Enpresaren Oinarriak eta Hornidura Kudeaketa
1.3. Ingurunearen eragina enpresan
Ingurunearen barruan honakoak bereiz ditzakegu:
Ingurune orokorra: Enpresa mota orori berdin eragiten dioten faktoreak dira: kultura, ekonomia, politika, legeak, etab. Esate baterako, gobernu aldaketak, energiaren prezioaren gorabeherak eta greba orokorrak.
Ingurune espezifikoa: Enpresaren funtzionamenduan zehazki eragiten duten faktoreak dira. Ingurune horretan sartzen dira, adibidez, enpresa horren bezeroak, hornitzaileak, lehiakideak eta sindikatuak.
1.4. Enpresaburua
Gaur egun, enpresaburua enpresaren zuzendaritzan aditu bat da eta honako funtzioak betetzen ditu:
Planifikatu edo diseinatu: Ekintza-plan bat uneko egoera ekonomikoa aztertu ondoren egingo du, hau da, kontsumitzailearen desioak interpretatuko ditu merkatu-azterketen bidez.
Kudeatu: Aldez aurretik ezarritako edo planifikatutako helburuak lortzeko enpresa osatzen duten elementu guztiak zuzentzea.
Antolatu eta koordinatu: Enpresaren elementu erabilgarri guztiak antolatu eta koordinatzea, multzo osoaren funtzionamendua ahalik eta eraginkorrena izan dadin.
Kontrolatu: Planean ezarritako helburuak zein neurritan lor daitezkeen jakin dezan eta, bide batez, sor daitezkeen desbiderapenak zuzentzeko.
Izaera familiarreko enpresa txiki eta ertainetan (ETEetan), enpresaburua enpresaren jabea eta enpresa zuzentzen duen pertsona bera izaten da, eta, ondorioz, bere ondarea dago arriskuan; hau da, inbertitutako dirua errentagarria izatea lortu behar du, gehienetan berak jarritakoa izaten baita.
Enpresa handietan, kapitalaren jabeak eta enpresaburuak ez dira pertsona berak, nahiz eta elkarrekin oso lotuta egon. Izan ere, enpresaburuari bere lana ondo egitea interesatzen zaio, horrela bere lanpostua ez galtzeko eta berarengan konfiantza izaten jarrai dezaten. Ondare-arriskua baino lan-arriskua du.
Gaur egun, enpresaburua honela definituko genuke: aldez aurretik ezarritako helburu batzuk lortzeko erabakiak hartzen dituzten pertsonak edo pertsona-taldeak dira. Hauek enpresa osatzen duten elementu guztien oreka mantentzen saiatzen dira, beti ere arrisku-baldintzetan lan eginez.
1.5. Enpresen sailkapena
Jardueraren arabera:
Lehen sektorea: Natura-baliabideak ustiatzen jarduten duten enpresek osatzen dute. Sektore horretako adibideak ikatz-meategiak eta abeltzaintza-enpresak dira.
Bigarren sektorea: Eraldatze-jardueretan (hau da, jarduera industrialetan) jarduten duten enpresek osatzen dute.
Hirugarren sektorea (zerbitzuak): Bi motatako enpresek osatzen dute. Batetik, merkataritza-enpresak daude, produktuak eraldatu gabe saltzen dituztenak; esaterako, hipermerkatuak eta kioskoak. Bestetik, zerbitzu-enpresak ditugu; adibidez, bankuak eta klinikak.
Ekoizpen-faktoreen jabetzaren arabera:
Enpresa pribatuak: Partikularren edo beste enpresa batzuen jabetzakoak dira. Esate baterako, Seat, Mercadona edo janari-denda bat.
Enpresa publikoak: Estatuaren edo erakunde publikoren baten jabetzakoak dira. Esate baterako, Renfe edo Correos.
Egitura juridikoaren arabera:
Banakako enpresak: Pertsona fisiko baten jabetzakoak dira. Pertsona hori erakunde tradizionalek egiten zuten moduan arduratzen da enpresaz; zorrei aurre egiteko, batzuetan bere jabetzak ere erabili behar izaten ditu. Horren adibide ditugu janari-denda txikiak, non enpresaburuak berak jartzen dituen ekoizpen-faktoreak.
Bazkide-enpresak edo sozietateak: Jabe bakarra edo bat baino gehiago dituzte, eta horiek jartzen dituzte ustiaketarako behar diren ekoizpen-faktoreak. Bazkideen erantzukizuna enpresara egindako ekarpenera mugatzen da (zenbait salbuespen badaude). Gutxieneko ekarpen batzuk ezarrita daude, enpresaren kaudimena bermatzeko.
2. Gaia: Hornidura Arloa
2.1. Hornidura-funtzioa
Hornidura-funtzioa da enpresaren jarduerarako, hau da, ekoizpenerako edota salmentarako, behar diren produktuak erosi eta biltegiratzea, ekoizpen-prozesua edo merkaturatze-prozesua hasi bitartean.
Hornidura-funtzioak funtsezko hiru alderdi ditu: erosketak, biltegiratzea eta inbentarioen kudeaketa.
Inbentarioen kudeaketa-sistemaren helburua da zehaztea zenbat izakin eduki behar den eta zer eskabide-erritmo izan behar den enpresaren ekoizpen-beharrei eta merkaturatze-prozesuari erantzuteko.
2.2. Inbentarioen kudeaketa
Enpresak izakinak eduki behar ditu biltegiratuta, zenbait arrazoi direla eta:
Stocka ez hausteko; alegia, ustekabean eskaria handitu delako produkturik gabe ez geratzeko. Izan ere, halakorik gertatuz gero, litekeena da bezeroen batek lehiakideari produktuak erostea.
Ekoizpen-erritmoaren eta banaketa-erritmoaren arteko alde handiak egon daitezkeelako, eskaria urte-sasoiaren araberakoa bada. Adibidez, berokiak egiten dituen enpresa batek neguko hilabeteetan du eskaria, eta, horregatik, udaberrian eta udan ekoizten du gehien eta orduan handitzen ditu izakinak.
Deskontu handiak lortzeko, produktua kantitate handietan erosteagatik. Izan ere, aukera horretaz baliatuz, produktuen kostuak murriztu daitezke.
Inbentarioaren administrazioak zer ezaugarri dituen aztertzeko, adierazle hauek hartu behar dira kontuan:
Gehienezko stocka: Biltegian eduki daitekeen izakin-kantitate handiena, horretarako aurre egin beharreko biltegiratze-kostu handiak aintzat hartuta.
Gutxieneko stocka edo segurtasun-stocka: Biltegian eduki daitekeen izakin-kantitate txikiena, stocka hausteko arriskua gainditu gabe.
Eskabide-puntua: Biltegia berriro hornitzea eskatzen duen izakin-maila da, eta hori kalkulatzeko, kontuan hartu behar da zenbat denbora behar duen hornitzaileak produktua hornitzeko (hornidura-epea), izakinak segurtasun-stock-mailatik behera egon ez daitezen.