Aurrekontu-saldoa: Defizit motak eta finantzaketa
Aurrekontu-saldoa eta oreka ekonomikoa
Zerga-politikak oso eragin desberdinak izan ditzake ekonomian, aurrekontuaren oreka zer nolakoa den kontuan hartuta; hau da, aurrekontua orekatuta dagoen (sarrerak = gastuak), defizita dagoen (sarrerak < gastuak) edo superabita dagoen (sarrerak > gastuak).
Defizit motak: ziklikoa eta egiturazkoa
Ekonomian, bi defizit mota nagusi sor daitezke:
- Defizit ziklikoa: Ekonomia-zikloan halabeharrez gertatzen diren atzeraldietan sortzen da. Aldi batean soilik irauten du. Izan ere, Estatuak esku hartzen du, ekonomia suspertzeko eta ekonomia-eragileen konfiantza berreskuratzeko. Horretarako, zorpetu egiten da, eskari agregatua susta dadin. Horregatik, hazkunde-aldietan desagertu egin ohi da defizit hori, Estatuak sarrera handiagoak lortzen baititu. Esan daiteke defizit ziklikoa berez sortzen dela edozein ekonomiatan.
- Egiturazko defizita: Defizit iraunkorra da, eta ia enplegu-beteko egoeretan ere iraun ohi du. Egiturazko defizita oztopo handia da ekonomia-garapenerako, Estatuak etengabe hartu behar baititu bere gain zorraren kostuak.
Defizit publikoa finantzatzeko bideak
Defizit publikoa finantzatzeko, honako jokabide hauek izan ditzake Estatuak:
- Zor publikoa jaulkitzea: Banku bati mailegua eskatzen diogunean bezala, Estatuak ere dirua eskatzen die enpresa eta partikularrei titulu-balore jakin batzuen truke. Titulu-balore horiek eskubidea ematen diete edukitzaileei diruaren adostutako interes finko bat jasotzeko. Altxor Publikoa deritzon erakundeari dagozkio eskumenak.
- Zergak igotzea: Zergak igotzea edo beste zerga batzuk ezartzea gehiengoaren nahiaren aurkako neurriak izaten dira. Gainera, ondasunen eta zerbitzuen eskaria jaistea eragiten dute. Hori dela eta, neurri horiek ekonomia-zikloaren hedaldietan aplikatu ohi dira, gizartean ondorio arinagoak dituztelako.
- Zirkulazioan dagoen diru-kantitatea handitzea: Prezioen igoera ekarri ohi du (inflazioa); estatuek zuhurtzia handiz aztertzen dute ezarri edo ez. Eurogunean, egonkortasuna bermatzeko, Europako Banku Zentralak soilik erabaki dezake neurri hori gauzatzea.