Determinismoa eta Etika: Giza Portaera eta Arau Moralaren Azterketa

Filosofia eta etika2,66 KB

Determinismo motak

Determinismoak giza ekintzak baldintzatzen dituzten faktoreak aztertzen ditu:

  • Kosmologikoa: Estoikoen ustez, badago unibertsoa zuzentzen duen lege unibertsal bat (Logosa) eta den-dena halabeharrez gertatzen da.
  • Teologikoa: Jainkoa orojakilea da; iraganaren, orainaren eta etorkizunaren berri du. Jainkoak badaki gizabanako bakoitzak zer-nolako ekintzak egingo dituen.
  • Fisiologikoa: Determinismo horren arabera, gure gorpuzkerak eta gure izaerak heredatzen dugun kode genetikoan idatzita daude.
  • Psikologikoa eta psikoanalitikoa:
    • Psikologikoa: Teoria horrek dio motibo indartsuenak nahimena determinatzen duela, eta ez dagoela askatasunez aukeratzerik.
    • Psikoanalitikoa: Sarritan senak nahi duena ez dago gure kulturan onartuta, eta errepresioak inkontzientean gordetzen ditu. Sen horiek ezkutatuta daude, baina giza ekintzak bideratzen dituzte.
  • Heziketazkoa: Heziketan hobetsiriko jokabideak indartu egiten dira sarien bidez.
  • Ekonomiko marxista: Gizartearen azpiegitura ekonomikoak historiaren gizabanakoen kontzientzia, pentsaerak eta portaerak baldintzatzen dituzte.

Ekintza morala eta etika

Gizakiek ekintzak libreki eta kontzienteki egiten ditugunez eta beste pertsonengan ondorioak dituztenez, arau batzuen menpe jarri behar dira. Moral hitza latinezko mos hitzetik dator eta etika grezierazko ethos hitzetik; bi hitzek ohitura edo aztura esan nahi dute.

Morala "zer egin behar dut?" galderari erantzuna ematen saiatzen da, gizakiaren portaera gidatzen dituzten arauak landuz. Etika, ordea, arau moralak deitzen ditugun horiei buruzko hausnarketa da.

Arauak eta arau moralak

Ezinbestekoa da elkarbizitza errazteko arauak ezartzea; beraz, araua ekintza konkretu bat egin behar den modua erakusten duen jarraibidea da.

Arau moralak agindu eran daude eta balio moralen adierazpena dira. Balio moralak gizakiek beren artean eta inguruarekiko dituzten harremanen kalitateak dira.

Arau moralen ezaugarriak:

  • Auto-obligazioa: Agindu horiek pertsona batek bere buruari ezartzen dizkio, balio handikoak direlako.
  • Unibertsaltasuna: Arau moralak dituen pertsona batek uste du arau horiek mundu guztiarentzat direla onenak.
  • Baldintzagabetasuna: Baliotsu gisa agertzen direnez, ez da beste helbururik kontuan hartzen (adibidez, jendearen onarpena edo sari bat jasotzea).

Deskargatu

PDF Word HTML