Bizkaiko Langile Mugimenduaren Historia

Historia6,04 KB

Bizkaiko Langile Mugimenduaren Hastapenak

Testuinguru Historikoa eta Industrializazioa

Testuinguru historikoari begira jarrita, aintzat hartu behar dira bai 1865 urtetik aurrera Bizkaian gertatu zen hazkundea industrian, bai Bizkaiko herrien eraldaketa. Izan ere, Bizkaiko mearen ustiaketarekin eta burdinaren esportazioarekin hasi zen industriaren benetako hazkundea eta garapena. Industrializazioak ekarri zuen eraldaketa ekonomikoak eragin handia izan zuen Bizkaiko gizartearen bizimoduan. Finantza ahalmen handiko oligarkia eratu zen, eta inguruan langileria.

Langileen Lan Baldintzak eta Mugimenduaren Jaiotza

Langileen lan-baldintzak oso kaskarrak izan ziren: lanaldia luzeegia zen, soldata txikia zen, istripu ugari gertatu ohi zen... Era berean, bizi-kalitatea urria zen: etxebizitza duinik ez, higiene gutxi, elikadura eskasa... Ondorioz, haien osasunak okerrera egin zuen, eta handitu egin zen hilkortasun-tasa.

Langileriak bizi zuen egoera kaskar horri aurre egiteko, langileen mugimendua jaio zen Bizkaian. Espainian ere laster sortu zen 1868tik aurrera, Seiurteko Iraultzailearen askatasunen itzalean. Hartara, Lehen Internazionalaren eragina zabaldu zen, eta matxinadak egon ziren anarkismoaren eta sozialismoaren eraginez. Dena den, Espainiako langile mugimendu berri horretan askoz azkarrago hedatu zen ideologia anarkista sozialista baino, batik bat Andaluzian eta Katalunian. Mugimendu hori oso mugatuta egon zen hasieran: oihartzun gutxikoa izan zen eta jarrera geldo samarra agertu zuen.

Antolakunde Nagusiak eta Hedapena

Langileen Nazioarteko Elkarteko (LNE) lehen guneak sortu ziren, langileen lehen biltzarra 1870ean egin zen, eta han sortu zen Bakuninen aldeko joera zeukan Espainiako Eskualde Federazioa (FRE). Prentsa anarkista ere garatu zen. Alabaina, marxisten eta anarkisten arteko zatiketa gero eta nabarmenagoa zen LNEan, eta azkenean iritzi eta teoria marxistak nagusitu ziren.

Hori dela eta, ideia marxistadunek, Pablo Iglesias buru zutela, gune sozialista eratu zuten Madrilen 1879an: Langileen Alderdi Sozialista (PSOE). Era berean, Langileen Batasun Orokorra (UGT) sortu zen 1888an, joera sozialistako sindikatua. Madrilen, Asturiasen eta Bizkaian zabaldu zen sozialismoa.

Beraz, esan daiteke Bizkaian ere hartu zutela langileek klase-kontzientzia eta antolatzen hasi zirela. Facundo Perezaguak sortu zuen lehen erakunde sozialista Bilbon 1886an.

Greben Garrantzia: 1890eko Greba

Denborak aurrera egin ahala, langileen bizitza latzagatik eta lan-baldintza gogorrengatik, areagotu egin ziren lan-gatazkak meategien inguruan. Era berean, sozialismoa milaka langile mobilizatzeko indar politikoa bihurtu zen. Horren haritik, adierazi behar da Manuel Orbe izan zela PSOEren lehen zinegotzia Bilbon 1891n.

Giro horretan, greba izan zen borrokarako tresnarik garrantzitsuena, eta meatzariek 1890ean egin zuten greba lehenengo aldiz, testuan aipatzen den moduan. Esan behar da greba saio horrek greba handien aldia ireki zuela: 1890etik 1919ra bost greba orokor antolatu ziren, eta langile-mobilizazioaren gunerik nagusiena bilakatu zen Bizkaia, sozialismoaren ideiekin oso lotuta beti ere.

1890eko Grebaren Jatorria

Ezin da aipatu gabe utzi zer gorabehera egon zen 1890eko grebaren jatorrian:

  • Derrigorrezko kantinak
  • Barrakoiak
  • Soldata eskasak
  • Lehen mailako produktuen salneurri garestiak

Oso greba gogorra antolatu zen eta oihartzun handikoa, grebalariek jarrera irmoa agertu zutelako eta jabeek ez zutelako amorerik eman. Hori dela eta, gobernuak armada bidali zuen, Loma jenerala buru, eta behartu egin zituen grebalariak eta jabeak bat etortzera. Hitzarmen horrek zenbait onura ekarri zien langileei: kantinen nahitaezkotasuna ezeztatu, lan-orduak murriztu...

Baina, aztertzen dihardugun artikuluak dioen bezala, lorpen horiek ez ziren bete, sozialismoak ez baitzuen behar adina heldutasun lortu 1911ra arte. Horrexegatik egin zuen gora greben kopuruak hurrengo urteetan.

Testuaren Garrantzia

Amaitzeko, La Lucha de Clases astekarian agertutako artikuluaren garrantzia nabarmendu behar da (1896-05-23). Testu esanguratsua izan zen Espainiako estatuan 1868tik aurrera sortu zen langile mugimenduak zer nolako indarra bereganatu zuen ulertzeko.

XX. Mendeko Hasierako Bilakaera

Euskal Herriko Mugimenduak eta Nazionalismoa

Lehenik, gogora ekarri nahi da zenbait langile mugimendu eratu zirela Euskal Herrian XX. mendearen hasieran: alde batetik, arrakasta gutxi eduki zuen anarkismoa; beste aldetik, Perezagua buru izan zuen komunismoa (arrakastatsua, langile erradikalenak sozialismotik banandu ondoren). Gauzak horrela, gatazkak gora egin zuen industria-eremuetan XX. mendean zehar, batez ere Perezaguaren erradikalismoaren eraginez.

Aipatu behar da gertakari horiek abertzaleen erantzuna ekarri zutela. Euskal nazionalismoak Solidaridad de Trabajadores Vascos izeneko sindikatua sortu zuen, abertzaleen eta Elizaren gizarte-doktrinaren barruan langile euskaldunak batzeko. Abertzaleen ustez, sozialismoa inmigranteen ideologia arrotza zen, eta Euskaditik aldendu behar zen.

Politika Moderaturantz eta Lehia Elektoralera

1915etik aurrera, Perezaguaren erradikalismoa alde batera utzi eta Indalecio Prietok bultzatutako politika moderaturantz egin zuen sozialismoak. Sozialisten eta errepublikanoen arteko aliantza ahalbideratu zuen norabide-aldaketa horrek, eta lehia elektorala bihurtu zen. Horixe izan zen greba ordezkatu zuen borroka egiteko bidea.

1921eko Krisia eta Diktadura

Bigarrenik, aipatu behar da langileen lan-baldintzak okertu zirela 1921eko krisiarekin. Bukatu egin ziren Lehen Mundu Gerran lortutako etekin handiak, eta eguneroko kontu bilakatu ziren langileen kaleratzeak eta soldata-jaitsierak.

Era berean, ezin da ahaztu anarkismoa ilegalizatu eta desagertu zela Primo de Riveraren diktaduran. UGTk diktadurarekin elkarlanean jardun zuen. Gertaera horiekin guztiekin, PSOEk garrantzi eta pisu handia lortu zuen, eta ondorioz Bigarren Errepublikako alderdietako bat bilakatu zen.

Deskargatu

PDF Word HTML