Erregionalismoak, Nazionalismoak eta 1917ko Krisia Espainian
Gudarosteak Politikan Esku Hartzea eta Militarismoa
Alfontso XII.aren erregealdian, gudarosteak botere zibilaren mende jardun zuen. Baina, Alfontso XIII.aren erregealdian, egoera aldatu egin zen.
1906. urtean, Jurisdikzioen Legea aldarrikatu zelarik, aurreko garaietan izandako protagonismo politikoa berreskuratu zuen gudarosteak.
Erregionalismoak eta Nazionalismoak
Katalunia
Katalunian, burgesia industrial eta komertzialak kolpe latza jasan zuen Ameriketako azken koloniak desagertzearen ondorioz, kolonia haiek baitziren bere produktuen merkatu nagusiak. Egoera horrek bultzatuta, nazionalismotik eta erregenerazionismotik gero eta hurbilagoko jarrera hartu zuen burgesia hark.
1901ean, Lliga Regionalista sortu zen, Kataluniaren autonomia aldarrikatzeko. 1906ko Jurisdikzioen Legearen onarpenak eta Gobernuek katalanen aldarrikapen autonomistei entzungor egin izanak bultzatuta, Solidaritat Catalana sortu zen; alderdi hark Ligako nazionalistak eta errepublikanoak bildu zituen, eta Kataluniako indar politiko nagusia izatea lortu zuen.
1914an onartutako Mankomunitateen Legeari esker, nolabaiteko deszentralizazioa bideratu zen administrazioan. Halaxe sortu zen Kataluniako Mankomunitatea; haren jarduera, batik bat, azpiegituren eta kultura-politikaren garapenean oinarritu zen. Politikari katalanistek Gobernu zentralarekin lankidetzan jardun zuten, eta, horren erakusgarri, zenbait ministro-kargu bereganatu zituen Cambók berak. (Euskal nazionalismoa, Galizia, Andaluzia, Valentzia, Aragoi)
1917ko Krisia
1917an, Alfontso XIII.aren erregealdiko krisi latzena lehertu zen, zenbait arrazoi zirela eta:
- Lehen Mundu Gerraren amaierak larriagotu egin zituen zailtasun ekonomiko eta sozialak, behera egin baitzuten espainiar neutraltasunari esker indartutako negozioek. Ekoizpen-jardueraren jaitsieraren eraginez, hornidura-arazoak eta espekulazioa sortu ziren, eta iraupen-krisi larria eragin zuen horrek; krisiak gizarteko talde pobreenei kalte egin zien, batik bat. Gizarte-asaldura areagotu egin zen, sindikatu-erakundeen eskutik.
- Dato kontserbadorearen politikarekin haserre zegoen parlamentari-talde batek protesta egin zuen, Datok etengabe deklaratzen zuelako salbuespen-egoera (berme konstituzionalak aldi batez eteten direnean) gizarte-egonkortasunik ezak bultzatuta.
- Gudarostean sortutako arazoak: Afrikanistek erregearen mesedea zuten eta aise lortzen zuten gudarostean gora egitea; Espainiako lurralde militarrek, aldiz, bizimodu latza zuten kuarteletan. Egoera horrek bultzatuta, penintsulako ofizialek Defentsa Batzordeak sortu zituzten: gudarosteko maila-igoerak antzinatasunaren arabera onartzea eskatzen zuten militar-talde haiek.
Testuinguru horretan, Cambó katalanistak Parlamentarien Biltzarra antolatu zuen Bartzelonan, 1917ko uztailean. Liberalek, erregionalistek, errepublikanoek eta sozialistek parte hartu zuten biltzar hartan; aldiz, mauristek ez, eta Gobernuaren aldeko diputatu kontserbadoreek ere ez. Gorte konstituziogileak elkartzea eskatu zuen Biltzarrak, baina parlamentarien arteko desadostasunak zirela eta, desegin egin zen.
Urte hartako abuztuan, UGTk (sozialistak) eta CNTk (anarkistak) Espainiako historiako lehen greba orokorra antolatu zuten. Politikariek bertan behera utzi zituzten beren asmo erreformistak, eta Defentsa Batzordeek modu aktiboan parte hartu zuten langile-mugimendua zapaltzen. Hala, grebak porrot egin zuen, eta langileen buruzagiak atxilotu zituzten.