Eboluzioaren Teoriak: Fixismoa, Lamarck, Darwin eta Neodarwinismoa
Eboluzioaren Teoriak eta Kontzeptu Nagusiak
Ontogenesia eta Filogenesia
Ontogenesia: Ontos (izatea), genesis (jatorria). Jaiotzetik hil arte bizidun baten organismoak jasaten dituen aldaketa multzoa.
Filogenesia: Filum (leinu), genesis (jatorria). Denboran zehar, belaunaldiz belaunaldi espezie batek jasan duen aldaketa multzoa.
Fixismoa: Eboluzioaren Aurkako Teoria
Zer da? Espezieak denboran zehar aldaketarik izan ez dutela defendatzen duen teoria. Beraz, filogenesia ukatzen du. IX. mendera arte indarrean egon zen paradigma zientifikoa da, eboluzionismoak, hautespen naturalaren azalpenari esker, baztertu zuen arte. G. Couvier fixismoaren ordezkari nagusia da. Teoria honek Eliza Katolikoaren babesa izan zuen, kreazionismoarekin bat zetorrelako.
Eboluzionismoa: Jatorriaren Aldaketa
Definizioa: Bizidunen jatorriari buruzko teoria. Honen arabera, espezieak denboran zehar aldatu egin dira, bere egitura etengabe berrituz. Anaximandro greziarrak K.a. VI. mendean, eta Lukrezio erromatarrak K.a. I. mendean espezieen jatorri ebolutiboa proposatu zuten Erroman.
XVIII. mendera arte eboluzioa ukatzen zuten teoria fixistak nagusi izan ziren. Garai honetan izaki bizidunen sailkapenari buruz eginiko lanak, izakien antzekotasun eta desberdintasunetan oinarritzen direnak, ezinbestean izaki bizidunen artean ahaidetasun erlazioak badirela ondorioztatu zuten, eta hori esplikatzeko izaki batzuek besteengan abiapuntua hartuta eboluzionatu dutela suposatu behar izan zuten.
XIX. mendearen hasieran, Lamarck naturalista frantziarrak lehenbiziko aldiz aldaketa horiek azaltzen dituzten legeak teoria batean biltzen saiatu zen. Bere teoriak akatsak zituen eta baztertua izan zen. Charles Darwin eta Alfred Wallace izan ziren hautespen naturalaren teoriarekin eboluzioaren ideia azaltzen zuten legeak modu arrakastatsuan formulatu zituztenak. Teoria hau Darwinen “Espezieen jatorriaz hautespen naturalaren bidez” liburuan argitaratu zen 1859an.
Lamarcken Teoriaren Oinarriak
- Izaki bizidunen eraldaketa inguruarekiko interakzioaren ondorio dira. (Inguruak, beraz, presioa egiten du, faktore aktiboa da).
- Ingurura moldatzeko beharrak organoren baten erabilera handitzera eramaten du, eta horrela organo hori handitu, sendotu edo aldatu egiten da: “Funtzioak organoa sortzen du”. (Honek, bere aldaketan, izaki bizidunen borondatea eta intentzioa dagoela iradokitzen du. Beste aldetik, eboluzioaren norabide lineala eta perfekziorantz bideratutakoa dela ere suposatzen du).
- Erabilpenaren ondorioz garatutako organoak eta ezaugarriak ondorengoei transmititzen zaizkie.
Lamarcken Teoriaren Akatsak
- Organismoa aldatzeko izaki bizidunen asmoa ala nahia faktoretzat hartzea. Izaki bizidunek ezin dute ezer egin bere organismoa aldatzeko (filogenesiaz ari gara, ez ontogenesiaz). Izan ere, zenbait espeziek bere kolorazioan nozitutako aldaketak borondatearen ondorio direla pentsaezina litzateke.
- Eboluzioaren izaera teleologikoa (norabidea edo helburua badaudela eta helburu hori gero eta perfektuagoa izatea dela). Eboluzioa ez da lineala, baizik eta dibergentea.
- Erabilpenaren ondorioz garatu eta sendatutako ezaugarriak (ontogenesia) ondorengoek heredatzen dituztela.
Darwinen Hautespen Naturalaren Teoria
Teorian Eragina Izan Zuten Ideiak
- Beagle ontzian egindako espedizioan jasotako datuak. Galapago irletan egindako behaketetan hau ikusi zuten: hurbil egon arren bizi baldintza desberdinak zituzten irletan espezieen aldaera desberdinak zeuden (adibidez, txorien mokoa).
- Thomas Malthus geografo britainiarraren populazioari buruzko ikerketak. Espezie bakoitzean populazioa egonkor mantentzeko beharrezkoak baino gehiago jaiotzen dira. Hala ere, populazioak egonkor mantentzeko joera du; beraz, jaiotako banako horien parte bat ez da adin ugalkorrera iristen.
- Abeltzainek abereekin egindako hautaketa. Produkzioa hobetzeko helburuaz ugalketarako ezaugarri jakin batzuk zituzten abereak hautatzen zituzten, gainerakoak baztertuz. Modu honetan espezie produktiboagoak lortzen dituzte.
