Bizkaiko Meatzaritza eta Industrializazioaren Azterketa
VB: Meatzarien Bizimodua
KOKAPENA: Burdin meategietako meatzarien bizimodua, barrakoiak azpimarratuz. Funtzioa: literarioa; Eremua: soziala. Egilea indibiduala da eta publikoari zuzendua. Helburua: meatzarien bizi-baldintzak salatzea.
Azterketa
Termino historikoak
V. Blasco Ibañez, nobelagile valentziarra.
Ideia nagusiak
Etxebizitza egoera, janari eskasia eta lan egiteko modua. Testuak bi paragrafo ditu:
- Meatzarien etxebizitzak: Barrakoiak meategien jabeenak ziren eta meatzariek alokatu egiten zituzten. Lanegun gogorraren ondoren, meatzaria barrakoian dago eta lotara doa. Barrakoiko higienea: “Izerdiak elkartu egiten ziren eta arnasak nahasi; zikinkeria anaiartekoa zen”.
- Harrobia: Langileen etsairik gogorrena. Harrobia eta meazuloa bereizten dira; ustiaketa kanpoaldean egiten denez, ez da prestakuntzarik behar. Baieztapen honekin bukatzen da: gizonen etorrera etengabea eteten ez bada, zaila da langileen egoera hobetzea.
Testuinguru historikoa
Europan baino beranduago iritsi zen Bizkaira industrializazio garaia. Lehen urratsak lehenengo Karlistaldia amaitzean eman ziren. Bessemer prozesuari esker, fosfororik gabeko mea Britainia Handira esportatu zen eta, trukean, ikatza ekarri zuten. Kapital horiek industria siderurgikoa bultzatu zuten, eta 80ko hamarkadan gertatu zen benetako Bizkaiko industrializazioa.
Enpresa berriak sortu ziren, hala nola Altos Hornos de Vizcaya. Demografia eztanda gertatu zen: heriotza-tasa jaitsi eta jaiotze-tasa mantendu zenez, biztanleriak gora egin zuen. Immigrazio handia egon zen landatik hirira, baina bizi-baldintzak zirela eta, heriotza-tasak gora egin zuen. Hirigintza modu desorekatuan eratu zen: industria-guneetan, enpresek lantegien inguruan langileentzako etxebizitzak eraiki zituzten, zerbitzurik eta higienerik gabe. Aldi berean, burgesiarentzako auzoak eraiki ziren, bi gizarte-taldeen arteko ezberdintasunak areagotuz. Eskubideak aldarrikatzeko langile-mugimendua sortu zen: sozialismoa eta anarkismoa. Sindikatu sozialistak eta anarkistak ez ezik, nazionalistak ere agertu ziren.
Konklusioa
Bizkaiko industrializazioak burdin mean izan zuen oinarria. Mearen ugaritasunak, kalitateak, erauzketaren erraztasunak eta itsasoaren hurbiltasunak prozesua erraztu zuten. Bessemer prozesuarekin garapen handia izan zuen. Kanpoko kapitalak prozesua monopolizatu zuen eta enpresak meategien inguruan kokatu ziren. Horrek etorkin andada ekarri zuen landatik, eta haien etorrerak azpiegitura-beharrak eragin zituen.
Testuak modu gordinean heltzen dio Somorrostroko meatzarien bizimoduari: soldata baxuak, higienerik eza, lanaldi luzeak eta meategien jabeen esplotazioa. Egoera horren ondorioz sortu ziren lehen talde sozialistak. Komunismoak, aldiz, indar gutxiago izan zuen.