Bigarren Errepublikako Biurteko Erreformista (1931-1933)
Erreformak eta Helburuak
1931tik 1933ra, Manuel Azaña izan zen gobernuko presidente, eta erreformak egiten jardun zuen. Bi urte horietan, aurreko mendetik konpontzeke zeuden arazo nagusiak jorratu ziren:
- Nekazaritza-erreforma: Espainiako nekazaritza-egitura eraldatzeko helburua zuen, nekazaritza-ekoizpena eta nekazarien bizimodua hobetzeko. Helburu horiek lortzeko neurriak hauek ziren: landatu gabeko latifundioak desjabetzea eta lurrak jornalarien artean banatzea. Erreforma egiteko ardura IRA erakundeak zuen, baina ez zuen izan helburuak lortzeko behar beste diru. Nekazariek desengainu hartu zuten, eta gatazka berpiztu zen landan.
- Kataluniako autonomia: 1932an, Nuriako Estatutua onetsi zen, bai eta Generalitatea sortu ere.
- Erreforma militarra: Funtsezkoa zen, armadak oso eragin handia baitzuen politikan. Errepublikari leial izango zitzaizkiola zin egiteko eskatu zieten agintari militarrei; zin egin ez zutenek erretiro ordaindua hartu behar izan zuten. Neurri horren bidez, ofizialen kopurua murriztea eta haien leialtasuna bermatzea lortu nahi zen.
- Lan-erreformak: Garrantzitsuak egin ziren, langileen bizimodua hobetzeko. Besteak beste, gutxieneko soldatak ezarri eta istripu-aseguruak ipini ziren.
- Hezkuntza-erreforma: Bigarren Errepublikan, lehentasuna eman zitzaion hezkuntza-erreformari, hezkuntza gizarte-hobekuntzarako bidea zela uste baitzen. Lehen Hezkuntzarako 10.000 eskola berri eraiki zituzten bi urteko epean, eta hezkuntzarako aurrekontua %50 handitu zen.
- Ezkontza zibila eta dibortzioa: Halaber, ezkontza zibila eta dibortzioa arautu ziren.
Erreformen Aurkako Oposizioa eta Krisia
Gobernuak lur-jabe handien eta Elizako zein armadako goi-hierarkien oposizioa izan zuen, erreformak oso erradikalak zirela uste zutelako. Era berean, anarkistek eta sindikatuek ere aurka egin zieten, eraldaketa sakonagoak nahi zituztelako.
1932ko abuztuan, estatu-kolpe ahalegina gertatu zen Sevillan, Sanjurjo jeneralak zuzenduta. Horrez gain, finkak okupatu ziren, nekazaritza-erreforma oso geldo aplikatzen ari zelako haserre baitzeuden. 1933ko urtarrilean, nekazaritza-matxinada bat izan zen Casa Viejasen. Gertaera horretan, zenbait hildako izan ziren.
1933ko irailean, ekonomia-krisia larriagotu eta gobernuaren onarpenik eza gero eta handiagoa zen. Horrenbestez, Azañak dimititu egin zuen, eta hauteskundeetarako deia egin zen. Eskuineko alderdiak elkartuta aurkeztu ziren hauteskundeetara, CEDA izeneko blokean. Gil Robles zen alderdi katoliko horren burua.