Berrezarkuntza: Sistema Politikoa eta 98ko Krisia
Berrezarkuntzaren Hasiera eta Sistema Politikoa
Seiurteko iraultzaileak hondoa jo eta errepublika finkatzeko saioak ezerezean gelditu zirela, Borboien monarkia ezarri zen berriro. Horrela hasi zen Berrezarkuntza. Cánovasek bideratu eta eratu zuen sistema politikoa; erregimen liberal moderatura itzuli zen, berriztuta, joera liberalak bildu ahal izateko. Helburu nagusia egonkortasun politiko eta soziala eta garapen ekonomikoa bermatzea zen.
Berrezarkuntzako lehen gobernua, kontserbadorea, Cánovasek zuzendu zuen hiru helburu nagusirekin:
- Gerrak amaitzea.
- Ordena sozial eta politikoa berrezartzea.
- Sistema politiko berriaren oinarriak finkatuko zituen konstituzioa egitea: 1876ko Konstituzioa.
Txandakatze Politikoa eta 98ko Krisia
1881ean txandakatze politikoa hasi zen, Alderdi Liberalak agintea hartu zuenean. Sagastak proiektu erreformistak proposatu zituen, baina horietako asko ezerezean gelditu ziren kontserbadoreek aginpidea berreskuratu zutenean. Alfontso XII.a hilda, bere emazte M. Kristinak, Cánovasek eta Sagastak txandakatze politikoari eta Berrezarkuntzaren erregimenari jarraipena ematea hitzartu zuten El Pardoko Itunean. Sagastak eskuratu zuen berriro gobernua.
Liberalek egonkortasun politikoa eta ekonomiaren susperraldia ekarri zituzten. 90eko hamarraldian alderdien txandakatzea zorrotz bete zen, baina alderdi biek zailtasun politiko, ekonomiko eta sozial gogorrak izan zituzten. Azken kolonien galerak berebiziko garrantzia izan zuen, Berrezarkuntzaren lehen krisia piztu baitzuen: 98ko krisia.
1895ean, Estatu Batuen laguntzarekin, independentziaren aldeko gatazka armatua hasi zen berriro Kuban eta Filipinetan. Pariseko Bake Hitzarmenaren bidez, Espainiak Estatu Batuen esku utzi zituen Puerto Rico eta Filipinak. Azken kolonien galerak bertako merkataritzaren monopolioa galtzea ekarri zuen eta pesimismoa nagusitu zen Espainian. Erregenerazionismoak, Berrezarkuntza sistema berritzea proposatzen zuen arazo larriei aurre egiteko.
Alfontso XIII.aren Erregealdia eta Gainbehera
Alfontso XIII.aren erregealdian Berrezarkuntza sistemak gainbehera egin zuen. Txandakatze sistemaren krisiak, langile mugimenduak, nazionalismoak eta Marokoko gerrak porrot egitera eraman zuten sistema:
- Bartzelonako Aste Tragikoa: Marokoko gerraren kontrako matxinadak.
- 1917ko krisia: Hiru protesta (militarra, parlamentarioa eta langileen greba orokorra).
- Annualeko hondamendia: 8.000 soldadu hil ziren Marokoko gerrako batailan.
Sistema erreformatzeko saioek porrot egin zuten eta Primo de Riveraren diktadurarekin amaitu zen Berrezarkuntza.