Bigarren Mundu Gerraren Kausak: Arrazoiak eta Inbasioa
1. KAUSAK EDO ARRAZOIAK:
Bigarren Mundu Gerraren arrazoiak Gerra Arteko garaiko arazoetan bilatu behar ditugu, askotan errepikatu dugun bezala. Aurreko hiru gaietan (Errusiako Iraultza eta Sobietar Batasunaren jaiotza, Gerra osteko arazo ekonomikoak eta Depresio Handia, eta azkenik, Faxismoen gorakada Europan), jorratu ditugu arazo guzti hauek, Europa lehenik eta ondoren mundu osoa historiako gatazka armatu garrantzitsuenera eramango dituztenak.
Urrutiko kausak:
Aurreko gaietan landu ditugunez, ez ditugu berriro aztertuko, baina laburbilduz, honoko arazoak gogoratuko beharko genituzke:
• Versaillesko Itunaren porrota bakea antolatzeko.
• Nazioarteko Elkartearen ezintasuna nazioen arteko gatazkak bideratzeko momentuan.
• Frantziaren eta Alemaniaren arteko etsaitasunaren areagotzea Versaillesen ondoren (Alemaniari iraina).
• Sobietar Batasunaren agerpenak sortu zuen ezegonkortasuna mendebaldeko potentziak estatu berria isolatu baitzuten (“osasunaren lerroa”) komunismoaren hedapenaren beldur baitziren.
• Europako egoera ekonomiko zaila, Alemaniarena bereziki, Gerra Handiaren ondoren, eta batez ere 1929. urtean hasi zen Depresio Handiaren ondorioz.
• Egoera sozio-ekonomiko honek sistema parlamentarioa eta kapitalismoaren krisia agerian jarri zuen, faxismoei bidea irekiz, Alemanian eta Italian bereziki.
• Faxismoen hedapen nahiak eta inperialismoak ekarri zuen ezegonkortasuna eta statu quo-aren haustura Europan. Hedapen horretan Alemaniak eta Italiak bat egin zuten ikusi dugun bezala, Altzairuzko Ituna sinatu zutenean. Aliantza honi Japonia batu zitzaion (Asian bere hedapen inperialean hasi zen Japonia, Mantxuria eta Txina osoa inbadituz, Britainia Handia eta AEB-en interesak eta nagusigoa arriskuan jarriz).
Bertako kausa: Poloniaren inbasioa
Ikusi dugun bezala, Alemaniaren hedapena oztoporik gabe eraman zuen aurrera Hitlerrek Britainia Handia eta Frantziaren ia oposiziorik gabe (gogoratu Austriaren anexio edo Anschluss-a, Sudeteak eta Txekoslovakia osoaren konkista azkenik). Amaitzeko, Hitler eta Stalinen arteko itunak (Molotov-Ribentropp izenekoa, 1939koa, elkarri eraso ez egiteko eta Europako ekialdea bien artean banatzeko) bidea ireki zion Alemaniari Polonia inbaditzeko. 1939ko irailaren 1ean tropa naziek Polonia inbaditzen zuten. Hitlerrek marra gorri guztiak hautsi zituen eta Britainia Handiak eta Frantziak Poloniarekin zuten defentsarako ituna praktikan jarriz gerra deklaratu zioten Alemaniari. Bigarren Mundu Gerraren hasiera zen.