Demografia eta Hirigintza: Oinarrizko Kontzeptuak
Demografia Kontzeptuak
Bizi-itxaropena: Une jakin batean, leku bateko biztanleriak bizitako urteen batez bestekoa da. Hona hemen kalkulatzeko formula:
- Multzo bateko kideek bizitako urteen batura / Multzo horretako gizabanakoen kopurua = Bizitako urteen batez bestekoa.
Biztanleriaren zahartzea: Biztanleriaren adinaren araberako egitura aztertzeko erabiltzen den indizea da. 65 urtetik gorako gizabanakoen kopurua biztanleria osoarekin konparatuta kalkulatzen da. Emaitza ehunekotan ematen da, formula honen bidez:
- Zahartze-indizea = (65 urtetik gorako biztanleria * 100) / Biztanleria osoa = %
Migrazio-saldoa: Immigrazioaren eta emigrazioaren arteko aldea da. Emaitza positiboa bada, immigrazioa dagoela adierazten du; negatiboa bada, aldiz, emigrazioa dagoela.
Nekazaritza-exodoa: Landa-eremuetatik hiriguneetara gertatzen den biztanleriaren mugimendua da, nekazaritza-jarduerak utzi eta hiriko lanpostuen bila joateko.
Biztanleria aktiboa: 16 urtetik gorako gizabanakoak dira, eta lan-merkatuan sartzeko eskuragarri daude. Hau da, biztanleria aktibo langilea edo langabea izan daiteke.
Populazio-dentsitatea: Inguru eta une jakin bateko biztanle kopurua kilometro karratuko. Erakusle honek, beraz, biztanleria eta azalera lotzen ditu. Hona hemen dentsitatea kalkulatzeko formula:
- Biztanleria / Azalera (km²) = Biztanle/km²
Hazkunde Demografikoa: Hazkunde naturala (jaiotzak - heriotzak) eta migrazio-saldoa (immigrazioa - emigrazioa) zenbatzetik datorkigun datua da.
Trantsizio Demografikoa: Demografia-erregimen zaharraren eta gaur egungoaren arteko aldia da. 1900etik 1975era bitartean garatu zen Euskal Herrian; eta ezaugarri hauek izan zituen: jaiotza-tasak behera egin zuen poliki-poliki eta ez modu jarraituan, heriotza-tasa ere asko eta azkar jaitsi zen eta, ondorioz, hazkunde natural handia gertatu zen.
Hiri Espazioa
Alde Zaharra
Hiriaren jatorrizko aldea eta industrializazio unera arte urbanizatutako espazio bakarra da. Planoa irregularra eta bilbe itxia izan ohi du. Gaur egungo hirietan, alde zaharrek azalera txikia hartzen dute eta zaharberritze-politikak jasan dituzte beren ondare historiko eta kulturala berreskuratzeko (adibidez, Toledo, Mérida, Cáceres, Ávila...). Horrez gain, oinezkoentzako espazioak eratu dira. Orain, merkataritza, kultura eta turismorako espazio bihurtu dira.
Zabalgunea
XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera sortutako auzoa da. Industrializazioaren ondorioz sortutako biztanleriaren hazkundeari erantzunez, zabalguneak burgesiarentzako egoitza-espazio gisa planeatu ziren. Aukeratutako planoak ortogonalak edota erradiozentrikoak izan ziren. Hiri zaharra inguratzen zuten harresiak bota ziren eta beren lekuan "rondak" (Donostian, boulevard-a) sortu ziren. Zabalgune hauek, laster, hiri zentralaren funtzioak hartu zituzten, merkataritza, finantza eta enpresen funtzio espezializatuenak bilduz.
CBD (Central Business District)
Merkataritza-jarduera, negozioak, administrazioa, finantza eta zerbitzu espezializatu batzuk pilatzen diren lekua da. Espazio honetan jarduera espezializatuenak biltzen dira, bere zentralitateagatik. Bere ezaugarriak merkataritzaren trafiko handia eta lurzoruaren prezio altuak dira. Bere eremua ez da ondo mugatua, baina normalean zabalguneetan eta batzuetan alde zaharretan ere aurkitzen da.
Hiri Hierarkiak
Hiriak elkarren artean modu hierarkikoan erlazionatuta daude. Hiru elementu dira kontuan hartzekoak: demografia-tamaina, hiriak dituen funtzioak eta sortzen dituen fluxuak (eragin-esparruak). Horrela, bereizten ditugu metropoli nazionalak, eskualde-metropoliak, probintzietako hiriburuak, etab.
Metropoli Eremua (Eragin-eremua)
Eremu metropolitarra hiri zentral bat (eskualde horri izena ematen diona) eta hiri satelite multzo bat duen eskualdea da. Eskualde horretan dauden populazioek logela-hiri, industria-hiri edo merkataritza-hiri gisa funtziona dezakete, baina dena modu zentralizatuan antolatuta dago. Metropoli-eremuaren kontzeptua Industria Iraultzarekin sortu zen.
Konurbazioa
Hiri-aglomerazio bat dugu, bi hirik (edo gehiagok) euren hazkunde-prozesuan fisikoki bat egiten dutenean sortzen dena, baina bakoitzak bere nortasuna mantentzen jarraitzen du.
Hirigintza Barreiatua (Sakabanatua)
Hirigintza barreiatua industria garaiko hirigintza bilduari, espazio-hazkunde polarizatuari eta aglomerazio ekonomikoei oposatzen zaie. Hirigintza tradizionalaren zabalkundea suposatzen du lurraldetik modu lasaian, ez polarizatuta, hedatzen. Garraio eta komunikazio sistemen hobekuntza dela eta, lanlekua eta bizilekua banandu egin dira. Hiriaren erdigunetik periferiarantz populazio-mugimendu deskontzentratzailea suposatzen du.
Mugimendu Pendularrak
Gaur egun garrantzitsuak dira: oporretako mugimenduak eta hirigune barneko edo hiriguneen arteko lan-mugimenduak hartzen dituzte barnean. Garraioen garapenarekin eta hirien periferiaren hazkundearekin asko hazi dira mugimendu hauek.
Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorra (HAPO)
Plangintza orokorrerako tresna bat da, Espainiako hirigintzarako araudian definituta dagoena eta lurraldearen antolamendua helburu duena. Honen bitartez, lurzoruak klasifikatzen dira eta zein den lurzoru bakoitzari aplika diezaiokeen erregimena zehazten da, babesgarriak diren zonak arautzen dira eta udalerriaren hornikuntzaren ezinbesteko osagaiak zehazten dira. Modu berean, zona bakoitzeko populazio-dentsitatea eta eraikitzeko ahalmena ere bai.