Enpresa-ereduak: Multinazionalak, Deslokalizazioa eta ETEak
Enpresa multinazionalak
Multinazionalak bi herrialdetan edo gehiagotan jarduten duten enpresak dira; ez dute zertan jarduera bera egin herrialde guztietan, baina, oro har, horrela egiten dute. Enpresa multinazionalek ekoizpen-ahalmen handia duten merkataritza-sozietateak dira.
Multinazionalak enpresa-multzoak dira. Horietako bat enpresa nagusia da, eta jatorrizko herrialdean jarduten jarraitzen du; gainerakoak, enpresa nagusiaren filialak dira, jatorrizkoaz besteko herrialde batzuetan daude, eta hartu-emanak izaten dituzte elkarrekin.
Deslokalizazioa
Ekoizpen-jarduerak herrialde industrializatuetatik garapen-bidean dauden herrialdeetara aldatzea da, garapen-bideko herrialde horietako per capita errentak baxuagoak izaten baitira. Kostuak murriztu nahi dira; batzuetan, enpresak ingurumen-legedia saihesteko deslokalizatzen dira, jatorrizko herrialdekoa zorrotzagoa delako.
Deslokalizazioan, bi egoera hauek gerta daitezke:
- Enpresak jatorrizko herrialdeko ekoizpen-instalazioak guztiz ixtea.
- Enpresak jatorrizko herrialdean neurri batean ekoizten jarraitzea, nahiz eta ekoizpen hori asko murriztu eta ia hutsala izan daitekeen.
Batean zein bestean, deslokalizazioak oso eragin negatiboa izaten du jatorrizko herrialdean, langabeziak eta desinbertsioak gora egingo baitute, eta kaltegarria izango da eskualdeko edo herrialdeko ekonomiarako. Helburuko herrialdean kontrakoa gertatzen da: inbertsioak egiten dira eta enplegua sortzen da, eta onuragarria da hango biztanleentzat.
Enpresa txiki eta ertainak (ETEak)
Enpresa-multzo horretakoak dira estatuko eta Euskadiko enpresen % 98 baino gehiago. Oro har, enpresa txiki eta ertainetan, kapitala pertsona bakar batena edo bazkide gutxi batzuena izaten da.
Ezaugarriak:
- Enpresa-prestakuntza urria (-)
- Finantza-ahalmen urria (-)
- Langileen kualifikazioa eta prestakuntza teknikoa, eta zaharkitze teknologikoa (-)
- Antolaketa malgua (+)
- Langileen integrazioa (+)
- Merkatu interstizialetan garatzea (+)
- Enplegu-sortzaileak (+)