Burdinbideen Lege Orokorra (1855): Espainiako Trenbide Sarearen Garapena

Historia3,52 KB

Burdinbideen Lege Orokorra (1855)

Esku artean dugun testua 1855eko ekainean Aranjuezen Gorteek agindutako eta Isabel II.a Espainiako erreginak (eta Francisco Sutan ministroak) berretsitako Burdinbideen Lege Orokorraren pasarte bat da. Testu juridiko eta publikoa da, Isabel II.aren erreginaldian (1843-1868), Biurteko Progresistan (1854-1856) emandakoa. Legearen helburua burdinbidearen eraikuntza sustatzea eta arautzea da.

Legearen Artikulu Garrantzitsuak

Azterketari dagokionez, zenbait artikulu berretsi ziren lege honetan. Lege honen arabera, Gobernuak egiaztatu ahalko du trenbideen eraikuntza, bestela partikularrek edo konpainiek, baina ezingo dute trenbiderik eraiki emakida eskuratu arte (4. eta 6. art.). Zerbitzu orokorretarako trenbideak eraikitzeko funts publikoen laguntza jaso daiteke, eta horretan erabilitako atzerriko kapitalak edo maileguak Estatuaren babespean eta gerraren ondoriozko konfiskazioetatik libre geratuko dira (8. eta 19. art.). Harrobiak ireki ditzakete eta objektuak garraiatzeko ez dute peajerik ordaindu beharko, edota atzerriko materialentzako muga zergen erraztasunak izango dituzte (20. art.). Bukatzeko, trenbideak 1,80 metroko zabalera izan beharko du (30. art.).

Testuinguru Historikoa

Testuinguru historikoari erreparatuz, Isabel II.aren erreginaldian, progresistak agintean zeudelarik (1854-1856), hainbat lege eman ziren ekonomia eta finantza arloan. Lege honekin, progresistek Estatuaren Ogasunaren diru-sarrerak handitu (Madozen desamortizazioa), atzerriko kapitala erakarri eta industrializaziorako ezinbestekoak ziren azpiegitura finantzarioen eta garraiobideen garapena sustatu nahi zuten.

Burdinbideen Legearen Eragina

Gobernu progresistan, burdinbideen eraikuntza bultzatzeko, 1855eko Burdinbideen Lege Orokorra atera zen, aztergai daukaguna, hain zuzen. Lege honek zenbait abantaila eman zien burdinbidean inbertitu zuten konpainia pribatuei:

  • Diru-laguntzak
  • Trenbidea egiteko materialen inportazioei muga zergak ezabatzea
  • Lurrak desjabetzeko pribilegioa, besteak beste

Horrenbestez, 1866ra arte luzatuko zen eraikuntza-prozesu bizi baten abiapuntua izan zen Burdinbideen Legea. Urte horietan, hainbat tren-konpainia sortu ziren, gehienak kanpoko kapitalez eratuak, frantsesez batik bat. Burdinbideak ez zituen Espainiako ekonomiarentzat esperotako onurak ekarri. Espainiako industriak ez zuen ia etekinik atera burdinbidearen eraikuntzatik. Are txarrago, kapitalak burdinbidean kontzentratu izana beste sektoreen kalterako izan zen. Erabili zen egitura erradiala zen, eta Europako gainerakoan baino bide zabalagoa aukeratu zen. Horrela, Espainia Europar saretik kanpo geratu zen.

Ondorioak eta Geroko Bilakaera

1864tik aurrera, hamar urte iraungo zituen krisia hasi zen, eta XX. mendearen lehenengo hereneko aldi arrakastatsuaren ondoren, burdinbidea berriro krisian sartu zen. 1941ean, RENFEren sorrerarekin, burdinbidea nazionalizatu egin zen, tren-konpainia pribatuak desagertuz.

Laburpena

Bukatzeko, laburbilduz, Biurteko Progresistaren Lege Orokorrak (1855) bultzada handia eman zion Espainiako burdinbide-sarea eraikitzeko prozesuari. Burdinbidearen eraikuntzaren ondorioak aipatzen ziren: aurrenik, barne-merkatu bat sortzeko behar zen komunikazioa hobetu zelako; bigarrenik, trenbideak egiteko behar ziren lanpostu asko sortu zirelako; eta, azkenik, negozio-iturri berebizikoa izan zelako. Hala guztiz ere, burdinbidearen eraikuntza negozio handia izan bazen ere, ustiapenean oso bestela gertatu zen.

Deskargatu

PDF Word HTML