Axular: Bizitza, Gero liburua eta Sarako Eskola
Axular (Urdazubi, 1556 - Sara, 1644)
Axular, jaiotzez Pedro Agerre, euskal literaturako obra nagusienetako baten egilea da. Maria de Azpilkueta eta Pedro de Axular izan zituen guraso. Nahiz eta lehen abizena Agerre izan, garaiko euskaldun askok bezala, Axular jaiotze baserriaren izenaz sinatzen zuen.
Axularren Bizitza eta Heziketa
Axularren haurtzaroko urteei buruz gutxi dakigun arren, Salamancan batxilergoa eta Teologia ikasi zituela jakina da. Itziar Mitxelenak (1974: 85-88) datu eta dokumentu ugari eskaintzen ditu gai honen inguruan. Salamancara joan aurretik, teologia-ikasketetara bideratutako heziketa jaso zuela pentsa daiteke. Ziur aski, gaztelania eta latinaren jakintza Urdazubiko monasterioan eskuratu zuen, "oinarrizko letretan lehenengo eta gramatika eskolan edo parekoren batean gero" (Salaberri, 1997, 153).
1584an Iruñeko apezpikuak Axular subdiakono ordenatu zuen. 1596an diakono izan zen Leridan, eta urte berean apaiztu zen Tarbesen. Ordena txikietatik handietara denbora luzea igaro zen, eta tarte horretan Salamancan ikasketak egin zituela uste da. Manuel Lecuonak (Mitxelena 1974: 85) adierazi zuen lehen aldiz Axularrek batxilergoa eta unibertsitate-ikasketak Salamancan egin zituela. Geron bertan agertutako Zumel merzedarioaren izenak hala egiaztatzen du. Zumel Salamancako Unibertsitateko Arteetako irakasle izan zen 1580tik 1601era (Salaberri 1997: 173). Itziar Mitxelenaren (1977: 57-68) ikerketek argi utzi dituzte Axularrek Salamancan emandako urteak. 1587tik 1591ra arteak ikasi zituen, eta, garai hartako matrikula-zerrendek erakusten dutenez, 1591-1595 urteetan Teologia ikasten aritu zen. Unibertsitatean sartzeko latina jakitea ezinbestekoa zen, eta, beraz, Axularrek latina bazekiela ondoriozta daiteke (Salaberri 1997: 153).
Luis Villasantek (1972: 74) baieztatzen duen bezala, Salamancako ikasketek eragin handia izan zuten Axularrengan. Azpimarratzekoa da, bereziki, teologia eskolastikako gaiak tratatzeko zuen joera. Axularren izena kondairetan ere agertzen da; José M.ª de Azconak (1919: 53-57) Salamancako haitzulo batean gertatutako pasadizoak kontatzen ditu, non Axular deabruari joko txarra egin zion gizon bizkor gisa azaltzen den.
Sarako Erretore
Ordenatu bezain laster (1596), Donibane Lohizunera joan zen bizitzera Axular. Han, eliza-kargurik izan ez arren, lau urtez aritu zen predikari. Baionako apezpikua Bertrand d’Echaux zela, Sarako erretoreak, gaixotasuna eta zahartasuna zirela medio, karguari uko egin zion. Hori zela eta, Baionako apezpikuak, 1600. urtean, Axular Sarako erretore izendatu zuen. Izendapenak istiluak sortu zituen, Juan de Harostegui apaizak Axular kargutik kentzeko ahaleginak egin baitzituen, Axular nafarra izanik, Frantzian erretoregoa izateko eskubiderik ez zuela argudiatuz. Axularrek, ordea, Enrique IV.arengana jo zuen, eta erregeak *Lettres Royales* (Urquijo 1911: 554) dokumentua eman zion. Eginkizun hori Axular Parisera joan zelako susmoa baieztatzeko erabakigarria izan daiteke. Enrique IV.aren erantzuna argia izan zen: Nafarroako erreinua bidegabe kendu ziotenez, Sarako erretorea izateko Axularrek ez zuen frantses herritartasunik hartu behar. Axular Saran egon zen hil arte (1644), 40 urte baino gehiagoz. Hango elizan irakur daitezke Bonaparte Printzeak jarritako hitzak: “Pedro Axular euskaldun izcribatzailetatic iztun ederrenari, ni Luis Luziano Bonaparte euskarazaleak au ipini nion. Ez dago atsedenik ta odei gabe egunik, zeruetan baizik. 1865” (Irigaray, 1953, 2)
Axular eta XVII. mendeko Euskal Literatura
XVII. mendean, protestanteekiko istiluak amaituta, katolikoek nagusitasuna berreskuratu zuten. Ondorioz, Trentoko Kontzilioaren aginduak hedatu ziren. Idatzi erlijioso eta didaktikoen ugaritzeak, sorginkerien kontrako eraso eta errepresioak, eta kostaldeko garapen ekonomikoak Lapurdiko euskal literaturaren gorakada bultzatu zuten. Lurralde katolikoetako literaturan, aszetika eta mistika nagusitu ziren. Sarasola izan zen Axularren barrokotasunaz hitz egin zuen lehen ikerlea, mende hartako estiloa horixe zela nabarmenduz (1971). Kortazarrek barrokismo mugimenduaren eredu aipagarrienatzat jotzen du Axular. Bere ustez, euskal barrokoaren eredua Geron gauzatu zen: “...ezagunak dira joskeraren moldaera trebeak, kontzeptu dantzak, espresiobideen ugaritasuna, sinonimo pilaketa, hiperbatonaren erabilera eta oparotasunean oinarrituriko hizkera.” (Euskaltzaindia 95).
Sarako Eskola
Garai hartako euskal liburuak aztertuz gero, Sara, Ziburu eta Donibane inguruan bizi ziren idazle batzuen arteko harremana agerian geratzen da. Materre, Ziburuko Etxeberri, Pierre Arginarats, Hirigoiti, Jean Haranburu… elizgizonak ziren gehienak, ikasiak eta euskaltzaleak. Villasantek zioen bezala: “bide urratzaileak izandu ziren XVII. mendeko idazle haiek. Hasiera guztiak gaitzak eta oztopoz beteak izaten dira. Eta orduan ere hala izan zela garbi aitortzen du Axularrek” (1972: 93). Axular da Sarako eskolako egilerik nabarmenena, korronte bat sortu zuela esan daiteke.
"Gero" Liburua
Urdazubikoak Gero, bi partetan, partitua eta berezia izeneko obra bakarra idatzi zuen. Bordelen argitaratu zen lehen aldiz 1643an, egilea hil baino urtebete lehenago. Harrezkero, liburuak argitalpen ugari izan ditu, eta obra horren inguruko ikerketak eta itzulpenak asko izan dira. “Irakurtzailleari” eskainitako hitzaurrean, lagun arteko tertulia batean zegoela, liburua idazteko asmoa nola sortu zen azaltzen du: “… etzuela deusek ere hanbat kalte egiten arimako, eta ez gorputzeko ere, nola egitekoen geroko utzteak, egunetik egunera, biharretik bihararrera luzatzea.” (Axular 1976: 13). Liburua euskaraz idazteko premia ikusita, Axularri egokitu zitzaion egitekoa. Gero hirurogei atalez osatutako aszetika liburua da. Axularrek irakurlea konbentzitu nahi du, haren ekintzetan eta moralean eragin nahi du. Horregatik, askotan egileak ematen dituen gomendioak maila erlijiosotik atera eta gizarte-arlora iristen dira (Salaberri 1997: 34). Idazle trebe eta oparoa, predikari sutsua eta goi mailako prestakuntzadun elizgizona izan zen Axular.