromanikoa Penintsulan.
- Ekarpen klunitarrez gain, bisigodoen, mozarabiarren, asturiarren eta karolinjioen tradizioak batu ziren, eta, horren ondorioz, nortasun handiko artea sortu zuten.
- Kataluniako erromanikoa XI. mendean garatu zen. Ezaugarrien artean banda bertikalak eta arku txikiekin egindako apaindurak dira aipagarri. Adibide garrantzitsuenak Rodako Sant Pere eta Ripolleko Andre Maria monasterioak dira nagusi. Mendialdeko eliza txikietan Tahulleko Sant Climent eta Andre Maria dira aipagarri.
- Donejakue Bideari esker, beste hainbat adibide daude penintsula iparraldean. Horien artean: Nafarroako Leireko kripta; Aragoiko Jacako katedrala eta San Juan de la Peña; Gaztelako Santo Domingo de Silos eta San Martin de Fromista; eta Leongo San Isidoro eliza eta Zamorako katedrala.
- 1075ean eraikitako Konpostelako Donejakue katedrala oso eraikuntza garrantzitsua da. Erromesaldirako eliza honek tamaina itzela du, bere baitan fededun ugari hartu ahal izateko.