Digestioa, xurgapena eta arnas-aparatua
Xurgapena eta egestioa
Xurgapena: digestioaren ondorioz mantenugaiak lortzen dira. Mantenugai horiek txiki txikiak direnez, digestio-hodiaren paretak zeharkatzen dituzte eta odolera pasatzen dira. Prozesu horri xurgapena deritzo.
Egestioa: xurgatu gabeko substantziak heste lodira pasatzen dira, hestearen pareten mugimendu peristaltikoei esker. Han ia ura guztia eta gatz mineralak xurgatzen dira; horrenbestez, digestioaren hondarrak gero eta solidoago egiten dira, eta hala, gorotzak eratzen dira. Heste lodian, gainera, hainbat bakterio sinbionte daude. Bakterio horiek hartzitu eta deskomposatu egiten dituzte xurgatu gabeko hondarrak. Bakterioek zenbait bitamina sintetizatzen dituzte eta heste-gasen sortzen dituzte. Gorotzak hestearen azken zatian pilatzen dira, ondestean. Gero, egestioaren bidez, uzkian zehar kanporatzen dira gorotzak aldian behin.
Arnas-aparatua
Arnas-aparatua airearen sarrera eta gas trukea bermatzen duten egitura multzoa da. Honako atal nagusiak daude:
- Faringea: airea laringera eramaten du. Behealdean epiglotisa dauka; elikagaiak irenstean epiglotisak ez die arnasbideetara joaten uzten.
- Sudur-hodiak: kanpoaldearekin komunikatuta daude. Sudurzuloen bidez sudur-hobietan zehar airea barrura sartzen da, eta han berotu eta hezetu egiten da.
- Laringea: hodi laburra da eta ahotskordak ditu. Ahotskordek bibratzean ahotsa sortzen da.
- Trakea: airea biriketaraaino eramaten du. C-itxurako zenbait kartilagoek trakea babesten dute.
- Bronkioak: biriketan sartzen diren bi hodi dira. Biriken barruan adarkatu egiten dira; hortik sortzen dira bronkiolo izeneko hodi meheagoak. Bronkioloak, halaber, adar txikiagotan sakabanatzen dira eta amaieran pareta mehemeheko zakuak dituzte, birika-albeolo izenekoak.
- Birikak: saihets-hezurrek babestutako bi organo dira. Gas trukea egiten da; birikak pleura izeneko mintz bikoitz batez inguratuta daude. Pleura tarteko likidoaz beteta dago. Eskuineko birikak hiru lobulu ditu, eta ezkerreko birikak bi lobulu.
Gas trukea
Barrualdearen eta kanpoaldearen arteko gas trukea (oxigenoaren eta karbono dioxidoaren trukea) birika-albeoloetan egiten da. Trukea kapilarren eta albeoloen mintz meheetan zehar gertatzen da, difusio bidez. Aireak albeoloetara iristen denean, bertako oxigenoa kapilarretako odolera igarotzen da; karbono dioxidoa, berriz, odoleko zatitik albeoloetara pasatzen da.