Berrezarkuntzako Sistema Politikoa (1874-1923)
Berrezarkuntzako Sistema Politikoa
Sarrera
Alderdi Alfontsinoak, Antonio Cánovas del Castillo buru zuela, aldekoak irabaziz joan zen, eta herri xeheak ez zuen Berrezarkuntzaren aurkako oposizio sendorik egin. 1874an, Alfontso XII.ak Sandhursteko Manifestua aldarrikatu zuen. Urte berean, Martínez Campos jeneralak prontunciamendua egin zuen Sagunton, Alfontso XII.a Espainiako errege izendatuz. Berrezarkuntza Borboien dinastiaren itzulera izan zen, Sei Urteko Iraultzaren ondoren.
Horrek honako hauek ekarri zituen:
- Liberalismo moderatuaren nagusitasuna.
- Egonkortasun politikoa.
Garaia Martínez Camposen prontunciamenduarekin hasi eta Primo de Riveraren estatu-kolpearekin amaitu zen. Etapa nagusiak hauek izan ziren:
- Alfontso XII.aren erregealdia (1874-1885).
- Alfontso XIII.aren adingabetasuna eta Habsburgoko Maria Kristinaren erregeordetza (1885-1902).
- Alfontso XIII.aren erregealdi zuzena (1902-1923).
Alfontso XII.aren erregealdia (1875-1885)
Berrezarkuntzaren sistema politikoa
Lehen helburua bakea lortzea izan zen, Kubako Gerrari eta Gerra Karlistari amaiera emanez. 1876an Gerra Karlista amaitu eta foruak indargabetu zituzten. Horrek ezegonkortasuna zabaldu zuen, eta giroa baretzeko Kontzertu Ekonomikoa ezarri zen. 1878an, Kubako gatazkari behin-behineko amaiera eman zitzaion Zanjóngo Hitzarmenaren bidez, nahiz eta gatazka geroago berpiztu zen.
Sistema politikoaren sortzailea Cánovas del Castillo izan zen, eta haren helburu nagusia egonkortasun politikoa lortzea zen, hori ezinbestekotzat jotzen baitzuen. Horretarako, adostasuna beharrezkoa zen, eta 1876ko Konstituzio malguarekin lortu zuen.
Berrezarkuntzaren sistemaren oinarriak
a) 1876ko Konstituzioa
Konstituzioaren helburua iraunkortasuna zen. Hona hemen haren ezaugarri nagusiak:
- Subiranotasuna: partekatua (erregea eta Gorteak).
- Aginte banaketa: ez zegoen argi zehaztuta, erregeak botere handia baitzuen.
- Bi ganberako Gorteak: Senatua eta Diputatuen Kongresua.
- Senatua hiru motatako senadoreek osatzen zuten: beren eskubidezkoak, erregeak izendatutako bizi bitartekoak eta erakundeek aukeratutakoak.
- Diputatuen Kongresua: sufragio bidez aukeratzen zen (1890 arte zentsitarioa edo mugatua, biztanleriaren % 5 inguru).
- Askatasun indibidualak: aitortzen ziren, baina legeek mugatzen zituzten.
- Estatu konfesionala: katolikoa, baina beste erlijioak modu pribatuan onartzen ziren.
- Erregearen boterea: botere legegilea eta betearazlea Gorteekin partekatzen zituen, eta gobernua izendatzeko eta kentzeko ahalmena zuen.
b) Alderdi-bitasuna eta txandakatze baketsua
Bi alderdi dinastiko nagusi zeuden: Alderdi Kontserbadorea (Cánovas buru) eta Alderdi Liberal Fusionista (Sagasta buru). Bi alderdiek ez zuten desberdintasun ideologiko handirik elkarren artean. Txandakatze sistemak beste indar burgesak baztertuta geratzea saihestu zuen, baina, beste alde batetik, langile-mugimendua, errepublikanoak, karlistak eta nazionalistak sistematik kanpo utzi zituen.
Alfontso XII.a hil zenean, Habsburgoko Maria Kristina erreginaorde bihurtu zen. El Pardoko Ituna sinatu zuten Cánovasek eta Sagastak, txandakatze politikoari eta Berrezarkuntzari jarraipena emateko, sistemari egonkortasuna emateko asmoz.
c) Sistemaren funtzionamendua: Kazikismoa
Sistema hauteskunde-iruzurrean oinarritzen zen. Erregeak gobernua aldatu nahi zuenean, oposizioko buruari gobernua osatzeko eskatzen zion. Ondoren, hauteskundeak deitzen ziren eta emaitzak manipulatzen ziren gobernu berriak gehiengoa lor zezan. Iruzurra, batez ere, nekazaritza-eremuetan gertatzen zen, kazikeen (jauntxoen) eraginaren bidez, botoak kontrolatzen baitzituzten.
Bi alderdi dinastikoen artean banatzen ziren eserleku gehienak, eta oso gutxi geratzen ziren gainerako indar politikoentzat. Egonkortasun politikoak hobekuntza ekonomikoa ekarri zuen arren, kazikismoa sistemaren gaitz endemiko bihurtu zen. Harekin amaitzeko saiakerek porrot egin zuten, eta horrek, azkenean, Berrezarkuntzaren krisia eta gainbehera eragin zituen.
Habsburgoko Maria Kristinaren Erregeordetza (1885-1902)
1898ko krisia: Kubako hondamendia
Nazioarteko potentzia handiak hedatzen ari ziren bitartean, Espainiak, aldiz, bere azken koloniak galdu zituen (Kuba, Puerto Rico eta Filipinak). Kubako baliabideak metropoliaren mesedetan ustiatzen ziren, eta horrek independentziaren aldeko gatazka piztu zuen, AEBren esku-hartzearekin amaitu zena.