Ekonomia eta Geografia Kontzeptuak
Nekazaritza-ustiategia
Enpresaburu baten erantzukizunpean nekazaritza-produktuak ematen dituen unitate tekniko-ekonomikoa da. Neurriaren arabera txikia (minifundio, 10 ha. baino gutxiagokoa), ertaina (10-100 ha. bitartekoa) edo handia (latifundio, 100 ha. baino gehiagokoa) izan daiteke.
Goi-mailako Teknologiako Industria
Material elektriko eta elektronikoa, tresna informatikoak, telematikoak, tresna optikoak, doitasun-tresnak, automatizazioak (robotika, ofimatika, lagundutako diseinua), bioteknologia eta material berriak biltzen ditu. Espainia herrialde industrializatuekiko atzeratuta dago eta menpekotasuna dauka; enpresa txikiak eta ertainak dira nagusi, eta hezkuntza-sistema ez dago egokituta enpresa-eskaeretara. Enpresak parke teknologikoetan kokatzen dira, hiri nagusien periferietan.
Tertziarizazioa
Herrialde garatuen ekonomiek izan duten bilakaeraren ondorio da. Prozesua azaltzen duten arrazoiak ondokoak dira:
- Herrialde garatuetako bizi-maila hobetzeak “ongizate-estatua” ekarri du. Hiritarrek nahiz enpresek zerga-kopuru handiagoak ordaindu ahal izan dituzte, eta horrek aukera eman die estatuei zerbitzu publikoak finantzatu eta antolatu ahal izateko: osasuna, hezkuntza, segurtasuna, e.a.
- Denbora librea, opor ordainduak eta pentsioak egotean, aisialdiaren inguruan zerbitzu ugari sortu dira: turistikoak, kulturalak, kirol-ingurukoak, pertsonalak.
- Emakumeak lan-munduan sartzean beste lanbide ugari sortu dira (lehenago emakumezkoek egiten zituztenak): etxeko lanak, haurtzaindegiak, adinekoen zaintza.
- Globalizazioaren prozesuak merkataritzaren garapen handia ekarri du; horrekin batera, banaketa-zerbitzuek (garraioa, merkataritza, komunikabideak) eta merkatuarekin zerikusia dutenek (finantzak, marketina, publizitatea) pisu ekonomikoa irabazi dute eta enplegu gehiago sortu.
- Enpresa-antolamendu berriek (externalizazioa eta deslokalizazioa) enplegu ugari sortu dituzte.
Garapen Iraunkorra (Jasangarria)
Brundtland txostenaren (Rio de Janeiroko goi-bilera, 1992) arabera “gaur eguneko beharrak asetzen dituena ondorengoen ahalmena oztopatu gabe” da. Helburua hiru zutabe hauek bateratzea da: aurrerapen ekonomikoa, bidezko gizartea eta ingurumenaren babesa. Bateratze hau hiru zutabeen edo kontzeptuen arteko harremanean datza. Harreman hau 3 B kontzeptuak dira: Bidezkoa (ekonomiaren eta gizartearen arteko oreka), Bizigarria (gizartearen eta ingurumenaren arteko oreka) eta Bideragarria (ingurumenaren eta ekonomiaren arteko oreka).
Garraio-azpiegiturak
Garraioa gauzatzeko behar diren euskarri fisikoen multzoa osatzen dute; hau da:
- Lur-garraiorako: trenbideak, geltokiak, semaforoak, errepideak, e.a. (maila desberdinetan: hiria, probintzia, nazioa, nazioartea).
- Aire-garraiorako: aireportuak, kontrol-dorreak, radarrak eta aire-bideak.
- Itsas-garraiorako: ubideak, portuak eta nabigazio-bideak.