Blasco Ibáñezen 'El Intruso' eta Bizkaiko Meatzaritza
Vicente Blasco Ibáñezen “El Intruso” eleberriaren pasartea (1904)
Testuaren Izaera eta Gaia
Izaera soziala duen testu narratibo hau Vicente Blasco Ibáñez idazle valentziarrak 1904an idatzi zuen “El Intruso” nobelaren pasarte bat da. Zati honetan, Bizkaiko meatzariek XX. mendearen hasieran bizi zuten egoeraren berri ematen zaigu, eta egoera hori oso modu gordinean deskribatzen du idazleak. Langileen etxebizitzen egoera txarra, elikadura eskasa eta lan egiteko modu gogorra agertzen dira testuan.
Bizkaiko Meatzarien Bizi-Baldintza Gordinak
Testuan Aresti izeneko pertsonaia fikziozkoa agertzen da, kontatzen den guztiaren lekuko gisa. Lehenengo paragrafoan, meatzetako langileen etxebizitzaz ari da, “aterpetxe ziztrinak” deituz. Barrakoiak edo “peoien etxeak” oso baldintza txarrak zituzten etxebizitzak ziren. Langile meatzariak pilaturik bizi ziren espazio txiki batean, eta zikinkeria zen nagusi: izerdia, hezetasuna, bizkarroiak eta arnastu ezin zen airea. Hotz handia egiten zuen barrakoietan, zirrikituetatik haize hotza sartzen zelako. Langileek lanean erabilitako arropez jantzita egiten zuten lo, haiek bustita egon arren. Gaixotasunak zabaltzeko baldintza ezin hobeak ziren horiek.
Lan Baldintza Gogorrak eta Ordezkagarritasuna
Langileen lan baldintzak ere deskribatzen ditu idazleak. Egun osoko lan gogorrak egiten zituzten: “blokeak apurtu, bagonetak bete, materiala eraman…”. Bigarren paragrafoan jarraitzen du meatzarien lan hori azaltzen.
Meategiak aire zabalekoak izanik, langileak espezializaziorik gabekoak zirela eta erraz ordezka zitezkeela dio idazleak. Nekazaritza eremuetatik etorritako lan esku ugaria eta merkea zen meatzariena. Nagusien gehiegikeriaren aurka altxatzen zirenak kanporatu eta erraz ordezka zitezkeenez, zaila egiten zitzaien lan baldintzen hobekuntza lortzea.
Testuinguru Historikoa: Berrezarkuntza Garaia
Espainiako Berrezarkuntza eta Bi Mundu Desberdin
Gure testua Espainiako Berrezarkuntza garaian kokatzen dugu, Alfontso XIII.a Espainiako erregea zenean. Garai horretan, bi mundu desberdin elkarren ondoan bizi ziren: industrializatutako eremu txiki batzuk, kostaldean kokatutakoak; eta barrualdeko nekazaritza landatar handia eta oparoa.
Bizkaiko Industria Iraultza
Ikusten dugunez, euskal probintzien artean, Bizkaian garatu zen Industria Iraultza, batik bat. Burdinaren erauzketak lurraldearen hazkunde ekonomikoa monopolizatu zuen, eta gero siderurgiak sustatu zuen Bizkaiko ekonomia. Europako beste leku batzuetan, industrializazio-prozesua XIX. mendearen hasieran sortu zen, baina Bizkaian, gerra zibilen eta foru arazoaren ondorioz, prozesua atzeratu egin zen nabarmen, eta ez zen XIX. mendearen amaierara arte garatu.
Meatzaritzaren Oinarria eta Kapitalizazioa
Meatzaritza izan zen industriaren oinarria. Bizkaiaren hegemonia burdin mineraleko meatoki asko izatearen ondorioz gertatu zen. Meatokien ustiaketa esportaziora bideratu zen, eta horren ondorioz, kapitalizazio handia sortu zen. Diru sarrera horiek industria kapitalismoaren oinarria izan ziren.
Legeak eta Atzerriko Kapitala
1860ko hamarkadan burdina-produkzioak gora egin zuen nabarmen. 1868ko Meatzeen legeari eta 1869ko Figuerolaren arantzel lege librekanbistari esker, gero eta gehiago ustiatu zen metalgunea. 1876an gerra amaitu eta Berrezarkuntzak euskal foruak indargabetu zituenean, burdinaren produkzioa azkar hedatu zen.
Atzerriko kapitalek ere industrializazio-prozesuan parte hartu zuten; izan ere, belgikar, frantziar eta ingeles konpainiek (Orconera konpainia, besteak beste) burdinaren produkzioaren %75a erauzteaz arduratu ziren, gutxi gorabehera.