Enpresen Finantzaketa: Propioa eta Besteren Baliabideak
Enpresa orok behar izaten ditu diru-baliabideak, bere ekonomia-jarduerak gauzatzeko egin beharreko inbertsioak finantzatzeko. Askotan, bankuen finantza-sistema baliatzen dute enpresek baliabide horiek lortzeko, baina ez da beti hala izaten. Enpresek erabiltzen dituzten diru- edo finantza-baliabideak, zer jatorri duten, bi motatan sailkatzen dira:
Finantzaketa Propioa (Autofinantzaketa)
Baliabide propioak enpresaren baliabide egonkorrenak dira, inoiz itzuli behar ez direlako, eta, beraz, haingatik interesik ordaindu behar ez delako. Jabeen ekarpenek eta erreserbek osatzen dituzte baliabide propioak.
Jabeen Ekarpenak
Aurreko atalean azaldu genuenez, enpresa baten jabetza-ehunekoak eskuratzeko, haren akzioak erosten dira merkatu espezializatuetan, esaterako, burtsan. Akzioak erosten dituenak baliabideak jartzen ditu enpresaren esku, haren jarduerak finantzatzeko. Horren truke, enpresaren kudeaketan parte hartzeko eskubidea lortzen du, bai eta etekinen banaketan parte hartzeko ere (dibidendu).
Erreserbak
Enpresa handiek soilik dute akzioak jaulkitzeko ahalmena, baliabideak lortzeko. Enpresa gehienentzat, ordea, autofinantzaketa da diru-baliabideak lortzeko modu bakarra; hau da, enpresek beren jardueraren bidez sortzen dute behar duten dirua. Erreserbak enpresan banatu gabe geratzen diren baliabideak dira, autofinantzaketarako baliatzeko.
Besteren Baliabideen Bidezko Finantzaketa
Enpresek, beren finantzaketaz gain, beste baliabide batzuk ere behar izaten dituzte, eta besteren finantzaketara jotzen dute. Merkataritza-kreditua, maileguak, jesapenak eta funts espontaneoak.
Merkataritza-Kreditua
Enpresak hornitzaileei egindako erosketak ordaindu gabe uztean lortzen duen finantzaketa automatikoa da. Hortaz, enpresak erositako materialak edo hornigaiak balia ditzake, bai eta haiek balio duten dirua ere.
Maileguak eta Kredituak
Bezeroek bitartekari bankarioei eskatu ohi dizkieten diru-kantitateak dira, beren inbertsio-proiektuak eta epe laburrerako jarduerak finantzatzeko. Adostutako interesekin, epeetan eta baldintzetan itzultzeko ematen dira. Maileguak epe laburrekoak izan daitezke edo epe luzekoak.
Jesapenak
Enpresa jakin batek diru asko behar badu, baina bankuek eta kutxek eskaintzen dizkioten maileguen baldintzak ez bazaizkio onargarriak iruditzen, partikularrei eska diezaieke mailegua. Honetan datza jesapen bidezko finantzaketa modua: beharrezko zenbatekoa enpresak saldu nahi adina titulutan banatzen da, titulu guztiek zenbateko bera izanik, eta baldintza berdinetan. Titulu horiek aurreztaile partikularrek nahiz enpresek erosten dituzte, eta, gero, enpresak diru hori interesekin batera itzultzen du, adostutako baldintzetan.
Funts Espontaneoak
Enpresak eskuragarri dituen baliabideak dira, oraindik aurreikusitako helbururako erabili ez dituelako; adibidez, enpresak Ogasunari edo Gizarte Segurantzari dagokionean ordaindu beharreko dirua, edota langileei ordaindu gabeko soldatak.