Burdinbideen Legea (1855) eta Biurteko Progresista
Isabel II.aren Agintaldia eta Biurteko Progresista
1844. urtean, Isabel II.a adindua deklaratu zutenean (13 urterekin), bere zuzeneko agintaldia hasi zen. Etapa honetan liberal moderatuak nagusitu ziren, baina 1854an gertatutako iraultzaren ondorioz, progresistek hartu zuten Gobernua, Biurteko Progresistari hasiera emanez. Justu momentu honetan kokatu behar dugu komentatzen ari garen testua.
Biurteko Progresista (1854-1856)
Biurteko Progresistan, Espartero zen gobernuko lehendakaria eta O’Donnell gobernu kidea. Azken honek Batasun Liberala izeneko alderdia sustatu zuen: zentroko alderdia, hain zuzen ere. Joera liberal argiko gobernua izan zen eta oso neurri garrantzitsuak hartu zituen.
Neurri Garrantzitsuenak
Politika Arloa
Gizabanakoen eskubideak eta boto-eskubidea zabaldu ziren, eta alderdi progresisten ideiak jasotzen zituen 1856ko Konstituzioa idatzi zen.
Ekonomia Arloa
Ekonomiaren modernizazioa bultzatzeko bideratutako neurri garrantzitsuak hartu ziren, hala nola:
- Madozen Desamortizazioa: Desamortizazio Orokorrari buruzko Legea 1855ean argitaratu zen, jabetza kolektiboko ondasun guztiak salgai jarriz: batetik, Elizarenak (aurreko etapan saldu ez zirenak), eta bestetik, herriarenak.
Industrializazioa Bultzatzeko Neurriak
Industrializazioa bultzatzera bideratutako neurrien artean aipatzekoak dira:
- Bankaren Legea
- Meategien Legea
- Burdinbideen Lege Orokorra (komentatzen ari garen testua, hain justu ere)
Trenbidearen Beharra eta Atzerapena Espainian
Arestian esan dugun bezala, industrializazioa garatzeko ezinbestekoa zen nazio barneko merkatua sortzea, eta horrek lehorreko garraioen hobekuntza eskatzen zuen. Horretarako egin zen trenbidea.
Munduko lehen trenbide sarea Britainia Handian eraiki zen 1825ean. Espainian, ordea, trenaren hedapena berandu iritsi zen, mendearen bigarren erdian. Atzerapenaren arrazoiak betikoak dira:
- Orografia ezegokia
- Atzerapen ekonomikoa eta teknikoa
- Kapital falta
- Diru-sarrerarik gabeko Estatua
- Ezegonkortasun politikoa (gerra zibilak tartean)
Aurreko Saiakerak (1844)
Aurreko etapa moderatuan saiakera bat egin zen: 1844ko Errege Aginduak burdinbidearen eraikuntza eta ustiapenerako baldintzak ezartzen zituen. Lege honen bidez, gobernuak konpainia pribatuei burdinbide sarearen zati batzuk eraikitzeko ahalmena ematen zien enkante publikoan.
Kosteak oso handiak zirenez, elkarte anonimoak sortu ziren. Emaitza oso urria izan zen. Elkarte gehienek ez zuten ezer eraiki eta kontzesioei uko egin zieten, kosteak oso altuak baitziren eta errentagarritasun itxaropenak oso eskasak.
1855ean eraikitako zati bakarrak honako hauek ziren:
- Bartzelona-Mataró
- Gijón-Sama de Langreo
- Madril-Albacete