Auvers-eko Eliza: Van Goghen Maisulana
Auvers-eko Eliza: Van Goghen Maisulana
Sarrera
Auvers-sur-Oise, Pariseko ipar-mendebaldeko herri bat da. Gaueko argiek beti piztu zuten Van Goghen interesa, bai izarren argiek (Gau Izartua), bai argi artifizialek (Arlesko Terraza) ere.
Margolanaren Deskribapena
Margolan honetan, berriz ere, Van Goghek gaueko argia islatzera jotzen du, kasu honetan protagonista gisa Gotiko estiloko eliza bat (XIII. mendekoa) hartzen duelarik. Argi efektuaren eraginez, elizak itxura beldurgarria erakusten digu. Erori behar duen eraikin baten sentsazioa ematen digu Van Goghek irudikatu duen eliza honek, lurzoruak eta bi bideek sortzen duten presioaren eraginez, forma erabat bihurrietan gorpuztuta agertzen zaigu. Van Goghen pintzelkadaren eraginez, monumentu flamigero bat bihurtu zaigu Auvers-eko eliza.
Van Gogh eraikuntzak sortutako itzalaz ere arduratzen da; hau argi ikusten da margolanean agertzen zaigun bidean eta baita zelaian ere (kolore ilunagoak atzematen dira).
Aldiz, irudikatzen duen zeruak itxura nahiko laua erakusten digu, espiral itxurako pintzelkada erabili du, kolorearen intentsitatea adieraziz.
Aipatzekoa da, halaber, Van Goghek erabiltzen dituen koloreak oso pertsonalak direla, hau da, malba, berdea, horia… bere margolan gehienetan agertzen diren koloreak dira eta, ondoren, laranja koloreko azalerak gehitzen dizkio.
Margolan honetan, emakumearen presentziak (bidean zehar doan emakumea) bizitasuna eta errealismoa ematen dio eszenari.
Azken finean, multzo ezin hobea bihurtzen da Van Goghen koadro hau.
Testuinguru Historikoa eta Artistikoa
Bere bizitzako azken urteetan margotutako obra bat da iruzkingai daukagun hau, 1890. urtean egindakoa. Behin Frantziako hegoaldeko eritetxea utzi eta Frantziako iparraldera abiatu zen garaikoa, hain zuzen ere. Mihise gaineko olio bat da. Gaur egun, Pariseko Orsay Museoan aurkitzen da eta bere neurriak 94 cm bider 74 cm dira.
Vicent Van Gogh margolari holandarra 1853an jaio eta 1890ean hil zen, beraz, bizitza laburra izan zuen artista bat izango da. 37 urte zituela hilko da, bere buruaz beste eginda. Bere margolanetan, paisaia eta forma bihurriak nagusituko dira (aurrean daukagun margolanean gertatzen den moduan): sua botatzen duten altzifreak, lurrikara jasan duten lurzoruak, lerro bihurriko eraikinak… agian bere barruko ezinegonaren eta sentimenduen islada. Indar handiko formak eta koloreak errepikatzen dira bere obran zehar eta esan dezakegu, artistaren adierazpen subjektiboaren adibiderik onena dela Van Goghen obra guztia.
Margolan honen estiloari buruz esan, postinpresionismoaz, inpresionismoan oinarrituta, estilo pertsonalagoen bila abiatuko den pintura estiloa izango dela. Margolariak adierazpen modu berrien bilaketan murgilduko dira eta jadanik beraientzat errealitatea ez da hain garrantzitsua izango, baizik eta errealitate hori artista bakoitzak bere erara interpretatuko du.
Van Goghen Beste Lan Garrantzitsu Batzuk
Van Goghen beste margolan garrantzitsu batzuk aipatu ditzazkegu: Gau Izartua, Autoerretratua (hainbat egingo ditu), Ekiloreak (hainbat bertsio daude), Margolariaren Logela Auversen (hainbat bertsio daude), etab.
Postinpresionismoaren Beste Artista Batzuk
Van Goghekin batera, postinpresionismo estiloa jorratu zuten margolarien artean, Paul Cezanne eta Paul Gauguin frantziarrak ditugu.