Darwinek puzzlearen atal guztiak ondo lotu zituenean, 1859an “Espezieen jatorria hautespen naturalaren bidez” argitaratu zuen.
Hautespen Naturalaren Printzipioak
- Espezie bereko izaki bizidunak ez dira erabat berdinak elkarren artean; batzuen eta besteen artean desberdintasunak daude. (Aldagarritasuna)
- Ingurunearen baldintzak ez dira konstante mantentzen, eta une batzuetan espezie berekoak diren banakako batzuen aldaerak mesedegarri izango zaizkie izaki horiei “bizitzaren aldeko borrokan” (janaria lortzeko, adibidez), eta bizirik iraungo dute ugaltzeko beste denbora. Gainontzekoak, berriz, hil egingo dira. Aldaera mesedegarriak hobeto egokituta dituztenek iraungo dute bizirik.
- Espezie bereko banako guztiak desberdinak direnez, zenbait indibiduok ingurune-baldintza berrietan bizitzeko gai bihurtzen dituen ezaugarriren bat izango dute, hau da, abantailaren bat, eta naturak hautatu egingo ditu.
- Hobeto egokitutako indibiduoak luzeago biziko dira eta ugaltzea lortuko dute, horrela bere ezaugarriak ondorengoei transmitituko dizkiete.
Teoria Sintetikoa (Neodarwinismoa)
Hautespen naturalaren teoria osatuz joan zen genetikaren legeen ekarpenarekin. Biek batera osatzen dute gaur egun Neodarwinismoa edo Teoria Sintetikoa deritzoguna.
Genetikaren legeak G. Mendel naturalista austriarrak finkatu zituen. Lege hauek espezieen barnean dagoen aldagarritasuna azaltzen dute.
- Geneetan zorizko aldaketak gertatzen dira: mutazioak. Hauek ezaugarri desberdinak azaleratzea eragiten dute (fenotipoa).
- Kromosomak gene batek baino gehiagok osatzen dituztenez, bizidunen eboluzioan funtzioren bat duten ezaugarriekin batera, funtziorik ez duten organoak ere ikus ditzakegu.
Zoria eta Teleonomia: Eboluzioaren Norabidea
Zoria
Jacques Monod, Fisiologiako Nobel sariduna (Frantzia), zoriaren aldekoa:
- Aurreikusi ezin den gertaera.
- Patroirik gabe jarraitzen ez duen gertaera.
- Hautatu ezin dugun gertaera (ez dago borondatearen menpe).
- Ona zein txarra izan daiteke.
Teleonomia
Pierre Teilhard de Chardin, teleonomiaren aldekoa:
- Telos: xedea.
- Eboluzio biologikoa prozesu kosmiko baten zati da, izaki bizigabeetatik hasi eta gizakietara iristen dena.
- 1. Etapa. Geosfera: Unibertso bizigabean bizitza sortzeko baldintzak agertu.
- 2. Etapa. Biosfera: Bizitza sortu, aniztasuna.
- 3. Etapa. Noosfera: Noos, adimena. Gizakiaren agerpena eboluzioaren gailurra da, eboluzioaren xedea.
Glosarioa: Kontzeptu Biologiko eta Antropologikoak
Espeziea: Bizidunak espezie berekoak direla esaten dugu antzeko ezaugarri fisiologikoak dituztenean, eta, batez ere, elkarrekin ugaldu daitezkeenean (eta kumea ugalkorra denean).
Kreazionismoa: Erlijio dogmetan oinarritutako sinesmen bat da.
Antropogenesia
Gure arbasoetatik hasi eta gaur egungo giza espeziea osatzeko bidean egon diren prozesu eta etapa multzoari deritzo. 4,5–7 milioi urte iraun du eta bi faktore motak hartzen dute parte: Hominizazioa eta Humanizazioa. Biak batera gertatzen dira eta elkarri eragiten diote.
Hominizazioa
Aldaketa fisiologikoen multzoa da. Hau gertatzeko baldintzak hauek izan ziren:
- Klima aldaketa, beroketa prozesua, Saharaz hegoaldeko Afrikan.
- Baso eremuak urritu egin ziren, zuhaitzak urritu.
- Lur-gainean bizitzeko premia eta zutik ibiltzeak abantaila ebolutiboa izan zuen.
Hauek dira izan zituen ezaugarriak:
- Bi oinetan ibiltzea: burezurraren osaeran eta garunaren garapenean eragin zuten.
- Eskuak libre geratzea.
- Barailezurra libre geratzea. Gainera, elikaduran ere aldaketak gertatu ziren, elikagaiak jan aurretik prestatzen hasi ziren.
- Heldu gabe jaiotzea.
- Ekumenikotasuna: Giza espeziea lurreko edozein tokitan bizitzeko egokitu da. Horrek itxura fisiko desberdinak sortu ditu, baina genetikoki ez dago desberdintasunik; denok gara arraza berekoak, giza espeziekoak.
- Zerebralizazioa: Gizakiok garuna hiru azpisistematan banatuta dugu eta koordinatuta daude.
Humanizazioa
Gizartearekin, kulturarekin, teknikarekin eta hizkuntzarekin du zerikusia.