Bokal-elkarketak, harmonia eta diptongoak euskaran

Hizkuntza eta literatura5,88 KB

1.4 Bokal-elkarketak

Bi bokal elkartzen direnean (bereziki e+a, o+a eta u+a elkarketetan) hainbat bilakaera sortzen dira euskalkietan, eta baita euskalki baten barruan ere. Gogoratu: -a itsatsiari mugatzaile singularra gehitzen zaionean gertatzen dira bokal-elkarketa berezi hauek.

-a + a → -ia, -ea, -ie

  • (c) arreba → arrebea; arrebia
  • (c) meza → mezea; mezie (B)
  • (c) pena → penea; penia; penie (B)

-e + a → -ia, -ie, -ea

  • (c) maitea → maitia (G); maitie (B); maitea (EB)
  • (c) etxea → etxia; etxie; itxea (G)
  • (c) semea → semia (G); semie (B)

-o + a → ua, ue

  • (c) basoa → basua (G); basue (B)
  • (c) itsasoa → itsasua (G); "itzasue" (B)

-u + a → -ia

  • (c) orduan → ordian (Ipar.)

1.5 Harmonia bokalikoa

/i/ eta /u/ bokalen eraginez hurrengo silaban dagoen /a/ bokala ixten da, eta maiz /e/ bilakatzen da.

/i - u : a → e

  • (c) mutila → mutile (B)
  • (c) eskua → eskue (B)

1.6 Diptongoak

/i/ eta /u/ bokalek beste hainbat bokalekin silaba berean osatzen duten talde fonikoari gertatzen zaie diptongo izena. Diptongoa osatzen duten bokaletako bat itxia izan behar da eta bestea irekia edo erdi irekia; hala ere, biak itxiak izan daitezke. Bi mota daude:

Beheranzkoak

Beheranzkoak: jatorrizkoak eta gehien erabiltzen direnak; betidanik euskarak izan dituenak: au, eu, oi, ai, ei.

Adibideak: euskara, aitona, gauean, deitu …

Goranzkoak

Goranzkoak: arrotzak dira euskal sistema bokalikoarentzat; maileguzko hitzetan agertzen dira, hizkuntza erromanikoek goranzko diptongoak erabiltzeko joera dutelako: ia, ie, io, ua, ue, ui.

Adib.: eguerdi, nazionala, higuingarri, suerte …

Mendebaldeko joera nahiko garbia izan da; tradizioz goranzko diptongo horiek ekiditeko joera nagusitu da. Hiru bide jarraitu izan dira goranzko diptongoak ekiditeko:

  1. Monoptongazioa: diptongoaren bi bokalak bokal bakar bihurtzea.
    • (Gazt.) almuerzo → almortzu (G) edo almorsu (B)
    • (Gazt.) suelto → solte (G)
    • (Gazt.) siquiera → sikira (G); sikiera (EB)
  2. Kontsonante epentetikoa tartekatzea (y, x eta b erabilienak).
    • (Gazt.) novio → nobiyua (G); nobixua (B)
    • (Gazt.) envidia → inbiriya (G); inbirixe (B)
    • (Gazt.) violín → bibolina
  3. Azentu-silaba aldatzea:
    • (Gazt.) cien → zíen (eusk.)
    • (Gazt.) Diez → díez (eusk.)

Azkenik, aipatzekoak dira bigarren mailako diptongoak. Bokal artean dagoen kontsonante baten (b, d, g eta r bezalakoen) galeraren ondorioz sortzen direnak dira.

Adib.: (EB) eguzki → euzki (G)

(EB) eduki → euki (G)

(EB) aritu → aitu (G)

1.7 /ü/ bokala

/ü/ soinua batez ere Zuberoan entzuten da, baina Behe Nafarroako herri mugakide batzuetan ere agertzen da.

Askok horrela uste bazuten ere, ez da frantsesaren "u" soinuaren parekoa; frantsesekoaren aldean pixka bat irekiagoa da. Diakronikoki aztertuz gero, teoria ezberdinak aipatu izan dira:

  1. Txillardegiren ustez, /ü/ bokal hau antzinako bokal arkaiko baten ondorio izango litzateke, guk hegoaldean galdu duguna eta Zuberoan mantendu dena. Beraz, haren ustez, antzina euskarak sei bokal zituela esan daiteke.
  2. Koldo Mitxelenaren teoria oso bestelakoa zen; ez zegoen ados Txillardegiren iritziarekin.
  3. Mitxelena (Errenteriarrak) ustez, /ü/ bokala ez zen bokal arkaiko bat, berrikuntza bat baizik. Ingurumen fonikoaren arabera, /u/ > /ü/ bilakatzen da; beraz, berriki sortutako soinua omen da /ü/.

Bere teoria egiaztatzeko, fonetika-ikerlari handiak 2.000 urte inguruko inskripzio latinoetara ere jo zuen. Akitaniako hilerrietan agertu ziren hitz zahar batzuk: sembe, cison, anderex, iluno, eta beste batzuk. Gaur egun honela azalduko genuke:

Adib.: (c) ilun(o) → ülhün (Z)

Beraz, hori ikusita, gaur egungo /ü/ soinua berrikuntza bat dela esan daiteke.

Noiz gertatzen da /u/ → /ü/ bilakaera

Hona hemen ohiko testuinguruak:

  • Hitz bukaeran agertzen denean:
    • (EB) esku → eskü (Z)
    • (EB) maitatu → maithatü (Z)
    • (EB) guk, zuk → gük, zük (Z)
  • -Z, TZ, TS aurrean:
    • (EB) huts → hüts (Z)
    • (EB) utzi → ützi (Z)

Noiz ez da /u/ → /ü/ gertatzen

Salbuespen-egoerak:

  • /r/ leunaren aurrean:
    • (EB) gure → gure (Z)
    • (EB) barau → barur (Z)
    • (EB) hiru → hirur (Z)
    • Salbuespenak: bilküra, ütxüra (Z)
  • /ś/ren aurrean:
    • (EB) uste, ikusi → uste, ikhusi (Z)
    • Salbuespenak: üstel (Z), süsker (Z)
  • /rd/, /rt/ inguramenduan:
    • (EB) urde, urdin, urte → urde, urdin, urthe (Z)

/ü/ soinua fonematzat hartzea

Zalantzak egon dira /ü/ soinua fonema balio duen ala ez erabakitzeko.

Adibide batzuk:

  • (c) on → hun ≠ hün (Z)
  • (c) non → nun ≠ nün (naun → nün) (Z)
  • (c) urtze → hurtze ≠ hürtze (urrondoa) (Z)
  • (c) phezu (hesia) ≠ phezü (pisu) (Z)

Adibide lau besterik ez ditugunez, ezin dugu /ü/ri ezinbestez fonema-balio ziurra aitortu.

Deskargatu

PDF Word HTML