Enpresaren Oinarrizko Kontzeptuak
Ekoizpen-faktoreak
Ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko, enpresak sargaiak edo inputak behar ditu. Ekoizpen-faktoreak deritze, eta hiru kategoriatan sailkatzen dira:
Natura-baliabideak: Naturatik ateratzen diren ondasunak dira; landu daitekeen lurra, ura, mineralak eta energia-baliabideak, besteak beste.
Lana: Pertsonak ekoizpen-jardueran egiten duten lan intelektuala edota fisikoa da. Eskulana deritzoguna da.
Kapitala: Ekoizpenerako beharrezkoak diren inbertsio-ondasunak dira, hala nola makinak, lokalak, etab.
Agente ekonomikoak
Hiru hauek dira: familiak, enpresak, eta Estatua edo sektore publikoa.
Familiak: Zer kontsumitu erabakitzen duten agenteak dira, eta ekoizpen-faktore batzuen jabeak ere bai.
Enpresak: Zer ekoitzi eta banatu behar dena erabakitzen duten agenteak dira.
Estatua: Administrazio publikoek osatzen dute, eta gizarte osoaren ongizatea lortzea da haien helburua.
XX-XXI. mendeak: Enpresaburu liderra
(W. G. Bennis, 1925)
Gaur egun, enpresaburuak lider eta estrategia ona izan behar du, helburuak betetzeko. Lidergoaz hitz egiten dugunean, lider gisa jarduteko behar diren gaitasun pertsonalez ari gara.
Enpresaburuaren funtzioak
Ekintza plana egin
Kudeatzea: Ezarritako helburua lortzeko.
Antolatzea eta koordinatzea: Elementuak ordenatu.
Kontrolatzea: Ezarritako helburuak nola betetzen ari diren ikusi eta zuzenketak egiteko.
Enpresaren elementuak
- Giza faktoreak
- Enpresarekin lotura zuzena duten pertsona fisikoak zein juridikoak dira, direla kapitalaren jabeak, direla langileak.
- Faktore materialak
- Enpresaren ondasun ekonomikoak dira. Bi mota daude: kapital finkoa, ekitaldi bat baino gehiago irauten duten ondasunek osatutakoa, eta kapital zirkulatzailea, ekitaldi bakoitzean berritzen dena.
- Antolakuntza
- Giza taldeak elkarrekin eta kanpoarekin jarduteko erabiltzen duten egitura.
- Ingurunea
- Arauak, bezeroak eta hornitzaileak biltzen ditu. Batetik, ingurune orokorra dago, enpresa guztiei oro har eragiten diena. Bestetik, ingurune espezifikoa, enpresa bati zehazkiago eragiten diona.
Enpresa-helburuak
Enpresaren oinarrizko helburua balio ekonomikoa sortzea da.
Horrez gain, enpresak errentagarritasuna handitu nahi du, inbertitutako kapitalari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Horrenbestez, haztea ere enpresaren helburu nagusietako bat izango da.
Enpresaren beste helburu garrantzitsu bat gizarte-erantzukizuna da: erantzukizuna du harremana duten taldeekiko, eta baita gizartearekiko ere.
Helburuen arteko gatazka
- Enpresaburua
- Kudeaketa ona, haztea, inbertsio hobea.
- Estatua
- Zergak bildu.
- Bankuak
- Maileguak eta interesak biltzea.
- Hornitzaileak
- Hitzartutako epeak kobratzea eta konpromisoak betetzea.
- Bezeroak
- Produktuak emateko epeak, deskontuak.
- Langileak
- Soldata hobea, lan-baldintza hobeak, lan-segurtasuna handitu.
Enpresaren funtzionamendua
- Merkaturatze-arloa
- Bi eginkizun nagusi ditu: Lehenengoa, kontsumitzailearen premiak aztertzen ditu, merkatu-azterketa bat eginez. Bigarren eginkizuna, produktua ekoitzi ondoren betetzen da: produktua saltzeko politika komertzial egokiena zehaztu behar da.
- Ekoizpen-arloa
- Lehengaien hornidura kontrolatzen du, eta ondasunen eta zerbitzuen ekoizpena kudeatzen du.
- Inbertsio-arloa
- Enpresak funtzionatzeko behar dituen funtsak bildu behar ditu, eta, horrez gain, inbertsio-politikaren ardura ere badu.
- Giza baliabideen arloa
- Batetik, langileak aukeratu eta kontratatzea du helburu; bestetik, langileak prestatzea eta antolatzea.