Enpresa eta Finantza Kontzeptu Garrantzitsuak: Glosarioa
Finantzaketa
Inbertsioak gauzatzeko beharrezkoak diren finantza-baliabideak eskuratzea da; edota, behar dituen baliabide finantzarioak eskuratzeko garatzen den enpresa-jarduera.
Merkataritza-deskontua
Finantza-eragiketa bat da, zeinaren bidez enpresak finantza-entitate bati kanbio-letrak ematen dizkion, epemuga itxaron gabe kanbio-letren zenbatekoak baino zerbait gutxiago kobratzearren. Heltzearen batez besteko aldia murriztea eta altxortegia eskuratzea dira bere abantailak.
Kreditua
Finantza-eragiketa, zeinaren bidez finantza-entitateak enpresari epe batez diru-kopuru bat erabilgarri uzten dion. Enpresak egokitzat hartzen duen diru-kopurua erabil dezake, baina aldez aurretik ezarritako kopuru-muga gainditu gabe.
Mailegua
Finantza-eragiketa da, zeinaren bidez finantza-entitate batek enpresa bati diru-kopuru bat ematen dion. Enpresa, jasotako diru-kopurua aldez aurretik ezarri diren epeetan itzultzera konprometitzen da, eta bitartean dagozkion interesak ordaindu behar ditu.
Amortizazioa
Mantentze-autofinantzaketan sartzen dira. Urteroko amortizazioen bidez sortzen diren finantza-baliabideekin osatzen da amortizazio-fondoa. Denboraren poderioz ordezkatu behar diren ibilgetu-elementuak erostea izango da hauen helburua, enpresaren egitura ekonomikoari eusten zaiolarik.
Erreserbak
Aberasteko autofinantzaketan sartzen dira. Ekitaldiaren irabazi garbiaren banatzen ez den zatiaren bidez eratzen dira erreserbak. Hauen helburua etorkizunean ibilgetu berria erosi eta enpresaren egitura ekonomikoa handitzea izango da.
Jesapenak
Enpresak diru-kopuru handia behar duenean, balio izendun txikia duten tituluak jaulki ditzake aurreztaile pribatuei eskaintzeko. Zorra osoaren izena jesapena da, eta zatiketaren ondorioz sortzen diren tituluek obligazio izena hartzen dute.
Leasing
Finantza-leasinga alokairu-kontratu ezeztaezin bat da. Honen bidez, leasing-enpresak ondasun bat bere izenean erosiko du eta beste enpresa bati alokatuko dio. Ondasuna erabili nahi duenak lehenengoari aldiroko kuota bat ordainduko dio, eta kontratuaren amaieran ondasuna erosteko aukera bat izango du.
Merkatu Potentziala
Produktua eskaini ahal zaien erosleen gehiengo kopurua. Denboraldi zehatz batean, gehiengo kopuru hau sektoreko enpresa guztientzat erabilgarri egongo da. Izan daitezkeen erosle hauek adina marketin-pizgarri jasotzen badituzte, eskaintzen den produktuaren eskaria egin dezakete.
Departamentalizazioa
Finkatzen diren lanpostuak goi-unitateetan biltzen dira: sailetan. Enpresa sail ezberdinetan banatzeko zatiketa-prozesua da. Sailkatze hori hainbat irizpideren arabera egin dezakegu: funtzioak, inguru geografikoak, produktuak edo bezeroak.
Negoziazio Distributiboa
Harremanaren bi alde protagonistek lortu dituzten emaitzei egiten die erreferentzia. Alde batek lortu dituen emaitzak besteak lortutakoen kaltez gertatzen direnean emango da. Batek, besteak galdu duena irabaziko du eta alderantziz.
Ezagutzaren Kudeaketa
Erakundearentzako balioa sortzen duten ukiezin aktiboen kudeaketa da. Ukiezin aktibo gehienak, modu batean edo bestean, ezagutzaren kaptazio edo bilketa, egituraketa eta transmisioarekin lotuta egongo dira.
Hierarkia
Enpresako aginpidearen banaketa formala islatzen du. Hierarkian gorantz egiten dugun heinean, aginpidea areagotu egiten da eta beherantz egitean, aginpidea gutxituz doa, zuzendaritza-zeregin gutxiago eta aritzeko zeregin gehiago daudelako.