Enpresaren Finantzaketa eta Kontabilitate Kontzeptuak
Finantzazioa
Finantzazioa enpresa batek inbertsioak gauzatzeko beharrezkoak diren finantza-baliabideak eskuratzea eta horretarako egiten duen ekintza-multzoa da.
Inbertsioaren eta finantzaketaren arteko harremana egokia izan behar da, enpresaren finantza-oreka manten dadin.
Finantzazio-iturriak enpresaren barne-baliabideetatik (adibidez, kapitala osatzen duten jabeen ekarpenak) zein kanpokoetatik (maileguak) lortu daitezke.
Merkataritza-deskontua
Kanbio-letren epemuga ailegatu arte itxaron gabe, enpresa batek banketxe bati horiek eman eta horien zenbatekoen kobratzea aurreratzean datzan finantzaketa-eragiketa bat da.
Banketxeak, dirua aurreratzearen truke, enpresari interesa eta komisioa kobratuko dizkio; enpresak kanbio-letraren nominala baino zerbait gutxiago den efektiboa eskuratuko du, modu horretan bere likidezia handituz.
Kreditua
Finantza-erakunde batek edo banketxe batek enpresa bati epe baterako diru kopuru bat erabilgarri uzten dion epe laburreko finantza-eragiketa da.
Enpresak, aldez aurretik ezarritako epe-muga gainditu gabe, dirua nahi duenean erabil dezake eta, horren truke, erabilitakoaren gaineko interesa zein eragiketaren komisioa ordainduko ditu. Kredituak negoziazio-prozesu dokumentatua eskatzen du.
Mailegua
Finantza-erakunde edo banketxe batek enpresa bati diru kopuru bat hasieratik uzten dion epe luzeko finantza-eragiketa da.
Enpresa jasotako diru kopurua aldez aurretik ezarri diren epeetan itzultzera eta dagozkion interesak ordaintzera konprometitzen da. Mailegatzen den diru kopuru osoa batera erabiltzen da hasieratik, eta sortzen dituen interesak bueltatzeko falta den kopuruaren gainean kalkulatuko dira.
Amortizazioa
Denboraldi batean aktiboko ibilgetuko elementu batek izaten duen depreziazio edo balio-galeraren moneta-unitateetan egindako balorazioa da.
Enpresarentzat amortizazioa kostu bat da eta, ondorioz, mozkinak gutxitzen ditu. Amortizazioak hasieran egin diren inbertsioak zehaztutako epean berreskuratzea ahalbidetzen du, edozein dela ere balio-galeraren arrazoia: fisikoa, funtzionala edo ekonomikoa.
Erreserbak
Bazkideen artean banatzen ez dituzten irabaziekin enpresak osatzen dituen fondoak dira, enpresan bertan ondare propioa handituz gelditzen direnak. Erreserbak enpresa hazteko beharrezkoak diren inbertsioak egiteko erabili ohi dira; hau da, barne-finantzaketa.
Honako hauek izan daitezke:
- Legezko erreserba: legeak agindutakoa.
- Borondatezko erreserba: nahita sorturikoa.
- Estatutu-erreserbak: enpresaren estatutuetan ezarritakoak.