Bizitzaren Jatorria eta Eboluzio Biologikoa
Bizitzaren Jatorria eta Eboluzio Biologikoa
Bizitzaren Jatorriaren Hipotesiak
Bizitzaren jatorria azaltzeko hainbat hipotesi zientifiko egin dira:
Panspermia
Bizitza espazioan sortu zen eta planeta batetik bestera bidaiatu zuen.
Sintesi Prebiotikoa
Materia ez-organikoan eratutako molekula organikoetatik sortu zen bizitza Lurrean.
Sintesi prebiotikoa (Oparinek eta Haldanek proposatua): Hasieran, atmosfera konposatu ez-organikoz osatuta zegoen. Gero, ur-lurruna atmosferan zegoen, hodeiak sortu ziren eta euria egitean lehen ozeanoak eratu ziren. Eguzkiaren presioarekin eta atmosferan gertatzen ziren deskarga elektrikoekin, lehen konposatu organikoak sortu ziren. Hauek gainazalera jausi ziren, 'zopa primitiboa' sortuz.
Lehen Zelulen Aitzindariak
Seguru asko, jatorrizko zopan erreakzioak gertatu ziren molekula organiko soilen artean. Horrela, molekula konplexuagoak sortu ziren: esfera hutsak ziruditen elkarketa molekularrak (koazerbatuak) eratu ziren. Azido nukleikoa zuten barruan, eta hauek izan ziren lehen zelulen aitzindariak. Ondoren, zelula prokariotikoak sortu ziren, eta azkenik, zelula eukariotikoak. Prozesu horrek 2.000 milioi urte iraun zuen.
Eboluzio Biologikoa eta Bioaniztasunaren Jatorria
Denboran zehar espezieek izaten duten aldaketa-prozesuari eboluzio biologikoa deritzo.
Fixismoa
Espezieak aldaezinak direla dioen teoria da, sortu zirenetik bere horretan daudela.
XIX. mendearen hasieran, oraindik pentsatzen zen espezieak ez zirela aldatzen denboraren poderioz. Kreazionismoa onartzen zen (Jainkoak sortu zituen espezieak, eta hauek ez ziren aldatzen denborarekin). Georges Cuvierrek Katastrofismoaren teoria proposatu zuen: izaki bizidunak orain bezalakoak zirela eta bat-batean desagertu zirela hondamendi baten ondorioz, gero beste espezie batzuk sortu zirelarik.
Eboluzionismoa
Espezieak aldatu daitezkeela eta beste espezie batzuk sor daitezkeela dioen teoria da. Teoria asko daude, besteak beste:
Lamarckismoa
Jean-Baptiste Lamarck naturalistak proposatu zuen teoria honen arabera, espezie batzuk etengabe eraldatzen ziren eta beste batzuk sortzen ziren. Organismoek forma soiletatik konplexuetara eboluzionatzen dute. Organo bat asko erabiliz gero, garatu egingo da; ez erabiltzean, berriz, endekatu egingo da.
Darwinismoa
(Charles Darwin eta Alfred Russel Wallacek proposatua) Espezieak ez daude eboluzionatzera behartuta; eboluzioa prozesu ireki bat da eta ez du amaierarik. Darwinek esan zuen hautespen naturalak eragin zuela espezieen jatorrian eta eboluzioan. Hautespen naturalaren bidez, espezieak denboraren poderioz aldatzen dira. Espazioa eta janaria mugatuta daudenez, espezie asko jaiotzen badira, bizirik irauteko borrokatzen dira. Populazio bat osatzen duten espezie bereko banakoak ez dira berdinak (koloreak, tamaina, etab. aldatzen dira). Inguruneak hobekien moldatuta dauden organismoak aukeratzen ditu, eta horrela espezieak aldatu egiten dira.
Hautespen-presioa eta Moldaera
Banakoek bizirik irauteko eragin kaltegarria duten alderdiei hautespen-presio deritze. Hainbat belaunaldiren ondoren, populazio bat osatzen duten banakoak ingurunera egokituta egongo dira. Hautespen-presioaren eta hautespen naturalaren ondorioz gertatzen da prozesu hori populazioetan, eta moldaera deritzo. Populazio batek zenbat eta herentziazko bariazio gehiago izan ezaugarri batean, orduan eta gaitasun handiagoa izango du hautespen-presioari aurre egiteko.
Neodarwinismoa (Teoria Sintetikoa)
XX. mendean, beste interpretazio bat eman zioten Darwin eta Wallacek proposatutako teoriari. Honen arabera:
- Aldakortasun genetikoa bi prozesuk eragiten dute: mutazioek eta birkonbinazioek.
- Hautespen naturalak eragina du aldakortasun genetikoan.
- Eboluzioa pixkanaka gertatzen da.