Ehunak, Ernalketa eta Organismoen Antolaketa

Biologia4,43 KB

Muskulu Ehunak

Muskulu-zelulek osatzen dute: miozitoak edo muskulu-zuntzak. Muskuluaren uzkurduran espezializatuta daude: zenbait estimuluren aurrean laburtu egiten dira (uzkurdura), eta estimulua amaitzean, luzatu (erlaxazioa).

Bihotzeko Muskulu Ehun Ildaskatua

Muskulu kardiakoa edo miokardioa osatzen du. Oharkabean uzkurtzen da, baina bizkor eta indartsu.

Muskulu Ehun Ildaskatu Eskeletikoa

Ornodunen muskuluak osatzen ditu. Uzkurdura borondatezkoa, bizkorra eta indartsua da.

Muskulu Ehun Leuna

Erraien muskuluak osatzen ditu: digestio-hodia, arnasbideak eta abar. Oharkabeko uzkurdura leuna, motela eta luzea da.

Ernalketa

Bi gametoen (espermatozoide eta obulu) bat-egitea da. Ondorioz, zigoto diploidea sortzen da, eta hor biltzen dira bi gametoetako kromosomak. Bi mota daude:

Kanpo Ernalketa

Obuluak eta espermatozoideak ingurune urtarretan askatzen dira, eta han bat egiten dute. Ernalketa gertatuko dela ziurtatzeko, beharrezkoa da gameto kopuru handia sortzea eta ingurune urtarra izatea. Izatez, sexu-hodietatik kanpo, gametoak deshidratatu eta berehala hiltzen dira. Animalia urtar gehienek izaten dute ernalketa mota hori.

Barne Ernalketa

Gametoen bat-egitea emearen sexu-hodietan gertatzen da, bai organo kopulatzaileen bidez espermatozoideak txertatu direlako, bai emeak espermatoforo gisa hartzen dituelako (espermatozoide-multzoak). Animalia lehortarrek, zenbait animalia urtarrek (esaterako, arrain bibiparoek –ernalketaren ostean enbrioia emearen sabel barruko umetokian garatzen duten animaliak dira–) eta ugaztun urtarrek izaten dute ernalketa mota hori.

Organismo Zelulaniztunak

Bi antolaketa-maila dituzte: talofito-mailako antolaketa eta ehun-mailako antolaketa.

Talofito Mailako Antolaketa

Organismoaren zelula bakoitzak funtzio guztiak betetzen ditu; hortaz, ez dago zelula-desberdintzapenik, ezta lan-banaketarik ere. Antolaketa mota hau alga eta onddo zelulaniztunek eta briofitoek dute.

Ehun Mailako Antolaketa

Organismo horien zelulak funtzio batzuetan espezializatuta daude, zelulak desberdindu egiten direlako eta lana banatu egiten delako. Antolaketa hau dute konplexutasun handiko organismoek, hala nola animaliek eta kormofitoek (pteridofitoak, gimnospermoak eta angiospermoak). Organismo horietan benetako ehunak eta organoak garatzen dira. Ehun bat enbrioi-jatorri berbera duten zelulen multzoa da. Zelula horiek elkarrekin egoten dira eta funtzio bera betetzen dute. Organo bat ehun berdinen edo desberdinen multzo anatomiko-fisiologiko bat da. Ehun horiek funtzio komun bat betetzen dute.

Landare Kormoa

Landare baskularretan, organoen multzoak (sustraia, zurtoina eta hostoak) aparatu begetatibo bat osatzen du, kormo izenez ezaguna. Kormoari esker, landareek lurra kolonizatu zuten, osagai hauek baititu:

  • Ehun babesleak, landarea lehortzea eragozten dutenak.
  • Ehun eroaleak, urak eta elikagaiek landarearen barruan zirkulatzea ahalbidetzen dutenak.
  • Euste-ehunak, landarearen aireko zatiak zutik mantentzen dituztenak, zati fotosintetikoek argia jasotzen dutela bermatzeko.

Animalien Aparatuak eta Sistemak

Animaliengan, organoak aparatutan eta sistematan biltzen dira. Horiek osatzen dute animaliaren gorputza. Aparatu bat egitura desberdineko hainbat organoren elkarketa da. Organo horiek guztiek elkarrekin jarduten dute, funtzio komun bat betetzeko. Animalien aparatuak:

  • Digestio-aparatua
  • Arnas-aparatua
  • Iraiz-aparatua
  • Ugaltze-aparatua
  • Lokomozio-aparatua

Sistema bat ehun mota berdinak dituzten antzeko organo batzuen elkarketa da. Organo horiek elkarrekin jarduten dute, funtzio komun bat betetzeko. Animalien sistemak:

  • Nerbio-sistema
  • Zirkulazio-sistema
  • Sistema endokrinoa

Landare Ehunak

Landare ehunak honako hauek dira: ehun meristematikoak eta ehun helduak.

  • Ehun babesleak (epidermikoa, suberosoa)
  • Oinarrizko ehunak (klorofila-parenkima, erreserba-parenkima, parenkima urtsua)
  • Euste-ehunak (kolenkima, esklerenkima)
  • Ehun eroaleak (xilema, floema)
  • Ehun jariatzaileak (kanpora jariatzen dutenak eta barnera jariatzen dutenak)

Ehun Meristematikoak

Fotosintesia egiten ez duten zelula bizi txikiak dituzte osagai, eta zelula horiek zatitu eta desberdindu egiten dira, ehun helduak osatuko dituzten zelula motak sortuz.

Deskargatu

PDF Word HTML