Ernalketa eta Haurdunaldia: Prozesua eta Metodoak
Ernalketa eta Haurdunaldiaren Hasiera
Obulazioa hilekoa etorri baino hamalau egun lehenago izaten da, normalean. Graafen folikulutik askatutako obuluak Falopioren tronpa zeharkatzen du eta umetokira iristen da. Astebetetik gora ematen du obuluak ibilbide hori egiten.
Obulazioaren ondorengo 24 orduetan soilik ernal daiteke obulua, Falopioren tronpan zehar egiten duen bidaian.
Koitoa edo sexu-ekintza zakila baginan sartzean datza. Hazia isurtzean, espermatozoideak baginaren barruan askatzen dira.
Obulua ez bezala, espermatozoideak oso bizkorrak dira. Baginatik igo, umetoki-lepoa zeharkatu eta Falopioren bi tronpetara iristen dira; hori guztia, ordu gutxi batzuetan. Gainera, hiru egunetik bost egunera bitartean iraun dezakete bizirik emakumezkoen ugaltze-aparatuaren barruan. Beraz, sexu-ekintza obulazioaren aurreko egunetan izaten bada, haurdun geratzeko aukera asko dago.
Obulua eta espermatozoideak elkartzen badira, espermatozoideek obulua inguratzen dute, baina batek baino ez du lortzen obuluaren babes-estalkia zeharkatzea eta burua barruan sartzea; ondoren, isatsa askatzen zaio. Espermatozoidearen material genetikoa eta obuluarena bateratu egiten dira, eta horrela osatzen da ernalketaren prozesua. Sortzen den zelulari zigotoa edo obozelula deritzo.
Haurdunaldiaren Garapena
Zigotoa sortzean, Graafen folikuluaren endekapena eragozten duen substantzia bat eratzen da. Folikuluak, beraz, progesterona ekoizten jarraitzen du, eta horrela, endometrioak bizirik eta funtzionatzen irauten du. Endometrioa endekatzen ez denez, ez da hilekorik izaten, eta horixe hartzen da haurdun egotearen lehen sintomatzat.
Zigotoa berehala hasten da zatitzen, eta berdin-berdinak diren bi zelula eratzen ditu. Zelula horiek, ordu gutxitik behin bikoizten dira. Umetokira heltzeko behar dituzten egunetan, ehunka zelula izatera iristen dira eta, gutxi gorabehera, zentimetro erdiko diametroa duen esfera hutsa eratzen dute. Zelula-esfera hori umetokira heltzean endometrieari itsasten zaio. Une horretatik aurrera, enbrioia esaten zaio, eta hiru egitura garrantzitsu garatzen dira:
Plazenta
Endometrioan plazenta izeneko organo bat garatzen da, amaren eta enbrioiaren arteko lotura egiteko.
Zilbor-estea
Enbrioia eta plazenta lotzen ditu, eta barruan hiru odol-hodi dituen hodi batek osatzen du. Odol-hodi horietako bi arteriak dira eta mantenugaiak garraiatzen dituzte amarengandik enbrioiarengana. Hirugarrena, berriz, zaina da, eta hondakin-substantziak eramaten ditu enbrioiarengandik amarengana.
Zaku Amniotikoa
Likido amniotikoa deritzonaz betetako zakua da; haren barruan egoten da enbrioia.
Haurdunaldia Saihesteko Metodo Naturalak
Ogino metodoa, tenperatura basala eta umetoki-lepoko mukiari behatzea obulazio-egunari igartzeko moduak dira; hala, uko egiten zaio sexu-harremanak izateari, ustezko obulazio-eguna baino bost egun lehenago, eta bost egun geroago.
Ez dira oso metodo seguruak. Haurdun geratzeko arriskua nahiko handia da, obulazio-eguna aldatu egin baitaiteke.
Antzutasunaren Tratamenduak
Tronpen Lotura
Falopioren tronpak ebaki eta josi egin dira, obuluak igaro ahal izateko eta espermatozoideekin topo egiteko.
In Vitro Ernalketa
Emakumeak hormonak hartu behar ditu obuluak sortzeko; obulu horiek erauzi egiten dira eta laborategian ernaldu, gizonaren espermatozoideak erabilita. Zigotoak zatitzen hasten direnean, batzuk amaren umetokian ezartzen dira. Askotan gertatzen da haurdunaldi anizkuna gertatzea.